2019/06/30

Mark Deuze
 
«Teknologia berrien garapenarekin gero eta garrantzi handiagoa hartu beharko luke bihotzetik egiten den kazetaritzak» - Mark Deuze
Maider Eizmendi
066_deuze1

Azken urteotan kazetaritzak izan duen bilakaeraren inguruan sakontzen hasi eta segidan agertzen da bere izena. Mark Deuze Amsterdamgo Unibertsitateko irakaslea da eta komunikazio gaietan aditua. Hainbat ikerketa eta libururen egilea, Bilbon egindako Espainiako Kazetaritza Elkartearen nazioarteko 25. biltzarrean hitz hartu eta azken urteetan sortzen ari diren kazetaritzako start-up ugarien gainean jardun zuen. Gai horren gainean Tamara Witschgerekin batera egin duen ikerketak azaroan ikusiko du argia “Beyond journalism” izenburupean kaleratuko duten liburuan, baina bertan jasotako ondorio nagusiak aurreratu zizkien Bizkaia Aretora hurreratutakoei.

Deuzeren esanetan, lanbidean, negozioan, teknologian eta gizartean izandako eraldaketa sakonen baitan, ezinbestekoa da kazetaritzaren ikuspegi mugatuetatik haratago mugitzea. Hain zuzen ere, bide horretan gertatu den eraldaketetako bat start-up kulturaren sorrera dela dio. 2014an hasi zen ikerketa lerro horretan sakontzen Deuze, Ameriketako Estatu Batuetan lanean aritu ostean Herbehereetara itzuli eta kazetariak batzen zituzten start-up ugariek atentzioa emanda. «Gerora konturatu nintzen ez zela bertako berezitasuna, fenomeno globala zela. Ikasleen laguntzarekin egonaldiak egin ditugu hamabi herrialde desberdinetako 30 bat proiektuetan fenomenoa aztertzeko», azaldu zuen. Kolonbia, Nepal, Uganda, Kuba, Italia, Danimarka edota Australian izan dira, besteak beste, eta 140 bat pertsona elkarrizketatu dituzte.

Indarra hartzen joan den joera izanagatik, hizketaldia abiatu eta berehala onartu zuen Deuzek ez duela inondik ere uste starp-up enpresena dela kazetaritzaren etorkizuna. Azaldu zuenez, euren ikerketaren helburua etorkizunean kazetaritza zer-nolakoa izango den asmatzen saiatzea izan da, ez horrenbeste ekimen zehatzek dirua zer modutan irabazten duten edota egungo ekonomia ereduan nola irauten duten ezagutzea. «Kazetaritza aldatzen ari da, baina aldaketa bera ez da notizia, aldaketa etengabea duen arloa baita komunikazioarena; orain, ordea, modu askotan eta aldi berean ari da gauzatzen fenomeno hori», esan zuen.

Kazetaritzaz galdezka gerturatu zen start-up ugaritara eta unibertsitateko lehen mailako ikasleek eman zitzaketen erantzunak hasi zen jasotzen. ‘Kazetaritzaz zerk haserretzen zaitu?’, galdegin zien orduan. «Lanbideak demokrazian duen garrantziaz dauden ideiak edota objektibotasunaren ingurukoak berniz geruza bat baino ez dira, azpian, izan ere, kazetarien benetako identitatea dago: pasioa duten pertsonak, emozionalak, konprometituak, mundua aldatu nahi dutenak», nabarmendu zuen.

Hain zuzen ere, lanbidearen alde emozional hori izan da, Deuzeren esanetan, ikerketa honek eskaini dion irakaspenik garrantzitsuena. Izan ere, orain artean ez zuen inoiz ikasleekin arlo hori jorratu, irakasle izan zituenek landu ez zuten moduan. «Kazetaritzan aritzen direnak pertsonak dira eta euren emozioak, sinismenak, pasioak... dira kazetaritza lanari egiten dizkioten ekarpenak. Azken finean, horiek guztiek eramaten dituzte kazetari izatera».

Zentzu horretan, «bihotzarekin egiten den lanaz» asko ikasi duela aitortu zuen Deuzek, «emozioekin zerikusia duenarekin». Arlo horrek «teknologiaren garapenaren baitan oraindik ere garrantzia handiagoa hartu» duela ere ohartarazi zuen.

