Xole Aramendi, argazkiak: Conny Beyreuther
Elkarrizketa
itziar ituño

«Gatazka sozialak bizi dituen herriak asko dauka eskaintzeko, oso bizirik dagoelako bere minetan, bere zorionetan» - Itziar Ituño

Basaurin hartu gaitu. Kafetegira sartu eta barraren barruan aspaldi ikusi gabeko laguna aurkitu du. Goxoa, gertukoa da distantzia laburrean. Ur sakon bezain gardena erakusten dute bere begi marroiek, irribarre printzez jantziak.

Herrira itzultzea, etxekoen eta lagunen besarkaden beroa. Aingura. «Etxera bueltatzeak indartu egiten nau, birkokatu», aitortu digu. Maleta hartuta dabil azkenaldian, baina joan-etorrian. Madrilen hilabete dezente egin ditu, lanean. Ez da erraza izan. Beldurrei aurre egin beharra. «Hasieran pentsatzen nuen oso gogorra izango zela han egotea, etxetik kanpo, familiatik urrun... Madrilen bizitzeak aurreiritziak ere eragiten zizkidan. Baina gero gauzak beste era batera bizitzen dira», dio.

“La casa de papel” telesailaren laugarren denboraldiaren estreina ate joka dago. Apirilaren 3an estreinatuko da, besteak beste, Koldo Serraren zuzendaritzapean. Jarraitzaileak pozarren. «Ezin dut askorik esan. Ez dut ikusi, baliteke aurrez kapituluren bat erakustea taldekideoi, baina gainontzekoak Netflixen ikusiko ditut beste denok bezala», kontatu du.

Oparia izan ohi da edozein aktorerentzat hain interpretazio arku interesgarria eskaintzen duen pertsonaia gorpuztea. Raquel Murillo. Lisboa. Goxokia. «Eboluzio logikoa bizi du Raquelek. Bigarren denboraldian bere mundua apurtzen zaio, jada ez du legean eta ordenan sinesten. Ariketa handia egin eta kristoren buelta ematen dio bere bizitzari. Eta ez da maitasunagatik, hala balitz El Profesor-en alboan geratuko zen, baina ez, parte hartze aktiboa du».

Netflixeko ekoizpenaren nazioarteko arrakasta dela-eta tsunami bortitz baten erdian ikusi du bere burua. Erauntsiari ahal duen lasaien eusten dio, hankak lurrean sendo. Bere auzoa ez du saltzeko, bertan bizi da, amonaren etxean. «Euskal Herrian zaudenean defentsa guztiak bajatzen dituzu eta lasaitasuna hartzen duzu; estresa jaitsi egiten da, baita lanean ere», dio.

Munduak orain jarri dio aurpegia Itziar Ituñori. Euskaldunok aspaldi jarri genion telebistan zein zineman – “Goenkale”, “Loreak”, “Izarren argia”– sortu dituen pertsonaiengatik.

Euskal zinemaren loraldia gertutik bizi izan du. Zein dira horren atzean dauden faktoreak? «Konflikto asko egon dira hemen eta horrek eragin du gauzak oso azalean edukitzea. Dena irakiten dagoen herri batek, nahiz txikia izan, gauza asko sortuko ditu, bultzada dagoelako. Gatazka sozialak bizi dituen herriak asko dauka eskaintzeko, oso bizirik dagoelako bere minetan, bere zorionetan. Istorio horiek kontatzeko beharra daukagu eta elementu ugari, historia, mitologia, istorio txikiak... ‘Loreak’ filmak bere ibilbideko lehen saria Japonian jaso zuen. Zer bitxia. Herri moduan gauzak egiteko estilo propioa daukagu, gauzak kontatzeko ikuspegia, eta Japonian ulertu zuten!».

Bere lekua aurkitu du interpretazioan. Oso ume lotsatia izan zen basauriarra. Hainbeste, ezen irakasleak handitan zer izan nahi zuen galdetu eta Itziar txikiak «zinemako aktore» erantzuten zionean gainontzeko ikaskideen barreak entzuten ziren gelan.

