Iraia Oiarzabal
zumarragako aRcerlorren ondare grafikoa

Altzairuzko erraldoi baten azken txinpartak

Munstro industrial bat ageri da errepide ertzean. Zumarragara sartzen ari zara. Altzairu-fabrika erraldoia izan du herri honek bere bereizgarrietako bat. Ez denen gusturako. Estetikoki zatarra, herria grisez margotu duena, tximinietatik ke lodi eta kutsatzailea botatzen zuena... 2016an itxi zituen ateak behin betiko, ehunka lagun langabezian utzita. Baina badu bere ondare grafikoa, eta nolabait altzairuaren edertasuna biluzten du.

Gurea herri industriala da. Hala irudikatu izan dugu behintzat. Eta hala identifikatzen dute ere Euskal Herritik kanpokoek. Paisaia berde eta urdinen artean fabrika handi eta indartsuak dituen lurralde txikia. Hala, naturak edertzen duen postaletako ikuspegi horren atzeko bisaia jaso nahi izan du Javi Alonso argazkilari zumarragarrak. Industriaren eremu grisean murgildu eta horren bizia argazkietan agertu du. Eta emaitza, grisetik askoz harago doa; kolore biziak dakartza, berotasuna. Are gehiago, altzairuaren industria irudikatzean inork gutxik pentsatuko lukeen beste zerbait ere bai: edertasuna.

Arcelor Mittaleko langilea zen Alonso. Hasieran logistika arloan aritu zen eta mantentze lanak egitera pasatu zen gero. Argazkilaritza du pasio eta laster ikusi zituen bere buruan eremu zabar horrek emango zizkion argazkiak. Kamera aldean hartu eta urte luzez aritu zen bere denbora librean fabrikan argazkiak egiten. 2009. eta 2016. urteen artean milaka aldiz kliskatu zuen kamera eta azken emaitzak 60 bat argazki ikusgarri utzi ditu, estatu mailako eta nazioarteko lehiaketetan hainbat sari eta ohorezko aipamen jaso dituztenak. Erreportaje honetan daude horietako batzuk.

Infernura jaitsi eta bizitza topatu. Ia 300.000 metro karratuko eremua hartzen du Arcelor Mittal zenak. Orain, hutsik eta abandonatuta dagoen munstro industriala, segurtasun langileren bat instalazioak zaintzeko eta txatar biltegia; horixe da gelditzen dena. Egoera oso bestelakoa zen Alonso argazkiak egiten hasi zenean. 2009 hartan produkzioa bete-betean zegoen altzairutegian. Eskualdeko enpresa garrantzitsuenetako bat zen eta ehunka langile zituen; 300 bat lanpostu zuzen eta zeharkako 200 izango zituen azken urteetan.

Horietako askok altzairua zuten eguneroko tresna. Goizean, arratsaldean edo gauean, hiru errelebotan egiten zuten lan. Lantegira iritsi, material bereziarekin egindako buzoa jantzi, eskularruak, maskara eta kaskoa ipini eta barrura. Aurrean zortzi orduko lanaldia, tenperatura itogarriak eta material arriskutsua esku artean. Altzairua egiteko «salda» manipulatzen ari zirenean, tenperatura 700 gradura irits zitekeen. Gero, hura hozteko beste eremu batera pasatu beharra zegoen. Txatarra egiteko materiala ere moztu behar izaten zuten... Kosta egiten da hango jarduna imajinatzea eta Alonsoren lanak hori lortu du. Txinparta, su, kasko eta txatarrez betetako eraikin zabar horretan bizitza bazegoela erakustea.

Kanpotik ikusita, lantegiko tximiniek botatzen zuten ke ilunak ematen zuen atentzioa. Ez zen batere ikusmira atsegina Zumarragara sartzean aurkitzen zena, eta oraindik ere hor dago. Txatarra alboetan bilduta, zikintasuna zerion paisaiari. Klixe horiek apurtu nahi izan ditu Alonsok lan honekin. Eskualdean altzairutegiak izandako ospe txar hori irauli eta altzairua egiteko prozesuaren testigantza jaso du. Eta askoren harridurarako, prozesu horrek irudi ederrak utzi ditu.

Beste proiektu bat ere bazuen Alonsok, altzairugintzaren alde humanoena erakustea. Alegia, aurpegiak erakustea. Neurri handi batean, lankideen laguntzari esker eraman zuen aurrera bere lan grafikoa. Batzuekin behin baino gehiagotan hitz egina zuen han gertatzen zenari aurpegia jartzea polita litzatekeela. Asmo frustratuan gelditu zen, 2016an iragarri baitzuen enpresak lantegia itxiko zuela. 200 langile inguru gelditu ziren kalean. Munstro industrialak bertan jarraitzen du.