Alaia Martin
IRITZIA

Leihoak garbitzen

Hau idazten ari naizenean martxoaren 23a da eta 10 egun daramatzat etxetik atera gabe. Zuk, batek daki zenbat egun daramatzazun etxetik atera gabe edo nahi adina atera gabe. Hasteko, besarkada bat eta leiho zabalduen usaina, leihotik leihora.

Itxialdiak hausnartzeko aukera ematen digu eta geure burua hobeto ezagutzeko aitzakia bikaina, aitzakia derrigortua ia. Hori ederra eta baikorra da berez eta lagunei mezu bidez esan beharrekoa, zalantzarik gabe. Horrek ez du esan nahi norbera ezagutzea gerta dakigukeen atseginena eta errazena denik eta norberak norberari ihes egin nahi dionean, derrigorraldi oxigenorik gabeak gehiago du kartzelatik aukeratik baino. Eta kartzelaz beraz, kartzelaz izugarri gogoratu naiz egun hauetan. Eskalarik txikienean konparatzerik ere ez dagoela jakitun, askotan etorri zaizkit han eta hemen (eta tamalez, batez ere hemen baino gehiagotan han) banatuta dauden preso horiek burura, euren egunerokoaren itxitasuna eta euren egun berezi hauetako itxitasun gehitua. Besarkada handiagoa kasu horietarako.

Teilatupean (beldurrik gabe) ibiltzeko, elikatzeko eta tarteka berogailua jartzeko aukera daukagunok, autokritikarako eta eraikuntzarako tartea har genezake beraz. Bizilagunei begiratu beharrean, bizilagunei laguntzeko edo ez oztopatzeko, ahulenak babesteko eta geure burua arriskuaren mapan zein lekutan kokatzen dugun eta testuinguruak zenbat baldintza gaitzakeen birgogoratzeko. Egin dezakegu hori guztia, edo ez egin.

Zuk ere agian sentitu duzu itxialdiaren hasierako desazelerazio azeleratuan, denbora galtzen aritzearen sentipena. Behar beste ez ekoiztearen, ez mugitzearen, ez esperientzia aipagarriak pilatzearen eta ez moldagarria izatearen frustrazioa. Denbora eta osasuna izan eta eginbeharren zerrenda osatu duenik izango da; itxialditik ateratzeko arropak koloreka atonduta nahi lituzkeenik, sukaldean gozo aritzeko eta errezeta berriak probatzeko erronka daukanik, etxekoekiko harremana orekatzea lortu nahi duenik, biolinari alboz birbegiratzeko promesa egin duenik, eleberriaren lehen orriak idatzi nahi dituenik, etxeko loroari esaldi berriren bat irakatsi nahi dionik, haurrari egunero eskulan bat proposatu nahi dionik, ezer ere ez egiten ikasi nahi duenik, ezinbestean irakurri beharreko liburu pilatuak irakurri nahi dituenik edo bere arnasa kontrolatzen ikasi nahi duenik… Aspalditik denbora izanez gero egingo genituzkeen gauza horiek guztiak egiteko parez pareko aukera izango da itzalaldi hau. Eta…agian bai, agian etxekoekiko harremanen oreka eraldatuko duzu, eleberri bati lehen komak idatziko dizkiogu edo usain berriak izango ditu zure ke-irensgailuak, baina agian ez, agian nahi zenituenak ez zenituela hainbeste nahi ohartuko zara, edo ez duzula inoiz biolina jo nahi izan eta irakurri ez baina film mordo bat ikusteko beharra sentitu duzula, edo etxetik egiten ari zaren eta laster bulegora itzularaziko zaituen lana ez duzula bizibidetzat nahi… Zorte pixka batekin ohartzeak zerbaitetarako balioko dizu. Horregatik, aukera aprobetxatzearen eskubidearen parean eta gainean, aukera ez aprobetxatzearen aukera aldarrikatzen dut. Horikera berriak datoz.