Ametsa bete du eta baita bere ahotsa aurkitu ere. Non eta kameraren aurrean, agertokiaren gainean. «Nik sinesten dut bizitzak oreka topatzen duela. Pertsona lotsatia zarenean baxu hitz egiten duzu eta munduan ahots gutxi daukazu edo batere ez. Jendeak ez zaitu kontuan hartzen, zuk sentsazio hori daukazu behintzat. Eta ez zara ausartzen zure lekutxoa egiten, beti bigarren planoan geratzen zara. Nire kasuan zailtasun handia neukan. Aitak eta amak antzerkira eta zinemara eramaten ninduten eta aktore izatearekin amesten nuen. Baina kontraesana hor zegoen, ‘zelan egin hori?’. Antzerki Eskolan izena eman, joan eta beldurrei aurre eginez lortu nuen. ‘Pertsonaia da, ez ni’, pentsatzen nuen. Askatasun hori ematen dizu».

Libre olgetarako. «Nire lanbideak alde ludiko handia dauka eta horri esker ume izaten jarrai dezaket. Gure barruko umetxoa bizitzeko bidea zabalik daukagu aktoreok; nik jolasten jarraitzen dut».

Kaleko auzoko neskatila hartatik zer geratzen da? «Neskatila lotsati hura hor dago, batzuetan agertzen zait eta gorri-gorri jartzen naiz [barreak]. Eta ume garaiko lagunak mantentzen ditut kuadrillan».

Momentua bizi du Ituñok. Orain, ez atzo, ez bihar. Bidaia. «Zu ez zaren pertsona bat interpretatzen duzu. Zugandik defendatu behar duzu eta ulertu behar dituzu pertsonaiaren psikologia, motorrak, emozioak. Baina ez dute zertan zureak izan, hori ulertzea ariketa oso interesgarria da. Niretzat proiektu horretan denon artean kontatzen dugun istorioa da inportanteena, ez nire pertsonaiak kontatzen duena bakarrik», nabarmendu du.

Paper gainean irakurritako pertsonaiari egia ematea, hezur-haragizkoa egitea, horixe bere erronka. «Saiatzen gara! Goizeko 8etan tokatzen zaizunean, hor egia topatzea... [barreak]. Berdina etengabe errepikatzea, zinemaren eta telebistaren kasuan, gaitza da. Negarra hamar aldiz errepikatu behar baldin baduzu emozioa desgastatu barik... iturriak eta bideak topatu behar dituzu», azaldu du.

Pertsonaiaren alderdi psikologikoari tiraka hasten da batzuetan, fisikotik bestetan. Proiektuaren arabera. «Batzuetan alde psikologikoak ez dizu laguntzen. Eta buruarekin lortzen ez duzuna gorputzak berak lortzen du. Keinuetatik edo arnasketatik ailegatu zaitezke emozioetara. Beste batzuetan segituan sartzen zara. Egoera hori irudikatu eta berehala sentitzen dituzu motibazioa, emozioak...».

Zeure burua barkatu. Lanbidea, latza bezain ederra. «Alde oso gogorra dauka, autoestimari dagokiona. Lan-tresna zu zara eta kritika guztiak zeuregana datoz. Latza da, kudeatzen jakin behar duzu. Baita zure burua barkatzen ere. ‘Oraingoan ez badut ondo egin bihar hobeto egingo dut’. Beste batzuetan eder-ederra da aktore izatea. Istorio batean sartzea lortzen duzunean, magia sortzen denean, oso polita da, oso gustagarria».

Emozioak dira aktoreen lanabesa. Intimoa bezain zaurgarria. Hori kudeatzen jakin behar du aktoreak. Laguntzarik behar izan duzu? Pertsonaiaren batek ezegonkortu al zaitu? «Pertsonaiak ez, baina....». Zuzendariren batek? «Edo kideren batek», azkar dator erantzuna. «Kasu horretan nire lagunekin terapia egiten dut. Nire auzoan jende asko dago ERE-ekin, langabezian... nire penak kontatuz natorrenean ‘begira, zuk eskertuta egon beharko zenuke’, esaten didate. Beste ikuspegi bat ematen dizu. Hainbeste ego eta txorakeria! Gauzak erlatibizatzen laguntzen dizu [barreak]».

