Ariane Kamio, argazkiak: Aritz Loiola I FOKU
Elkarrizketa

Zea Mays, rockaren poliedrikotasuna

Ez dira proiektu bat, talde bat baizik. Eta beraien izaera halaxe aldarrikatzen dute, argi eta garbi, lehentasuna duena baita gogoarekin batera doana ateratzea, osatzea eta gero kantu eta disko bihurtzea. Hogeita hiru urteko bideak eskatzen dituen adina urrats egin ditu dagoeneko Zea Maysek, hasierako lau kide berberak mantenduz, hasiera hartako arima berberari eutsiz. Bihotzez ari dira beren kantuetan eta ez dute aldatzeko asmorik. Ezta beharrik ere.

Otsaila da Donostian. Zea Maysen kontzertua Dabadaba aretoan. Emanaldi bikoitza dute asteburuan. Ostirala-larunbata. Jendeak hala eskatzen du. Sarrerak agortu zituzten aurreneko batean eta bigarren baten egarriz dira zaleak. Aspaldi da ez dutela diskorik atera eta zuzenean irentsi nahi dituzte. Gose dira. Egarri aseezinez. Izerditan ikusi nahi dituzte. Hor. Gainean. Agertoki gainean. Ez dago aitzakietarako denborarik. “Harro” agertu ziren 2016an azken aldiz, eta geroztik apenas arrastorik ez. “Zea Mays 20 urte” remixen diskoa eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin ateratakoa ondorena. Gosea? Nola ez, bada? Ateratzeko garaia iritsia zitzaien. Horixe, “Atera”, 2019an etorritako azkena.

2020a iritsita eta osasun krisiaren erauntsiak zartatuta dator elkarrizketa hau, martxo hasierako egunetan egina, Bilbok oraindik bere kaleetako ederrari eusteko aukera ematen zuela eta Nervion taberna elkargune izaten jarraitzen zuela. Itzuliko dira denbora haiek, baina, bitartean, akorduaren konfinamendura heldu behar. Eta horretan, akordu honetan, beti dago burko eroso baten bilaketa. Nirea, lerrook idazten dituenarena, Zea Mayseko lau kideekin egindako hitzorduarena. Haiena, Aiora Renteria, Iñaki Imaz Piti, Ruben Gonzalez eta Asier Basaberena, hogeita hiru urteetan egindako ibilbidearena. Denok izango dugu non amestu aurrerantzean, jarraian doazen lerroetan bai, behintzat. Edo horretan saiatuko gara.

1997a zen eta orduan irratiak bazuen beste erakargarritasun berezi bat. Hain mediatiko eta publiko ez ziren ahotsak. Ahotsak bai, barka. Hain publiko eta mediatiko ez ziren aurpegiak. Bisaiarik gabeko izenak, identifikazio fisikorik gabeko ahots kordak. Soilik hotsak. Konpainiak eta bizitzari dagozkion une desberdinetako akorduen beste konpendio bat. Beste burko bat. Gazteak ginen artean. Haurrak, esango nuke. Eta Euskadi Gazteak milaka gazteren entzumena erakartzen zuen ordurako. Eta are erakargarriagoa zen haien maketa lehiaketa. Ospetsua eta aukera handikoa talde askorentzat. Bilbotar batzuek irabazi zuten 1997 hartan. Hilabete gutxi lehenago hasi ziren elkartzen eta maketa bat sortu zuten ondorenean lehiaketara bidaltzeko.

