2020/02/16

Ainhoa Tirapu
 
«Telebista-eskubideekin ika-mika baldin badago, proiektua erakargarria dela erakutsi dugulako da»
Ane Urkiri Ansola
Pz06_1099_01

Lan hitzarmena lortzeko borrokan lehen lerroan jarri da Ainhoa Tirapu (1984, Barañain), jokalarien bozeramaile gisa, AFE sindikatuan. Aurtengo denboraldian bere izena leku askotan ikusi dugu, emakumezkoen futboleko lehen hitzarmenaren alde. Hitzarmena jokalarien babesleku izan behar dela dio, Osasunan gertatu zen adibidea gogora ekarriz. Liburu bat ere idatzi du, baina honek ez du esan nahi erretiroa gertu ikusten duenik –«Athletic Fundazioaren proposamena izan zen»–, denboraldia nola bukatzen duen ikusi nahi du. Lesio batetik osatu berri da; bera atepera itzuli eta bi garaipen segidan lortu ditu Athleticek. Antsietatea eta autoexijentzia lantzen ditu 2014tik psikologoarekin. Liburuan publiko egitea erabaki zuen: «Beste norbait egoera horretan baldin badago, bakarrik ez dagoela ikustea nahi dut»

Egungo egoera, ahalduntze prozesua, kirolaren hazkuntza, Lagunaken gainbehera... Patxadaz eta ziurtasunez mintzo da Tirapu, egiatasuna transmititzen du. Bilbo Zaharrean egin du hitzordua 7Krekin, bera bizi den auzoan. Eroso sentitzen da, giro ederra dagoela dio, herri giro modukoa, leku guztietatik gertu. San Mamesen jokatzen duenean oinez bertaratzen da.

2005-2006 ikasturtetik dago Athleticen –Iñigo Juaristi entrenatzailearen figura goraipatzen du, uste baitu bera une horretan egon izan ez balitz ez zutela fitxatuko–, bi liga irabazi ditu, hiru bider izan da txapeldunorde eta Kopako beste bi final galdu ditu. Txapelketan dirua sartzeak klubaren filosofiari kalte egiten diola uste du, bai behintzat berriro liga bat irabazteko asmoei dagokienez. Hala ere, ez du uste Lezaman zaleen zenbatekoa txikitu denik; bazkideen artean aldaketa gertatu delakoan dago. «Athletic B taldeari ere gertatu zaio. Orain hiru harmaila daude Lezaman. Mila pertsona inguru hurbiltzen dira eta askotan gizonezkoen bigarren taldeak baino ikusle gehiago izaten ditugu».

Hitzarmenaren aurreakordioa sinatu zen abenduaren 20an, baina hori urtarrilaren erdialdean berrestekoa zen eta oraindik egiteke dago. AFEk komunikatua atera zuen otsailaren 5ean, blokeoak beste egun batez jarraituz gero hartu beharreko neurriak iragarriko zituztela ohartaraziz –elkarrizketa hau erabaki hori argitaratu aurretik itxi zen–. Jokalariek ez dute azalpen askorik jaso eta horien bozeramaileari zaila egiten zaio egoera argitzea, zurrumurru eta bertsio asko iristen baitzaio belarrira. Argi du hitzarmena datozenentzat dela, belaunaldi berrientzat. «Ez da nire taldearentzat ere, beste batzuentzat da», baina talde kirol batean dagoenez lankideak babesteko erantzukizuna hartu du.

Aurrehitzarmen hori sinatuta dago.

Bai, hori sinatuta dago. Puntu guztiak ondo jarri behar ziren, txukun. Urtarrilaren 15era arteko epea utzi genuen. Baldintza moduan-edo jarri zen klub guztiak Espainiako Federazioaren Elite Programan sartzea. Urtarrilaren 14an Federazioak esan zuen ez zegoela arazorik klub guztiak Elite Programan sartzeko [aurretik Athletic, Bartzelona eta Tacon zeuden; batuz gero, trukean 500.000 euroko laguntza ematen du instituzioak]. Guztia hobeto egin nahi zutela-eta, hitzordua 20ra arte atzeratu genuen. Ez zen sinatu eta hemen gaude.

Badirudi Bartzelonak edo Taconek esklusibotasuna nahi dutela beraien neurketak telebistaz emateko garaian eta susma daiteke blokeo moduko bat egon daitekeela beraien aldetik.

Niri hori heldu zait, baina baita Federazioak dirurik ematen ez duela ere. Ez dakit zer den egia eta zer ez. Zurrumurruetan gabiltza, ez dakigu zer sinistu.