Bihotzarekin egiten den kazetaritzaz mintzatu zara. Aginte postuetara ez iristeko emakume kazetariei eta ikerlari askori jarri izan zaien aitzakietako bat sentimenduak azaleratzeko omen duten joera eta hori objektibotasunarekin uztartzeko zailtasunak dira. Argudiaketa hori, horrenbestez, funtsik gabekoa da erabat, ezta?

Egiten den lanean zure sentimenduak txertatzea ez da emakumeei dagokien zerbait, sentimenduak pertsonei atxikita daude-eta. Gero eta emakume gehiago daude erredakzioetan eta uste dut horrek lagun dezakeela gizonei sentimenduak azaltzea zerbait normala dela ulertarazteko; horrek kazetari hobe bihurtuko ditu. Baina kazetaritza ez da femeninoagoa izango konturatzen ez bagara sentimenduek ez dutela zerikusirik generoarekin, gure begiradarekin baizik. Emakume bati begiratzen diogunean, sentimenduak ikusten ditugu; aldiz, gizon bat haserre ikusten dugunean, sentimenduak beharrean maskulinotasuna ikusten dugu. Nire ustez, lotura bat dago emozioen eta komunikabideen kalitatearen artean. Start-up-etan ez dute beldurrik emozioez hitz egiteko eta niretzat irakaspen handia izan da. Komunikabideetako arduradunekin ere hitz egin izan dut gai honen inguruan eta galdetzen diet noiz izan den azken aldia kazetariei zergatik egiten duten lan komunikabidean galdetu ziotela. Ohikoa da lan-elkarrizketan ‘zergatik egin nahi duzu lan komunikabide honetan?’ galdetzea, baina gero ez da berriz ere horretan sakontzen. Norberak bere buruari galdetzea ere baliagarria da oso; azken batean, erantzunetako bakoitzean historia pertsonal bat ezkutatzen da eta horiek ezagutzea guztiz baliagarria da kazetari on bat izateko.

Nola uztartu nork beretik emate hori, kazetaritzan eskatzen den objektibotasunarekin?

Zure pertsona egiten duzun lanean jartzearen eta zure iritzi pertsonala ematearen artean aldea dago, eta horixe da, hain justu ere, nire ikasleei azaldu behar diedana. Izan ere, euren agenda pertsonala garrantzitsua da, baina horren gainean soilik idatzi nahi baldin badute, ez dira kazetari onak izango.

Zoriontasuna eta pasioa. Sentimenduei helduta ere, zoriontasunaz mintzatu zen Amsterdamgo Unibertsitateko irakaslea Bilbon. Izan ere, euren ikerketa lanean elkarrizketatutako pertsonetako askok egin zioten sentimendu horri erreferentzia start-up baten baitan lan eginez sentitzen dutenaz galdetutakoan. Deuzeren iritzian, euren izana egiten duten lanean sartzeko aukerarekin du zerikusia ideia horrek, «ez direlako sentitzen mugatuta edota baldintzatuta markaren arauengatik edota erredakzioko arauengatik». Pertsonengatik interesatutako pertsonek egiten duten kazetaritza da eurena, adituaren esanetan.

Elkarrizketatutako asko pasioaz mintzatu zitzaizkion, eta hori, Deuzeren iritzian, inspirazio iturri eta ardura eragile ere bada: «Start-up askok ez dute iraun eta hori ez da soilik arrazoi ekonomikoengatik izan, irabaziak hasieran ere eskasak direlako, baizik eta pasioa mantentzeko zailtasunengatik». Izan ere, Deuzeren esanetan, pasioa «muturreko emozioa» den neurrian, ezin da modu mugagabean mantendu. «Une batean itzali egiten da, gainerakoan kontsumitu egingo gintuzke-eta», aitortu zuen.

Kazetaritzako balioen aldaketa bat sumatzen duzu?