Kantuak grabatzen genituen orduan irratietan. Irratietara deitzen genuen abestiak jar zitzatela eskatzeko eta, arren, amaitu aurretik ez mozteko edo publizitaterik ez sartzeko, ziren bezalatsu grabatu nahi genituelako kaseteetan. Orduko pirateria. Ez Spotify, ez Youtube, ez ezer. Kasete bat baino ez. Eta halaxe egiten genuen Zea Maysen “Itsasoa”-k erauntsia sortu zuenean –«Nire betirako maitale zu zara itsasoa...»–. Eta magnetofono txiki batean jarri eta eramaten genuen gelara ikasten aritzen ginen bitartean entzuteko, dutxara ur azpian itsasoratzen ginen bitartean arnasteko... kasete zahar batekin, atzera eta aurrera. «Egun hura oso ondo gogoratzen dut. Ni etxean nengoen, Piti lokalean lagun batekin, Asier etxean eta Ruben txarangarekin jotzen ari zen. Oso polita izan zen. Gure telefono kontaktua txarto zegoen eta ezin zuten gurekin harremanetan jarri. Irratitik bertatik jakin genuen irabazi egin genuela. Gero Alde Zaharretik atera ginen eta lurretik metro batera ibili ginen. Magikoa izan zen. Horrek zabaldu zizkigun ate pila bat. Hilabete pasa ondoren bageneukan kontratu bat bi diskotarako Gor diskoetxearekin. Gauzak oso azkar joan ziren», dio Aiora Renteriak, Nervion tabernako bazter bateko mahai batean eserita, Piti eta Asierrekin batera, infusio beroari hotzaldia noiz etorriko zain.

Zaletasunagatik izango da edo taldeak alderik sentikorrenean jarrarazteko duen gaitasunagatik, baina dirudiena da beti eman dutela kolpea kaleratu dituzten disko guztiekin. Ez daude ados baieztapen horrekin, baina datu objektiboa da hasieratik izan dutela kritikaren babesa Errekaldekoek. 98an “Zea Mays” estreinako lana Euskal Herriko hamar diskorik onenen artean jarri zuen “Mondo Sonoro” aldizkariak eta, bi urte geroago, “Elektrizitatea”-rekin urte hartako Euskal Herriko diskorik onena izendatu zuen argitalpen espezializatu berberak. Hasi berritan eta goia jotzen. Baina ikuspuntu desberdina dute taldekideek. Gauza bat zen kritikak esaten zuena eta, bestea, Euskal Herrian mugitzen zen musika. «Hasieran Gaztea Lehiaketa irabazi genuen, ‘Itsasoa’ kantuak ere sekulako arrakasta izan zuen, baina kostatu zitzaion taldeari sartzea jaietan, festibaletan… Hori izan zen hirugarren, laugarren, bosgarren diskotik aurrera (...) Ez dakit beti kolpea eman dugun. Guretzat guk bai ematen dugula daukagun guztia, zeren lokaletik ateratzen dena da denon aldetik oniritzia eduki duena eta guri sentsazio onak eman dizkigun musika hori. Ez dugu inoiz kanporantz begira ezer egin. Funtzionatzen badu, guretzat hobeto! Azken batean, talde batek funtzionatu egin behar du eta kontzertuak eman behar ditu, eta uste dut gero eta hobeto egiten ditugula gauzak, baina beti gure gustura. Gero eta esperientzia gehiago daukagu eta agian orain errazagoa zaigu abesti borobilago bat egitea, baina kolpea ematea ez dut uste gure puntu fuertea denik, ez dugu horrela sentitzen behintzat».

Pablo Cabeza lankide eta musika kazetaria aipatu dute une batez. «Berak dio eklektikoak garela», esan du Asierrek garagardoa zintzurretik behera bota aurretik. Eklektikoak eta kameleonikoak ere badirela esatera ausartuko naiz, badirelako oinarri batean berdinak, baina desberdintasunerako tartea ere eskaintzen dutelako egiten duten horretan guztian, begiak ixteko aukera, beldurrik gabeko musika bat. Nahikaritik, gogotik eta barrutik egindako lana. Harro eta leun doana. Zutik irents daitekeena, eserita goza daitekeen bezala. Zuzeneko bat garagardoa eskuan hartuz entzun daitekeena edo eskua ondokoaren eskuari itsatsita senti daitekeena. Morfina gozo baten tenore zaurgarria. “Morphina”-ren larru aldaketa. «‘Morphina’ (2007) izan zen inflexio puntu bat guretzat. Gero ‘Kukutza’ ere etorri zen. Baina ‘Morphina’ diskoan hasi ginen bestelako inbestigazio batzuk egiten. Eboluzio bat dago, egia da, baina guk ere musika asko kontsumitzen dugu, kontzertu askotara joaten gara eta gauza berriak bilatzen ditugu. Eta horrek ere badakar inbestigaziorako kutsu hori. Ikusten genituen gauza oso interesgarriak eta nahi genituen horiek landu». Pitik hartu du hitza, disko batetik besterako garapenari buruz aritzeko, atzetik datorren zerbaiti eutsiz hurrengo hanka aurrean jartzen duen lan bakoitzari buruzko akotaziorako. «Diskoak nahiko lotuak egoten dira bata bestearekin. Beti daude abesti berritzaileagoak eta beste batzuk aurreko diskoarekin antz gehiago dutenak. Beti izan da horrela eta ‘Atera’-tik aurrera ere horrela izango da. Ziurrenik egin ditugun azken abestiek hurrengo diskoa markatuko dute».