Urtebete pasatxo negoziatzen eman ondoren, abenduan lortu zen akordioa. Erabilita sentitu zarete?

Jokalariei garrantzirik ez zaiela ematen iruditzen zait eta jokalaririk gabe futbola ez da existitzen. Ez dakit ondo pentsatzen ari diren. Jokalariok alboratu egin gaituzte eta berriro planto egiten badugu ez dago ligarik. Niri jokalarien gehiengoak eskatzen dit berriro grebara joatea. Uste dut esfortzu bat egin genuela guztiok akordio bat lortzeko eta argi daukat ezin dugula gutxiago eskatu. Bakoitzak bere komunikatua egin zuen, sinatzeko dena ondo dagoela adierazi zuten guztiek, ez dut ulertzen zergatik ez den sinatzen.

Lanaldiak gutxienez %75ekoak izatea zen arazo handiena. Orain, bat-batean, telebista-eskubideak dira arazo.

Hori ez da ezustekoa. Negoziaketako urte osoa horrela eman dugu. Bilera batean arazo bat zegoen, hurrengoan bestea… Ez zeukan zentzu handirik, lanaldiaren kontuarekin blokeatu zen arte.

Telebista eskubideekin arazo hau zer dela-eta, orain dirua mugitzen hasi delako edo horren zantzuak daudelako?

Arazoa diruarekin dagoela esaten zuten hasieran eta urtarrilean merkatua hainbeste mugitzea ez zait oso logikoa iruditzen. Baina tira, ez dut zalantzan jarriko eman duten bertsioa. Egoera zikindu egin da. Ika-mika baldin badago telebista-eskubideetan agian dirua dagoelako da edo, behintzat, proiektua erakargarria dela erakutsi dugulako da. Zerbait sortu dugu, ez da dirua galtzen dela eta ez da putzu ilun batera goazela.

2015ean Quereda Espainiako hautatzaile kargutik botatzeko aferarekin bozgorailua hartu zenuen.

Bi hegazkinetan banatuta etorri ginen eta gure hegazkinean ez zegoen kapitainik. Niri egokitu zitzaidan hitz egitea. Afera guztia aireportuan bizi izan genuen, Kanadan. Gure ikuspuntua azaldu genion Queredari. Jaso genuena mehatxu antzeko bat izan zen. Horregatik egin genuen publikoki komunikatu hori. Madrilen ateak ireki zirenean ikusi nituen kamerak korrika eta esan nuen: «Hemen zerbait gertatu da».

Ordutik ahalduntze prozesu bat gertatu da zure barnean ere?

Ni beti izan naiz pixka bat proletarioa. Hasiera batean futbola niretzat ez zen lana, inguruko guztiek ez zutelako kontsideratzen lan. Gutxika hazten eta ingurua aldatzen joan den heinean gero eta indartsuago bihurtu gara. Momentuak ere oso zehatzak izan dira. Inflexio puntuak izan dira (Kanadako Munduko Kopa, Universo Mujer programa) eta aprobetxatzen joan gara. AFEn sartu ginen lehenengo aldian, duela bi urte, argi geneukan hitzarmena lortu behar genuela gure egonkortasunerako, gure txapelketaren sendotasunerako eta gure kirolaren hazkuntzarako.

Greba iragarri zenutenean alarmak piztu ziren, ez ote zen erabaki eskasa.

Inoiz ez du izango %100eko adostasuna. Oso zaila da. Portzentajea oso altua izan zen. Nahiz eta batzuk ados ez egon, beste taldea ez kaltetzeagatik egon ziren jokalari asko grebara joan zirenak. 200 jokalari ingurutik 17 izan ziren ados ez zeudenak.

Gizonezkoen futbolean egitura egonkorrik ez duten taldeen egoera aipatu izan da. Horientzat zaila izan daitekeelako baldintza horiek bermatzea.

Eskatzen duguna talde horiek guztiek bete dezakete. Estruktura hori ez dutenek, diru-laguntza publiko gehiago jasotzen dute eta babesle pribatu batzuk ere badituzte. Beste gauza bat da horien kudeaketa. Baldin badauzka bost jokalari asko kobratzen eta besteak oso gutxi kobratzen, ba hor arazo bat dago. Baldintza minimoak eskaini behar dizkiozu jokalari orori.

Talde hauek gizartearen enpatia hori lortzea errazago dute, talde txikiez eta historikoez ari baikara; Huelvako Sporting, kasu.