Zortedun sentitzen da. «Lana ere egin dut, jakina, baina gauzak ondo joan zaizkit. Aktoreona oso mundu arraroa da, eta injustua ere bai. Modan jartzen zaren ala ez, horren arabera gogoratzen dira zutaz. Nik ikusi ditut aktore itzel onak langabezian herri honetan, desesperatuta. Oraintxe bertan asko datozkit burura. Orain une gozoa bizi dut, baina batek daki! Plataforma berriekin egoera aldatu egin da, panorama zabaldu. Ea lan egiteko aukera gehiago sortzen diren... Izan ere, ETB zer zen eta orain zer den...», bota du.

Nazioarteko arrakasta 40 urteak beteak dituela etorri zaio. «Adin honekin, erlatibizatu egiten dut dena. Zoratu barik. Bestetik, egia da lehenago harrapatu izan banindu, agian aukera gehiago izango nituzkeela gauza gehiago egiteko. Eskaintzen zidaten guztia egiten aritu naiz, gutxi ailegatzen bazen ezin aukeratu. Orain aukeratzeko luxua daukat. Eta polita da».

Beti istorio erakargarriaren peskizan. «Nire irizpidea ez da zenbat diru kobratuko dudan, zer istorio kontatu gura dudan edo non egon gura dudan baizik. Orain, gainera, oso casting gutxi egiten didate. Zuzendariarekin elkartu, kafe bat hartu eta nahikoa. Zer casting ederra! Izan ere, castingena izugarria da. Azterketa da eta ezin duzu erakutsi zenbat dakizun, nerbioekin blokeatu egiten zara... Ez da batere gozoa», esan du.

Noizko komedia? «Bai, komedia egin gura dut. Grazia egiten ez duzunean ikaragarria da, latza, baina barre piloa egiten duzu!». (Patxo Telleriaren “Igelak” lanaren filmazioko une dibertigarriak datozkio gogora).

Emakume indartsuak. Aktoreak irrikatzen egoten dira beraiengandik antipodetan dauden pertsonaien larruan sartzeko. Zenbat eta arrotzago hobe. Emakume indartsuen larruan sartzea egokitu zaio Ituñori. «Serioak, indartsuak, sufrimendu asko dutenak. Nire aurpegia, ahotsa, begirada, ez dakit zer den... Eta ni justu kontrakoa naiz».

Nekane Beitiak zer eman dizu? «Trebatzeko aukera eman zidan, oso arin egin behar genuen dena, ez dakit zenbat sekuentzia goiz batean... Euskaldunberria izanda euskaraz lan egiteko aukera eta familia bat ere bai, halaxe ginen bertan lanean ari ginenok».

Lourdes (“Loreak”) etorri zen gero. «Ateak eta leihoak zabaldu zizkidan zentzu guztietan. Oso pozik nago pelikula horrekin. Batzuetan zaila egiten zait pantaila handian agertzen naizenean pertsonaiari erreparatzea, neure burua ikusten dut. Lourdesen kasuan, aldiz, bera ikusten dut, ahaztu egiten dut ni naizela. Ni Lourdesengandik beste muturrean nago, asko kosta zitzaidan ulertzea zeintzuk ziren bere motorrak emozionalki, zergatik egiten zituen gauzak. Nire lanik kuttunetarikoa da, hor daukat nire altxorra».

Eta Raquel Murillok zer eman dizu? «Lan piloa eman dit. Etxetik kanpo esperientzia berria. Era berean, sekulako ospea hartu duen serie batean parte izateko aukera». Eta kendu? «Askatasuna, asko. Ezin naiz ibili kalean normal. Anonimotasuna galdu dut eta jende asko hurbiltzen zait. Euren erreferente naizela esaten didatenean ardura sentitzen dut. Ni erreferente? Ni? Norena? Handi geratzen zait. Hurbiltzen direnei pertsona arrunta naizela erakusten diet eta pozik geratzen gara, lagun. Eta normalizatu egiten da dena».

Euskaldunok desberdinak garela esan izan dugu baina... «Lehen apur bat desberdinak ginen baina orain antzera gabiltza. Herrietako jaietan, leku guztietan, etorri zait adin desberdinetako jendea selfieak eskatuz. Hori bai, Ondarroan orain gutxi pertsona batek Nekane Beitia deitu zidan eta kristoren ilusioa egin zidan! Zer ondo!».