2010a zen eta Zea Maysek “Era” diskoarekin jarraitu zuen bere ibilbidea. Haientzat ez zen inflexio punturik egon. Ordura arte bezala sortu zuten lan hura ere. Taldean. Kohesioz. Bateratasuna bilatuz eta, batez ere, gogoak, adimenak eta sentimenduak eskean ziren horri erantzunez. Horraino guztia ohi bezala joan zen, diskoko kantuetako batek beste zerbait esan zuen arte. Neguak alde egin zuen bat-batean eta inflexio puntua taldekideengan baino, gizartearengan sortu zuen kantu hark inflexioaren flexibilizazioa. Publiko berezitua izan zuen ordura arte Zea Maysek –eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du hein handi batean, talde gehientsuenen pare– baina ateak zabaldu eta barrurantz sartzeko gonbita izan zen abesti hura gizarte zabalarentzat. Eta adin desberdinetako lagunentzat. «Musikalki ez, ez zen inflexio puntu bat izan, baina sozialki, bai. ‘Negua joan da ta’ abestiarekin lortu dugu hiru urteko ume batek Zea Mays ezagutzea eta 80ko batek ere Zea Mays ezagutzea. Tarte hori guztia hartu genuen. Abestiak jarraitzen du funtzionatzen. Pasatu dira hamar urte eta Youtuben jarraitzen du bisitak izaten, komentarioak izaten munduko edozein puntutatik eta ezagutzen ez duen jendearen aurrean jotzen dugunean izugarria izaten jarraitzen du».

“Da” diskoa etorri zen ondoren, 2013an. Zerikusirik ez. «Gogorragoa da, gitarra gehiagorekin –esan du Pitik–. ‘Era’ diskoan kendu genituen gitarra batzuk, distortsio gutxiagorekin aritu ginen, garai horretan hori zelako behar genuena. ‘Da’-ren ostean, ‘Harro’; berriro distortsiorik gabe, gitarrak kendu, sintetizadoreak… Hau guztia bidaia bat da eta, segun zein momentutan gauden, gauza bat edo bestea ateratzen da».

Aiora Renteriaren aburuz, beharrizanak asetzea da helburu nagusia. Barruari kasu eta kanpoari su. Oihu sakonean dagoenari. Eta horrek guztiak guztien bateratasuna izatea. Entsegu lokalean galbahetik pasatzen dira sorkuntza guztiak eta pasatzen ez dutenak ez doaz inora, ez dira handik ateratzen. Konposatzearen zailtasunak agerian geratzen dira batzuetan, zerbait frogatzen hasi eta elkarri begietara begira aritu ezean.

Adostasun hori garrantzitsua izango da, izan ere, hogeita hiru urte igaro eta gero, lau taldekide berdinek jarraitzen baituzue taldean. Ez da hori oso egoera ohikoa musikaren munduan.

Aiora: Ez da erraza, baina oso sinplea da. Nahi badugu talde bezala bide bat egin, denok erritmo berdina eraman behar dugu. Taldeko pertsona batek behar badu erritmo arinago bat eta beste batek lasaiago bat, hori ez da konpatiblea. Orduan, edo adosten dute erritmo bera jarraitzea edo taldea apurtu egiten da. Erabaki behar duzu zer nahiago duzun, edo pertsona horiekin egotea edo proiektuarekin jarraitzea. Eta biak dira zilegi. Bakoitzak erabakitzen du. Gurea era inkontziente batean izan da.