Ez dira balore berriak asmatu behar, uste dut ezin direla asmatu. Arazoa da horiek nola eraldatu daitezkeen eta audientziari nola azaldu ahal zaion bakoitzak egiten duen lanaren zergatia. Adibide bat jartzeko, freelance [modu autonomoan eta independentean lan egiten duen profesionala] gisa lan egiten duten kazetarien inguruko azterlan baten ondorio garrantzitsuenetariko bat izan zen beharrezkoa dela une oro zer eta zergatik egiten ari diren jakitea. Garrantzitsua ez da egunkari edo produktore bati saldu nahi diozun historia, baizik eta zein den lan horrekin hartu nahi duzun norabidea. Kazetariak istorio zehatzaz haratago pentsatu behar du, ulertu zerk arduratzen duen, zergatik egiten ari den egiten ari dena, lankideei eta arduradunei nola azaldu, baita herritarrei ere... Azken finean, egiten duzun horren gaineko ardura hartu. Hori funtsezkoa da.

Teknologia berrien garapenarekin kazetariek publikoarekin eta azken horiek komunikazio taldeetako langileekin harremantzeko aukerak ugaritu egin dira. Deuzek azaldu zuen moduan, gaur egun audientziek gehiago konektatzen dute sinadura zehatzekin markekin baino, konfiantza handiagoa dutelako pertsonengan erakundeengan baino. Baina horrek, noski, erantzukizuna ere sortzen du kazetariengan: «Kazetaria bazara eta zerbait argitaratutakoan jendea zurekin harremanetan jartzen bada –idatzi egiten dizu, Twitter mezu bat bidali...–, horren aurrean ardura bat duzu eta ez dakit horren kontziente ote garen». Bere ustez, joerak gero eta agerikoagoak dira kazetaritzan, «baina egoerok modu egokian bideratzeko beharrezkoak diren tresnak, izan materialak zein emozionalak, ez dira landu; kontuan izan behar da, izan ere, kazetariak nola babestu behar duen bere burua edota nola kudeatu behar duen norabide horretan balitzen duen denbora».

«Start-up»-ak ez direla kazetaritzaren etorkizuna aipatu duzu. Ez da erraza aldaketa sakonean sartuta den komunikazio arloaren geroa aurreratzea, baina zein norabidetan marrazten duzu zuk zeuk etorkizuna?

Nik uste etorkizuna dauden kazetaritza moduen aniztasuna ulertzea dela. Kazetaritza ez da gauza bakar bat, ez da inoiz izan, baina egun gauza desberdin asko dira kazetaritza eta beharrezkoa da aniztasun horiek guztiak ulertu eta azaltzea. Norbanakoek sortutako start-up-ak ez dira etorkizuna, baina bide bat zabaldu dute; izan ere, ixten den ekimen bakoitzeko ehunka sortzen dira. Herrialde batzuetan kazetaritza-taldeak ere euren erakundeen barruan start-up-ak sortzen ari dira, Australian, Eskandinavian, Ingalaterran edota Ameriketako Estatu Batuetan adibidez. Kasu gehienetan ez dute aurrera egiten, baina berrikuntzari tarte zabalagoa eskaintzen diote eta hori da etorkizuna. Izan ere, kazetaritzan aritzen diren erakundeek gauzak gerta daitezen utzi behar dute, dutena babesten tematu gabe. Hori ohiko joera da komunikabideen kudeaketan. Edozein komunikazio-korporaziok bi gauza egin behar ditu aldi berean: funtzionatzen duena mantentzea eta gauza berriak asmatzea. Kontua da zaila dela gauza berriak asmatzea, are gehiago denbora luzean nagusi izan diren egunkarientzat. Dutena mantentzearen eta berritasunak asmatzearen arteko oreka mantendu behar dute komunikabideek, hor ikusten dut nik etorkizuna.

Amsterdamgo Unibertsitateko irakaslea kazetaritzaren etorkizunaren inguruko diskurtso teknologikoekin kritiko agertu da sarri. Deuzeren ustez, «pertsonez hitz egin» behar da gehiago: «Arlo digitalak asko erakartzen nau eta hogei urte daramatzat gaiaren inguruko ikerketan, baina kazetaritzak beti du zerikusia pertsonekin, kazetaritza egiten dutenak kazetariak eurak dira, ez drone edo robotak...».

«Edozein komunikazio-korporaziok bi gauza egin behar ditu aldi berean: funtzionatzen duena mantentzea eta gauza berriak asmatzea»

«Pasioa muturreko emozioa den neurrian ezin da modu mugagabean mantendu. Une batean itzali egiten da, gainerakoan kontsumitu egingo gintuzke-eta»