Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Edertasuna

Gure amona ederra zen. Xaboi-pastillarekin garbitzen zuen egunero aurpegia eta azal oso leuna zuen. Berak esaten zuen ez zuela dirurik gastatu zimurren kontrako kremetan, baina bizitza osoan goizean eta gauean xaboi-pastillarekin garbitu zuela musua. Aldaka zabalak zituen, juanikoteak, bularrak eroriak. Ez dakit noiz konturatu nintzen gure amona ederra zela. Badakit egun batean nire baitan pentsatu nuela polita zela, bere azken urteetan.

Aurrekoan nerabe batek esan zidan beretzat zaharrak zaharrak direla, ez itsusi ez eder, zaharrak eta kito. Eta, noski, “zaharrak” zaku horretan sartzen ditu berrogeita gutxi urtekoak ere. Alegia, adin batetik gorakoei begiratzeko orduan “desaktibatu” egiten duela edertasunaren neurgailua. Ez nintzen asaldatu, neronek gauza bera egiten nuela uste dut. Horregatik ez nintzen lehenago konturatu gure amona ederra zela.

Bizitzaren puska handi bat inguruan inposatutako edertasun arauetan kabitu nahian ematen dugu. Edertasun arau horiek zorrotzak eta mingarriak dira. Zer esanik ez sare sozialen garai honetan. Pantailaren bestaldean denak hain dira ederrak eta zoriontsuak! Nerabetan, haragia tente eta gorputza sasoiko daukazun garaian –edozein neurrikoa izanda ere–, nolako gerra konplexuekin. Kasurik onenean adinean aurrera joan ahala erortzen dira konplexuak bularrekin batera eta zure nerabe horri barre egiten ikasten duzu. Gaztetasuna eta edertasuna estu lotuta daude gure jendartean, estuegi. Eta gaztea eta ederra izateko ereduak oso murritzak dira. Jende gutxi kabitzen da horietan eta kabitzen ez diren askok kabitu nahian eta sufritzen ematen dute gaztaroaren parte handiegi bat.

Igual izango da dagoeneko ez naizelako ez nerabe ez gaztetxo, igual izango da dagoeneko gure amonak eta aitonak ederrak ikusteko gai naizelako, baina konturatuta nago edertasun inposatuaren sokak askatzea oso sanoa dela. Igerilekuko aldageletan sekulako lasaitasuna sentitzen dut azkenaldian; bular handiak eta txikiak, tenteak eta eroriak, ipurtalde hezurtsuak eta mamitsuak, juanikoteak, zelulitisa, barizeak... gorputz zoriontsuak, gure gorputzak.

Zenbatetan akordatzen naizen Miren Amurizak 2017ko Txapelketa Nagusiko final-laurdenetan Zallan kantatu zuenarekin. 82 urteko emakumearen azalean jarrita, bilobari mugikor bat eskatu eta bere buruari biluzik argazki bat atera zion. Hauxe, bertso perla: «Nabaritzen da azala nola aldatu zaidan aldez/ nola dauzkadan bularrak tinkotasunaren galdez/ aluan ez dut ilerik besapeetan bi trabes/ ta izterretan barizeek xume hartzen dute babes/ neure muga bat hautsi dut erretratu hau eginez/ ta gorputzari begira liluratua naiz zinez (bis)/ niretzat ederra bada besteentzat zergatik ez».