JOKIN URAIN
IRITZIA

Baso marraztua

Baso marraztua, Omakoa, noski, itxi egin behar izan dute, xingola marroia deitzen zaion izurriteak izorratu dituelako zuhaitzak. Lehen ere ez da gaitzik gabea izan baso horren historia; margotutako pinuren batzuk bota egin zituen auzokoak, bereak zituelako, eta egundokoa armatu zen, artista bera haserretu egin zen, kabreatu, eta bere emaztea ez gutxiago. «Basoko zuhaitz horiek botatzea, koadro bati ertz bat kentzea da. Animalia herri bat da hau», esan zuen.

Orain, 20 urte pasatxo geroago, ertz bat ez ezik naturan marraztutako “mihise” osoa hariz hari, pinuz pinu, narrasten eta desegiten ari da xingola marroia. Pinuak banan-banan ihartzen –esan dute batzuek, orain zuhaitzak hil egin direlako itxura denez, eta ez ihartu, ohitura zuten moduan– ari dira orain, azal marraztuak zatika erortzen, atzera lur bihurtzen, eta artista eta ingurukoez gain instituzioak ere kezkatuta daude. Beste lekuren batean egin nahi dute baso margotuaren erreplika.

Ulergarria da artistak uste izatea basoa bere horretan baino askoz ederragoa dela bere eskuz eta pinturaz ematen dion itxurarekin. Denok daramagu agian jainko txiki bana geure baitan, eta geure ukitua eman nahi diogu mundu honi, aldatu, hau erantsi, hori kendu, bestea zertu... “Animalia herri honetan” denok utzi nahi dugu geure hatz marka, eta marka horrek hortxe iraun dezala sekula eta beti, ez dakit zer arrazoi edo bulkada jainkotiarrengatik.

Artista bera da lehenik ulertu behar lukeena basoan egiten duen artea, itxuraldaketa edo dena delakoa, inon denik ederrena izanik ere, basoaren amaierarekin amaitzen dela, eta horretan datzala, inon izatekotan, naturan egindako artearen zentzua. Bestela beste nonbait, beste euskarriren baten gainean, irudikatu behar luke bere lana. Baina ez; artistak ezin du ulertu hori, edo ez du patu hori onartu nahi. Bere eskuz marraztean pinudia altxor bilakatu dela uste du, eta altxor horrek mundua ederrago egiten duela, eta denoi dagokigula, ulertzeko gai ez garen animalioi ere, edertasun hori zaindu eta babestea, artistak besteenak ez bezalako dohain eta sentiberatasunetik denoi oparitu digun altxor aberatsa delako.

Bere zeratxoaren zaindari eta morroi bihurtutako margolariaren historiak estaltzen du azkenean margoa, Gotzon, eta basoek jarraituko dute batzuk ihartuz eta berriak sortuz.