«Piti»: Eta gauza bat da erritmoa bat-batean jaistea eta bestea taldearengan ez sinestea. Baina hori ez dugu ikusi. Ikusten duzunean nahia dagoela, orduan nahi hori bultzatzea bilatzen dugu. Lau pertsona gara, estu gabiltza familiarekin, lanarekin… baina badago nahi bat taldearekin jarraitzeko. Ibilbide luzeko bidea da hau. Ez gara proiektu bat, ibilbide luze bat baizik.

Urte hauetan guztietan ibilbide oparoa izan duzue, hori ezin uka daiteke. Zer da zuentzat arrakasta izatea?

Asier: Lehenengo, gure artean ondo egotea. Eta gero, gure artean ondo egonda, ateratzen duzuna jendearekin konpartitzea. Arrakasta dela Euskadi Gazteako Maketa Lehiaketa irabaztea? Bada, baina ez da, zeren edozein tabernetara joaten ginen kontzertuak ematera eta ez zegoen inor 1998an. Zer da arrakasta? ‘Negua joan da ta’ abestia ateratzea, bada, baina ez da. Niretzat arrakasta da 23 urtez elkarrekin egotea eta gozatzea, orain gozatzea.

Aiora: Eta disfrutatzea kontzertuez.

Asier: Nik askotan esaten dut, disfrutatzen ez dudan egunean, honek ez du zentzurik izango. Gustatzen bazaizu eta jendeari ere bai, hori da guztizko arrakasta, hori bai.

«Piti»: Horren ondorioz badatoz gauza oso onak ere, baina taldea ez badago ondo, agian sekulako arrakasta izanda, barrutik ia ustelduta badago, horrek biziraute zaila izango du, ez du etorkizunik izango. Gu ez gara proiektu bat, gara talde bat osorik eta horrelakoak dira gure ibilbidea eta arrakasta.

Esperimentazioa. Hogeigarren urteurrenarekin beste pauso bat harago joan zen Zea Mays. Beti izan dute desberdinerako gogoa, ezezaguna ezagun egiteko nahia eta ohikoa den horri ezohikotasuna bilatzeko grina. Ados. Baina 2017koa desberdina izan zen. Remix bihurtu zen Zea Mays. Zea Mays indie-agoa, Zea Mays elektronikoagoa. Arriskatua. Eta harrera desberdinak izan zituena. Baina haiek gustura daude egindako lanarekin. Hogeigarren urteurrena zen, eta ospatu beharra zegoen. «Bai, remixen diskoa. Gu beti ondoko lagunez aprobetxatu gara ahal beste eta disko horretan horrela egin genuen. Gure ondoan zeuden lagunei deitu genien remixak egiteko eta halaxe izan zen. Haiek aukeratu zituzten kantuak eta askatasun osoz berrinterpretatu zituzten. Hamahiru remix izan ziren orotara».

Eta esperientzia sinfonikoa (2017)?

«Piti»: Hori opari bat izan zen.

Aiora: Kontzertu bat muntatu zen janari bankuarentzat dirua ateratzeko. Asmoa zen Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin egitea Fernando Velazquezen zuzendaritzapean eta berak egindako moldaketekin. Ken Zazpiren hiru abesti, Doctor Deseoren beste hiru eta beste hiru gureak. Guk grabatu nahi genuen, zeren guretzat oso hunkigarria izan zen, baina ezin izan genuen egin. Gu ez gara gai hiru abesti grabatzeko, sekulako muntaketa egiteko EOSekin, ez zaigu dirua heltzen. Baina eurak hain pozik geratu zirenez, eurek ere grabatu nahi izan zuten, batez ere euren web orrialdeari indar apur bat emateko eta musika sinfonikoa beste eremu batzuetara eramateko. Orduan, eurek muntatu zuten guztia. Sekulako oparia izan zen. Ez bakarrik hori grabatzea, hori bizitzea baizik.