«Frontwoman». Musika arloan ere ari da bere bidea egiten, nahiz askok ez dakien. Erreparo handiagoa dio kantari bezala agertokira igotzeari. «Intrusa sentitzen naiz», aitortu du. Letrak sortzen ere hasia da. Dangilizke, EZ3Rock eta orain Ingot taldea. Brasilen izan ziren joan den azaroan. “Frontwoman” papera hartu du agertoki gainean Ituñok. Oso emakume gutxi dira. Are gutxiago Euskal Herrian. «Oso gaitza da! [barreak] Horregatik hasi nintzen, emakumeak falta direlako».

Emakumeon etengabeko borroka. Baita ikus-entzunezkoen alorrean ere. Duela urte batzuk gertatu zitzaion, hain garrantzitsua ez zen biluzi-eszena bateko bere argazkia filmaren kartelean ikustea. «Abisatu barik egin zuten. Tuntunagoa nintzen, orain jada ez, kontratuan sartzen ditut baldintzak eta kontuz ibiltzen naiz horrekin. Borrokatxoak egunerokoak dira lanean ere, soldatatik hasita. Konturatzen zara emakume aktore batzuek, nahiz protagonistak izan, gutxiago kobratzen dutela. Nik flipatu egiten dut horrekin, gaur egun oraindik horrela! #MeeToo egia hutsa da! Harremanek ere zerikusi handia dute, nor zaren, zelan esaten dituzun gauzak... kasu gehiago eta gutxiago egiten dizute. Zuzendari gehienak eta gidoilari gehienak gizonezkoak dira, beraz, oraindik badago sesgo hori. ‘Nik hau horrela ez nuke esango, sekulako matxistada iruditzen zait’, esan beharra izaten dugu. ‘La casa de papel’-en hirugarren denboraldian neskak elkartu ginen eta batzarra egin genuen gure artean. Nork bere kezkak agertu zituen eta ondoren batzarra eskatu genien gidoilariei. Eskertu egin ziguten. Gu beldurtuta ginen baina eurek oso harrera ona egin zioten eskakizunari».

Fokupean dago aktorea. Etengabe. Glamourra, alfonbra gorria, fokuak. Baina argia itzal bihurtzen da irudia gugana iristen zaigunerako. Distortsioa, benetako errealitatea, eguneroko ezintasunak ezkutatzeraino. «Lanbidearen zatia da promozioa, baina ez da gehien maitatzen dudana. Apur bat plastikozkoa da mundu hori. Sariena ere antzerako, dena da interesa. Glamourra? Miseria asko dago».

Aktorea pieza bat da, bat gehiago zuzendariaren esanetara. Egoa puztua dutenentzat zaplaztekoa. «Zuk aurpegia ematen duzu, baina zuzendariaren aginduetara zaude. Askotan gertatzen zaigu sortzaile moduan gure ekarpena egin nahi dugula, baina zuzendariak ez badauka interesik, hori zuretzat gorde eta berak gura duena egin behar duzu. Jakin behar duzu zure ikuspegia alboratu eta bere eskuetan jartzen. Eta kitto. Hori apaltasun ariketa handia da. Herri honetan horrela gertatzen da behintzat. Hemendik kanpo izarrak direnak gidoia aldatzen saiatzen dira protagonismo handiagoaren bila. Denetarik ikusi dut nik eta entzun ere bai. Divo eta divak egon badaude», kontatu du.

Lehia. Sistemak berak bideratzen ditu emakumeak euren arteko konpetentzia izatera. «Bai, ez dakit gizonei gauza bera gertatzen zaien», dio. Eta horrek ezinbestean baldintzatzen ditu euren arteko harremanak. «Itxuraz denok oso ondo moldatzen gara, baina badago lehia. Eta txorakeria itzela da, pertsona bakoitza den modukoa da eta ez dago beste pertsona bat iguala. Konta dezakezu istorioa aktore honekin eta bestearekin, baina istorioa diferentea izango da eta askok ez du hau ulertzen», azpimarratu du.