Bai, baina ze modutako eredua dute? Atzerritarrak ekartzen dituzte urtero, jokalari pila bat aldatzen dituzte urtero. Bere kudeaketa ez da gure arazoa.

Agian gogorra da esatea, baina emakumezkoen futbolak aurrerapausoak eman behar baditu ezin da besteen zain egon, ezta?

Begira, enpresa bat sortzean ezin dituzu zure langileak eduki langileen estatututik beheragoko baldintzetan. Hori ezin daiteke egin, ezta? Bada hemen berdin.

Orain arte egin izan da.

Orain arte lanaldiarekin jokatu dute. Langileen estatutua denok bete behar dugu jokalari modura kontratua baldin badaukazu. Soldata minimoa jaso behar duzu. Baina zer egiten da emakumezkoen futbolean? Batzuk daude 12 ordu lan egiten eta beste batzuk 40 ordu lan egiten. Astean hiru aldiz entrenatzen garela esaten digute eta ez da egia. Lehen Mailako talde bat ez dago hiru egun entrenatzen; hori eginez gero, ez da lehiatzen eta maila galduko du. Bidaiak ez dituzte kontuan hartzen eta horrelako gauzekin egin dituzte trikimailuak orain arte. Geure burua babestu behar dugu jokalariok, erretiratzen garenean langabezia kobratu ahal izateko.

Nola eragiten dizu zuri hitzarmen honek?

Niri hitzarmen honek ez dit bizitza aldatuko. Orain dela bi urtetik dut lanaldi osoa, aurretik lanaldi erdiarekin nengoen. Ez da nire taldearentzat ere. Beste talde batzuentzat da. Baina gauza da kolektibo baten parte sentitzen naizela. Jokalari bezala besteen baldintzez arduratu behar naiz. Bizitzan ez zara bakarrik joaten mundutik. Metalgintzan lan egiten dutenak denak doaz batera, enpresa batzuek baldintza hobeak izango dituzte beste batzuek baino, baina minimoa lortzeko bildu egiten dira. Talde kirol batean besteengan ez pentsatzea gogorra iruditzen zait.

Sentitu duzu indibidualismo puntu hori?

Jokalari asko daude eta mota askotakoak. Niri gogorra egiten zait bakarrik joatea bizitzatik, talde kirol batean lan egiten dudanean. Niretzat arraroa da, baina bakoitzak bere bizitzarekin nahi duena egiten du.

Nola bizi izan dituzu izan diren aldaketa guztiak?

Beti gauza pare bat uztartu behar izan ditugu futbolarekin. Lehen oso amateurra zen, hobby gisa hartzen zuelako jendeak. Gure jarrera beti izan da oso profesionala, nahiz eta dirurik ez jaso. Gutxinaka-gutxinaka hazten joan gara, gero eta garrantzitsuagoa izan da gure kirola, gero eta diru gehiago jaso dugu horregatik eta kontratu hobeak egin dira. Baina horretarako klubaren apustua behar izan dugu. Athleticen argi daukagu hasiera batetik zein izan zen apustua, nahiz eta honen baitan bere ibilbidea egin behar izan duen. Baldintzak beti izan ditugu oso onak; bidaiak, zelaiak, medikua, asegurua lesionatzen zarenerako… Kontratuen aldetik eboluzio bat gertatu da.

Bidea luzea egin zaigu, baina egia da hasi nintzenean ez nuela inoiz imajinatuko hau biziko nuenik. Azkeneko urteetan gertatu den hazkundea izugarria izan da.

Athletic beti izan da erreferente baldintzei dagokienez. Superligaren hastapenetan ere diru aldetik ez zebilen gaizki. Orduan talde batzuetan dirua beltzean mugitzen zen.

Athleticen inoiz ez dugu beltzean kobratu. Ez genuen kontratua lan bezala, geneukana ziren konpentsazio batzuk edo ordainsari batzuk emaitzengatik. Niri ez didate inoiz gutun-azal batean ordaindu.

Kostatu zen ere zuei «profesional» hitza jartzea. Fitxa amateurra zeneukaten.

“Profesionalizado” hitza erabiltzen da askotan eta jokalari fitxan “P” jartzea ez da horren erakusle…

Anekdotikoa da, ondoren hilean 600 euro jasotzen baduzu, ezta?

