Gurutze Anduaga, argazkiak: Ed Jones I AFP

Paektu mendia, Ipar Koreako «lur saindua»

«Sakratutzat» dute ipar korearrek Paektu mendia. Bertsio ofizialaren arabera bertan jaio ziren Kim sagako liderrak eta milaka dira urte osoan erromesaldian bertaratzen diren herritarrak, haien jainko lurtarrak goratzera joandakoak. Habe espirituala da gerturatzen direnentzat Paektu mendiak iradokitzen duena.

Bertsio ofizialaren arabera, Paektu mendi «sakratuan», mendi etxola batean, jaio zen Ipar Koreako lider Kim Jong Un-en aita, Kim Jong Il buruzagi ohia. Paektura bidaian, halaxe dio gidari lanak egiten dituenak bertaratu bezain laster: «Ongi etorri gure iraultzaren lur saindura».

Ipar Koreako erregimena, ordea, ateoa da, soilik Jutxe ideologia du oinarri. Funtsean, hau da bere aldarrikapen nagusia: «gizakia da gauza guztien maisua». Metafora ia erlijiosoak entzuten dira Paektu mendiaren inguruan, Ipar Korearen eta Txinaren arteko mugan dagoen lokartutako sumendian, hain zuzen.

Ipar Koreako herritarren sehaskatzat hartzen da Paektu mendia. Historia ofizialaren arabera, bertan jaio zen Kim Jong Il, erregimenaren sortzaile izan zen Kim Il Sung-en semea. Urtero, milaka dira erromesaldian bertaratzen diren ipar korearrak, haien lider izan direnei gorazarre egitera.

«Kim Jong Il baldintza zailetan jaio zen», dio Kim Un Sim gidariak. «Ez zen luxuzko etxe batean jaio, egurrezko etxola batean baizik, non termometroek egunik hotzenetan zero azpitik 40 graduraino behera egin dezaketen».

Bere amak, Kim Jong Suk, belar lehorrekin eta artoarekin egindako zopa jateko aukera baino ez zuen, jarraitzen du gidariak. «Gerrillako borrokalariek negar egiten zuten gure jeneralak, hilabete gutxi batzuk zituenak, hain janari gutxi zeukala ikusterakoan. Jatekoak eta ahuntz esnea eramaten hasi ziren orduan», azaltzen du.

Gidaren arabera, haur hura jaio zen kanpaleku sekretua Kim Il Sung-en basea izan zen 1936tik aurrera, non erresistentzia organizatu zuen «azkenean herrialde osoaren askatasun historikoa lortzeko».

Koreako Langileen Alderdiak eta Kim dinastiak haien buruei zilegitasuna eman zieten eta erregimenaren burutzan jarri ziren independentziaren aldeko borrokan.

Paektu mendia Tangun erregearen jaiotza lekua ere bada, Koreako lehen erreinuaren fundatzailea. Kim Jong Il bertan jaio zela baieztatzeak bide ematen dio erregimenari Kim dinastiaren tradizio «sakratu» horri eusteko. Hortaz, Kim Jong Un, egungo liderra, “Paektuko leinuaren” oinordeko da.

Beste bertsioak. Atzerriko historialarien arabera, aldiz, Kim Il Sungek gerraren zatirik handiena kanpoan igaro zuen, Txina okupatuan zeuden indar japoniarren aurka borrokan, eta, ondoren, batailoi sobietar baten buru. Administrazio sobietarraren aburuz, Kim Jong Il Siberiako herri batean jaio zen, Viatskoien, 1941eko azaroaren 16an, Piongiangek ofizialki ezarritako data baino urtebete lehenago.

Gerraren ondoren –esaten die gidak Paektu mendira bertaratutako bisitariei–, kanpaleku sekretu hura abandonatu egin zuten eta basoak hartu zuen. Baina 1986an, Kim Il Sungek lekua ezagutu zuen eta hiru etxola eraikitzeko agindu zuen, erromesaldi leku izan zedin. «Ipar korear guztiek daukate leku sekretu hori bisitatzeko gogo bizia». Urtero 100.000 bat ipar korearrek egiten dute Paektu mendira bisita, baita inguruan dauden «erresistentziaren leku gorenetara» ere.

Kaki koloreko uniformez jantzita eta bandera gorria eskuan, erromesak oinez doaz mendiaren gailurrera, non Kim Jong Il-ek idatzitako esaldia irakur daitekeen: «Iraultzaren mendi saindua». Kantu patriotikoak kantatzen dituzte batzuek, kraterrean dagoen lakuan ospakizunetan murgiltzen dira besteak.

Erromesaldiak bizpahiru eguneko iraupena du langileentzat, baina lau astekoa izan daiteke ikasleentzat, boluntario joaten baitira asko proiektu desberdinetan parte hartzeko. «Denok behar dugu zutabe espiritual bat», dio Ri Yong Myongek. 30 urteko gaztea literatura korearra ikasten ari da Piongiangeko Kim Il Sung unibertsitatean, hamar urte armadan pasa ondoren. «Aberastasunaren eta ohorearen gainetik, ipar korearrek zutabe espiritual bat ikusten dute Paektun, mendi sakratua, gure liderren mendia».