Emakume aktoreei egoera zaildu egiten zaie, eta adin batetik gorakoak izanik zeresanik ez... «50 urtetik 70era desagertu egiten gara, protagonista oso gutxi daude adin horretakoak. Hasi da apurtxo bat aldatzen baina ez guztiz. Badirudi emakumeok, adin batetik aurrera, ja ez daukagula interesik. Noski, sistema patriarkala da», esan du.

Sorgin ehiza. Une gogorrak bizi izan ditu Itziar Ituñok sorgin ehiza dela eta. Ezin ahaztu “La casa de papel”-en aurkako boikot deialdia preso politikoak Euskal Herrira hurbiltzearen alde agertzeagatik. «Lagun aktore batzuei gertatu ostean garbi ikusi nuen hurrengoa ni izango nintzela. Intuizioa neukan. Gertatu zen. Latza. Hasieran asko haserretzen zara –zer gorrotoa!– eta gero, maitasun olatua datorkizunean oso hunkigarria da. Eta hor apurtu egiten zara, hasten zara negarrez... Ni horrekin geratzen naiz. Alde ilunak oraindik jarraitzen du eta ez da guztiz pasa. Badakit non bizi naizen eta zer munstro dagoen aurrean. ‘La casa de papel’-en hirugarren denboraldia estreinatu zenean egon zen beste saiakera bat, baina ez zen inora joan. Kasurik ez nien egin! Willy Toledo aipatu nuelako lotsagabetzat jo ninduten. Eta pozgarria da Netflixek egin behar duen serie batean berak hartuko duela parte. 8-9 urte Espainian lan egin gabe eta Netflixek eman dio aukera. Pila bat poztu nintzen! Sinistu gura dut Neflix, plataforma gisa, horren gainetik dagoela, niri orain arte hori erakutsi didate».

Beti agertu du bere ideologia eta makina bat ekimenetan parte hartu. «Askok eurentzat gordetzen dute eta ulertzen duzu zergatik egiten duten, sufritu egiten baita. Izan ere, pentsatzen duguna esateagatik lana gal dezakegu. Baina egia da isiltasunetik ez duzula aurrera egiten, beldurrak geldiarazi egiten zaitu eta batzuetan aurre egin behar zaio. Gauza batzuen aurrean isilik geratzea... uf... oso zaila egiten zait. Etxean, gurasoengandik, jasotakoa dut. Baina hortik martiria bihurtzera edo ez dakit zeren abanderatua... pertsona publikoa bihurtzen zarenean zure irudia erabiltzeko joera dago hainbat frontetan. Eta horrek ere kantsatu egin zaitzake. Pertsona normal baten moduan trata nazaten nahi dut. Ospe gutxiago neukanean ez zen jendea etortzen hainbeste gauza eskatzera. Eta orain bai? Ni pertsona bera naiz. Interesak sartzeak ematen dit mina. Nik, bihotzetik ateratzen zaidanean, esango dut zertan inplikatu nahi dudan», esan du, tinko.

Sare sozialak. Ez da txantxetakoa Instagramen duen jarraitzaile kopurua. 2.400.000. Bere zaleek 29 profil sortu dizkiote. «Argazkilaritza beti gustatu izan zait eta helburu horrekin egin nuen profila, ez zeukan zerikusirik orain bihurtu denarekin. Behin ekitaldi batera ez ninduten gonbidatu ‘ez nintzelako mediatikoa’. Aitzakia ez izateko, nire lanen promozioa egiteko erabiltzea erabaki nuen. Eta pixkanaka igotzen joan dira».

Gogoan du behin Susan Sarandoni entzundakoa: «Aipatu zuen ekoiztetxeetan orain jarraitzaile kopuruak agintzen duela, ez interpretatzeko dohainak. Berdin plataformetan. Eta hotzikara ematen dit».

Ametsez galdetuta, bere desioa: «Gustura egingo nuke nazioarteko plataforma batean euskaraz serie potente bat. Bide batez bertakook lana izango dugu eta euskara lau haizetara zabaldu».

Kultur politikak –«porlanak garrantzi handiagoa du pertsonen arimak baino»–, musika proiektuak –Anne Etxegoienekin tartean–.... elkarrizketak jarraitu egin du hitz-aspertu atseginean. Ondoren, Basauriko kaleetan barrena galdu da. Aingura.

