JOKIN URAIN
IRITZIA

Urte berri

Etxeko kontuek, eguneroko ogiak, kafetxoak eta gauza xehe horiek, eta bizitza osoan zizelkatu ditugun ohitura batzuei astindu handirik gabe eusteak aski lan ematen digu, batzuei behintzat, eta, hori lortzen dugun neurrian, bertan goxo. Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut, edo sentitu egin dut –batzuetan ez dakit pentsamena eta sentimena zehatz bereizi ote daitezkeen– erosotasun horretan geldi, aldakaitz, denbora bizi eta gozatzea litzatekeela zorionaren zutabeetako bat. Erosotasunaren txokoak segurtasun sentipena ere eskaintzen digulako beharbada.

Baina erosotasunak ere badu agian iraungitze data, sardina latak bezalaxe, eta horrek zerbait hobea edo ezberdinaren bila bultzatzen gaitu denboraren buruan. Guztia iraungitzeko edo aldatzeko ahalmena duen denbora horren buruan. Ezagutzen ez dugunarekiko jakin-mina ase nahiak bultzatzen gaitu geure txokotik kanpora, bide berrietara, beste leku batera. Egunkariei edo telebistari begira jartzen gara, liburuetan bilatzen dugu, gauza berriak ikasteko itxaropenez, geure ezagutzatik kanpo dagoena ezagutu nahian, geure inguruko mundu txikitik haragoko handia zelan ote dabilen ikusi beharrez.

Eta gauza berriak ikasi nahian zabiltzala, urrutikoak gabe bertako gauza berriak ikasten dituzu. Gauza berriak erakusten dizkigute, eta berritasunak batzuetan nahastu egiten gaitu. Neu, behintzat, nahasten naute, eta nahasmenak noraeza dakar gehienetan, zer egin asmatu ezinik uzten zaitu... eta ez da modurik onena urtea hasteko.

Urte berriarekin asmo berriak, erronka berriak jartzen dizkiogu geure buruari, nahiz eta gero gehienak zapuztu... Banuen asmoa elikadura beganoa ezean begetarianoarekin ekiteko urteari, eta erretzeari uzteko, eta ikastaro berriren bat egiteko aukera zegoenez... Baina ikusi berri dut Harvard Unibertsitateko ikerlariek esan dutela aurkezpenetan PowerPointa –zer den azaltzen ez dakidana baina aurkezpenetarako kristoren adelantoa omen dena– erabiltzea desastre bat dela, arreta desbideratu eta gauzak okertu egiten dituela. Missouriko Unibertsitateko ikerlariek, berriz, demostratu dute sentitzeko gai direla barazkiak...

Beste behin ere nahasmen handitxoa urte hasieran, Patxi; udaberrian eguna luzatzeak ekarriko ahal digu argitasun gehiago, korapilo guztiak ez bada bakar batzuk, bederen, askatzen asmatzeko.