Niretzat garrantzitsuagoak diren gauza askoz gehiago daude. Kontua da talde batzuk lehenengo kontratuak egin zituztenean klubeko langile moduan jarri zituztela. Ez zen oso normala. Ez nintzen klubeko langilea, futbolaria nintzen. Lehen uste zen ezin zitzaiola egin jokalari-kontratua emakumezko futbolari bati; zeren legeak dio emakumezkoen kirola amateurra dela. Ibilbide hau egitea ez da erraza izan. Orain futbolaria naizela esaten dut, %100ean, orain arte ez neukan argi. Oso ondo bizi naiz (barrezka). Ez da hain egia hori, baina tira, beste bizimodu bat daukat orain.

Noiz arte iraungo du bizimodu honek?

Ez dut erabakia orain hartu nahi. Nagoen tokian %100ean egotea gustatzen zait, energia handiarekin. Denboraldia nola bukatzen dudan, horren arabera hartuko dut erabakia. Lesionatuta zaudenean erabakiak hartzea ez zait egokia iruditzen. Orain itzuli naiz lesiotik eta ikusiko dugu hemendik aurrera zer gertatzen den. Lesionatuta zaudenean zure bizitza asko aldatzen da. Niretzat, aurtengo lesioa lasaitasun puntu bat izan zen, animoz atsedena behar nuen.

Presio handia sentitu duzu hitzarmenaren negoziaketan lehen lerroan egoteagatik eta kirol maila altua mantentzen saiatzeagatik?

Egon da jendea pentsatu duena ezingo nintzela ondo kontzentratu nire lanean negoziaketan zentratuta nengoen bitartean. Bizitza osoa daramat bi gauza aldi berean egiten eta honaino heldu naiz. Jokalariok ohituta gaude. Presioa nik neure buruari jartzen diot.

Liburuan badituzu pasarte batzuk titularra ez izate horrek eragindako antsietate egoerei buruzkoak.

Niretzat ez du balio maila nahikoa emateak. Egin behar dudana da hori kontrolatu, arazoak ekar ditzakeelako.

Arazo pertsonalak?

Bai. Niretzat futbola oso garrantzitsua da eta hain garrantzitsua denez futboleko arazoek nire bizitza ere kili-kolo jar dezakete. Hori kontrolatzeko lan egiten dut, irtenbideak izateko egoera guztietan.

Goi mailako kirolean, eta batez ere talde kirolean, psikologoaren hutsunea egon da zenbait urtetan.

Asko hitz egiten da psikologiaz eta gutxi lantzen da. Klubeko psikologoa dago; gero zuk egiten duzu lan berarekin edo ez. Entrenatzaileak erabakitzen du taldeak psikologoaren beharra duen edo ez.

Angel Villacampa iritsi zen udan. Entrenatzaile aldaketa gertatu zen.

Aldaketa normala izan zen, zeren Josebak [Agirre] lau urte egin zituen. Lau urte luze egiten direla esan zigun eta beste norbait etorriko zela. Aurten Lezaman gosaltzen eta bazkaltzen dugu, ordu gehiago ematen ditugu bertan eta gauzak lantzeko denbora gehiago daukagu. Gimnasio aldetik eta zelaian lan egiten dugunean entrenamendu gogorrak izaten ari dira. Hasieran kosta zitzaigun ohitzea. Uste dut pixka bat pisutsu irteten ginela partiduetara eta orain freskotasun handiagoarekin jokatzen ari gara, intentsitate handiagoz presio handiagoa egiteko. Ea laugarren postuan egonkortzeko gai garen eta hirugarrenera hurbiltzea lortzen dugun.

Sare sozialetan zabaldu da Estatu espainoleko txapelketako bost jokalari esanguratsuenak aukeratzeko galdera. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Ez da bidezkoa horrelako erabaki bat hartzea. Gehiengoa oraingo jendearekin geratzen da, horiek dira-eta telebistan agertzen direnak. Zergatik dira erreferenteagoak orain dela bost urtetik hor goian daudenak eta ez orain dela 20 urte sekulako borroka egin zutenak emakumezkoen futbolaren alde? Egoera oso ezberdinak dira. Orain famatua denez emakumezkoen futbola oraingoak duela hamar urte lan egin zutenak baino hobeak dira? Nire ustez, ez.

Nola ikusten duzu beste estadio handiak irekitzen direnean eta sarrerak 2-3 euro balio duenean edo asko gonbidapenak direnean?

Momentu honetan agian hori behar dugu, jendea erakarri behar dugu. Agian egoerak oraindik ez du ematen neurketa guztietan sarreraren prezioa altuagoa izateko. Gainera, ez dut uste hori izan behar denik bidea. Ez zait bidezkoa iruditzen gizonezkoen futbolean dauden prezioak jartzea. Prezio erakargarriak jarri behar dira.