Taldetik bainoago, taldearentzat. Bizi, taldetik baino gehiago, bakoitzak duen lanbidetik bizirautea erabaki dute lau taldekideek. Betitik izan da horrela, hautu horrek ere berebiziko askatasuna ematen dielako nahi oro egiteko, inorekiko loturarik gabe, pausoak nahi adina, nahi bezala eta nahi duten lekurantz eman ahal izateko. Elektrizitate sorrera propio bat. Argi autogestionatua, itzaltzen ez den printza barnekoa.

Aiora: Oso erlatiboa da hori. Oso talde gutxi, oso-oso gutxi….

«Piti»: Honetaz bizitzeko behar duzu 35-40 kontzertu egitea urtero.

Aiora: Ez da hori bakarrik.

«Piti»: Gure bizimodua aurrera ateratzeko taldearekin hori egin beharko genuke. Kontuak egin behar dituzu, zenbat kontzertu urtero, zenbat kobratuko duzun… Ez dugu planteatu ere egin, baina planteatuz gero…

Asier: Berak esango du hobeto, utziozu.

Aiora: Gauza da oso zaila dela. Uste dut egon dela talde bat bere taldeaz bizi izan dena, eta da Berri Txarrak.

«Piti»: Eta Su Ta Gar ere bai.

Aiora: Azkenean kalera bota beharko dugu mutila! (Barrezka). Utzi bukatzen!

Gauza da, azkenean musikaz bizi ahal zarela, baina ezin zara zure taldeaz bizi. Berri Txarrak, Su Ta Gar... Baina zer beste talde bizi da bere taldeaz bakarrik? Musikaz bizi dira musikariak. Musika klaseak ematen dituzte, edo gitarra klaseak, telebistatik deitzen badiete saio baterako joan egin behar dira diru hori behar dutelako… Musikaz bizitzea posible da, baina egin behar dituzu hamaika mila gauza. Ni ere, alde horretatik begiratuta, musikaz bizi naiz. Musika irakaslea naiz eskola publiko batean eta gero Zea Mayseko abeslaria naiz. Baina ni ez naiz nire taldeaz bizi eta ezingo genuke lau pertsonok gure taldeaz bizi. Diskorik egiten ez dugunean edo kontzerturik ematen ez dugunean, nondik ateratzen da dirua soldata bat izateko?

Ez da oraingo kasua, ordea. “Atera” du izena haien azken lanak, 2019ko azken hilabeteetan argitaratuak. «Cosecha propia», esango luke Pablo Cabezak, haien lan guztiak bezalakoxea. Andoaingo Garate estudioetan grabatua eta New Yorken masterizatua Campi Camponen zuzendaritzapean, askotarikoa da “Atera”k eskaintzen duen begirada, Zea Maysek berak duen izaerari akorderik harmonikoenen lerro berean doana, leuna eta gogorra, hunkigarria eta indartsua, basatia eta hauskorra. Zer da, bada, Zea Mays, rockaren izaerarik poliedrikoena aldarrikatzen duen taldea ez bada? Hamaika kantu, hamaika amets, hamaika burko norberak non atseden hartu aukeratzeko adina aukerekin, eta “Zintzilik”, Joseba Sarrionandiaren harietan zintzilik. Haien talde izaera aldarrikatzeko aukera berri bat, taldea baitira, eta ez proiektu bat.

Otsaila izan zen egun batez. Otsaileko ostiral gau bat. Donostian gertatu zen. Dabadabako agertokian. Eta martxoan ere gertatu zen. Bilboko Nervion tabernako bazter bateko mahaian, garagardo eta infusio joan-etorri batean. Amets egingo genuela esan genuen lerroon hasieran, norberak nahi bezala, taldearen barrutik edo kanpotik, baina burkoak aurkituko genituela gure neurrira egindako munduak partekatzeko. Ilunetan, diotenez, hobeto ikusten delako. Eta, inoiz, galdutako erantzunak berriz aurkitzen direlako.