 

Itziar Ituño, la guerrera indígena que nació en Basauri

Texto: Koldo Serra

En mi memoria, Itziar siempre ha estado ahí, incansable, luchadora, trabajadora… hasta que el personaje de Raquel Murillo, una inspectora de policía que trata de impedir un atraco a La Casa de Moneda y Timbre, la puso en el disparadero para ser hoy conocida mundialmente. Supongo que no tengo que explicar a qué atraco me refiero.

Personalmente, no puedo estar más feliz por ello. Aunque lo que de verdad me alegra es que, pese a que sus fans se cuentan por millones en todo el planeta, Itziar sigue siendo la misma de siempre.

Y eso que Itziar y yo no nos conocemos «de siempre», algo que no necesito para poder afirmarlo. De hecho, no nos conocíamos personalmente hasta hace algo más de un año. Itziar es transparente y directa, entenderse con ella es muy fácil. Uno enseguida conecta con su simpatía, cercanía y nobleza.

Pero empecemos por el principio. El primer recuerdo que tengo de Itziar es de 1996. Servidor estudiaba Bellas Artes en la Universidad del País Vasco en la Facultad de Leioa. Estábamos en la especialidad de audiovisuales y, por supuesto, nuestras prácticas pasaban por dirigir cortometrajes. Dos compañeros de clase, Igor Legarreta y Emilio Pérez, pusieron un anuncio por las paredes de la universidad buscando actriz para su corto “Al, Ben & Gail”, corto que terminó protagonizando ella en el papel de Gail.

Todos soñábamos con poder vivir algún día de esto. Nosotros con dirigir algún día una película o serie de televisión, y ella con poder interpretarlas. Energía y pasión, todas las del mundo. El futuro, incierto.

Uno a veces reflexiona en lo complicado de esta profesión. Y es que, además de talento, hay que tener suerte y tropezar con un buen guion, un buen personaje o un proyecto que conecte con los espectadores. Alguien puede ser buenísimo en lo que hace y no tener la suerte de que su trabajo llegue al público.

Durante mis primeros años en Madrid, tuve un poco perdida a Itziar. Aunque sabía que estaba trabajando en “Goenkale”, no la tenía muy ubicada. Fue al ver “Loreak” de Garaño y Goenaga cuando aluciné con su trabajo cargado de fuerza y sensibilidad. Después volví a verla en “Lasa y Zabala” o en “Errementari” del amigo Paul Urkijo.

Y entonces aparece “La Casa de Papel”, Raquel Murillo hace acto de presencia y todo cambia. Y uno se alegra muchísimo por personas como Itziar. Cuando alguien tiene talento, lo maravilloso es pensar que el resto de mortales nos merecemos poder disfrutarlo.

Volviendo a lo personal, esta profesión ha hecho que Itziar y yo hayamos coincidido trabajando en la tercera y cuarta temporadas de “La Casa de Papel”. Como decía, no nos conocíamos y no habíamos trabajado juntos nunca. Pero la conexión fue total. Quizás porque los dos venimos de la misma zona, no lo sé, pero, desde el primer minuto, trabajar con Itziar ha sido un disfrute como director y como persona.

Como profesional, Itziar es una estupenda actriz, eso no hace falta que lo explique, capaz de entregarse tanto física como emocionalmente si uno se lo pide. Grandísima compañera, se deja la piel y el alma en todo lo que hace. Y encima lo hace muy bien. Como persona, solo puedo decir que me alegro de que nuestros caminos profesionales se hayan cruzado porque esto me ha dado la oportunidad de conocerla.

Como comentaba al principio, “La Casa de Papel” lo cambió todo pero, a su vez, no cambió nada. Pese al éxito (mundial, recuerdo), y el fenómeno que es a nivel popular la serie, Itziar sigue siendo la misma. Vive en el mismo barrio de siempre, es una mujer comprometida con el medio ambiente y los derechos de los indígenas del Amazonas, y lucha activamente por las causas que cree que hay que defender. Ah, y lleva el euskera por el mundo con su banda de rock, Ingot.

Ojalá nuestros caminos profesionales se crucen muchísimas veces. Lo de ser su amigo, lo tengo para siempre. Maite zaitut, Itzi!