Baina produktua baloratu behar baldin bada ordaindu egin behar da. Hamar euro, esaterako. Lezaman betidanik egin da.

Bai, hori beti. Ez duzu oparitu behar. Baina jartzen naiz familia oso baten azalean eta bakoitzak 20 euro ordaindu behar baditu… Gauza asko baloratu behar dira.

Nola hartu zintuen Lagunak-en gainbeherak?

Oso tristea izan zen Lagunaken gainbehera. Uste nuen Lagunak eta Osasunaren artean akordioa lortzea zela bide egokiena emakumezkoen futbola indartsu mantentzeko urte batzuetan; Osasuna izatea erreferentea Nafarroan. Estruktura bat zuelako eta horrek gauzak errazten zituelako. Osasunako gizonezkoen taldea bigarren mailara jaitsi, eta emakumezkoen taldea kentzeak min egin zion emakumezkoen futbolari. Buelta eman diote egoerari eta orain apustua egiten ari dira. Lehen Mailara igotzeko aukerak dituzte. Guztia gertatu zen moduak ematen dit lastima. Lagunak erreferente izatetik, Kopako finala jokatzetik, desagertzera... Tarte batez galera handia egon da jokalari gazteentzat. Nafarroako harrobia minduta atera da.

Non ikusten duzu zeure burua futbola uzten duzunean? Ez diogu datarik jarriko.

Falta zitzaidana (barrez). Aukera asko ditut irekita.

Sindikatu batean ikusten zaituzte batzuek.

Sindikatuan bozeramaile gisa urtebete geratzen zait. Orain serio, atezainen entrenatzaile izateko ikastaroa egin nuen, asmoa da garatzen jarraitzea Madrilen dagoen kurtsoa eginda. Eszedentzia daukat nire lanean; telebistan lan egin dut eta oso gustura egon naiz; Kimika karrera ere badaukat… Aukera asko ditut eta ateak ez ixtea da garrantzitsuena. Inoiz ez dakizu zein den suertatuko zaizun aukera erretiroa hartzen duzun unean eta, hortaz, prest egon behar duzu aprobetxatzeko. Eta oso argi dut hori egin dudala nire kirol ibilbidean. Askotan ez naiz izan lehen aukera, baina eman didatenean saiatu naiz aprobetxatzen.

Gazteenen erreferente sentitzen zara?

Hori esaten dizute. Esaten dizute beraien seme edo alaben erreferente zarela eta horrek ardura bat sortzen dizu. Erreferente zarenean edo umeak lan saioak ikustera gerturatzen direnean ezin duzu nahi duzuna egin, ardura hori izan behar duzu. Neure buruarekin nahiko gogorra naiz, batzuetan hitz itsusiak izaten ditut nire aurka, eta entrenamenduetan jende asko dagoenean kontrolatzen saiatzen naiz.

2019ko Munduko Koparen aurretik Alex Morganek esan zuen emakume kirolari batek bi gauza izan behar dituela kontuan: zelaian maila ona ematea eta hortik kanpo jarrera eredugarria izatea.

Guztiz ados nago Morganekin. Oraindik emakumeak bere gaitasuna erakutsi behar du eta kritikak normalean mingarriagoak izaten dira. Cristiano Ronaldok keinu txar bat egiten badu, jendeak esango du zerbait, baina babestua sentituko da. Gizonezkoak babestuta daude gizartean eta emakumezkoak ez. Begira Megan Rapinoe-ri nolako kanpaina egin zioten aireportuan ume bat agurtu ez zuelako. Jarrera hori ez dut ikusi gizonezko futbolarien kasuan. Eredugarri izan behar dugu, hori eskatu digute hasieratik. Automatikoki pentsatzen dugu zerbait eman behar dugula ondoren eskatu ahal izateko, eta hori ez zaie mutilei eskatzen. Horrekin jokatzen dugu beti.

«Alboratu egin gaituzte eta berriro planto egiten badugu ez dago ligarik. Niri gehiengoak eskatzen dit berriro grebara joatea»

«Enpresa bat sortzean, ezin dituzu zure langileak langileen estatututik beheragoko baldintzetan eduki. Hori ezin da egin, ezta? Bada, hemen berdin»

«Lehen uste zen ezin zitzaiola egin futbolari- kontratua emakume bati; legeak esaten du emakumeen kirola amateurra dela. Ibilbide hau ez da erraza izan»