GALDER PEREZ
IRITZIA

Elektrizitatea

Hauteskunde eguna da gaur. Zenbat zirkuitu, zenbat tentsio, zenbat deskarga. Batzuei bateria agortu zaiela dirudi eta beste batzuei, berriz, sekula bukatuko ez zaiela ematen du. Kanpaina itsusi honen hasieran batzuek elektrodo moduko bisitak egin zizkiguten; deskargen ordez, karga, polizialekin noski, haien betiko entxufeak ondo babesteko edo bestela gure hatzak entxufe batean sartzera animatzeko. Beste batzuek, berriz, nahiago izan zuten elektrizitatearen eta energiaren sinboloari beste irudi bat eman bizikleta estatikoan bidaia abiatuz. Horrela hasi zen kanpaina honen kable luzea eta gerokoak gero etorri dira, ikusi bezala.

Kargarik karga eta tentsiotik tentsiora, gaur batek baino gehiago jasoko du karranpa. Hala ere, ez dezagun ahaztu, gaurko egunaren boltajea ez da gure barreneko energiari dagokiona. Korronteen analisia eginez gero, gaurkoak zerikusi handiagoa du hilero ordaintzen dugun fakturarekin barrenetik sortu nahi dugun energiarekin baino. Horiekin guztiekin, haien lagunekin, babesleekin, borreroekin, jabeekin eta konplizeekin.

Horregatik, gaurko egunari begiratu beharrean, biharko egunari begiratzea nahiago. Kar-kar! Politikariaren hitzak dirudite, bai, «bihar bertan lanean hasiko gara eta txor-txor». Baina biharko benetako egunaz ari naiz. Balio duenaz, mugitzen gaituenaz, gure arnasaren gainean ari den egunaz, hain zuzen ere. Bihar, apirilaren 29a, nazioarteko dantzaren eguna da. Dantza, zergatik ez, politika ere badelako. Botere gosez daudenek dantza, adierazpen edo arte bezala baino, akordioetarako mugimendu gisa ulertuko dute. Zer eta bikote, hirukote edo laukote bilaketarako ulertuko dute dantzaldia: hutsa eta zuria. Haien gogoko dantza bakarrak, hortaz, ezpata-dantza eta makil-dantza izango dira.

Gaurko eguna ospatu beharrean, ospa dezagun biharko eguna. Egunero dantzatuko bagenu, ez genituzkeelako jasotzen ditugun deskargak eta tentsioak jasoko. Gure gorputzari nahi bezala adierazten utziko bagenio, errazago elkar ulertuko genuke. Oraintxe hanka-puntetan jarri eta balleta dantzatuko nuke pozarren eta nireak egin Billy Ellioten hitzak. Dantzatzen duenean sentitzen duena deskribatzeko, hasieran kateatuta sentitzen dela dio.

Gero, mugitzen hasten denean mundutik desagertzen dela onartzen du. Inguruko dena ahazten du ondoren, bere gorputz osoa eraldatuz. Sua izango balitz bezala, bere burua hegaz egiten ikusten du, txoria da, eta hor dator, elektrizitatea! Zea Maysek ere ezin ederrago kantatu zigun aspaldi «elektrizitatea banaiz, elektrizitatean banaiz, lurrean idatzirik geldituko naiz». Gu ere elektrizitatea gara. Ospa ditzagun askatasunera bideko korronteak eta energiak.