Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Zain

Bizitzaren parte handi bat zain ematen dugula pentsatu izan dut azkenaldian. Etxe askotan dagoeneko Olentzeroren zain egongo dira, loak atzeraka kontatzen. Horko ilusio eta aztoramendua, barruan kabitu ezina. Ikaragarri ona espero den egunaren zain daude txiki horiek. Olentzeroren bisitak ez dauka ezer txarrik. Dena ona ekartzen omen du ikazkinak. Baina, hala ere, ona espero den horren zain egotea ez da beti gozoa. Batzuetan egonezina eztarritik gora etortzen da eta arrastaka eramaten zaitu. Zoratu eta zorabiatu egin zaitzake zain egoteak.

Beste etxe batzuetan hurrengo mediku kontsultaren zain egongo dira. Horrelako itxaronaldietan ospakizunek –izan Olentzero, izan urtebetetzeak, izan gustuko kirol balentriaren bat...– han urrunean sumatzen den burrunbaren forma hartzen dute. Iskanbila urruna, poz dosi arrotzak. Hurrengo mediku kontsultak hartzen ditu buruak, gorputzak, isiluneak. «Stand by», piztuta baina itzalita, energia kontsumo baxuan. Arnasa justua hartuz, badaezpada, izorratzen hasia den gorputza den traste horri txar gehiago ez ekartzeko edo. Itxaronaldi horiek astunak dira, umorea ozpintzen dute, dena lanbrotu. Eztarrian trabatuta geratzen dira.

Baten bat irudikatzen dut mezu baten zain; hurrengo mezuaren zain. Garai batean telefono dei baten esperoan. Orain, teknologia tarteko, beste atari batzuetatik etor daiteke mezua. Baina lehen bezala orain, maitasun mezu bat da, hurrena elkar noiz ikusiko duten zehazten duena, berriz azalak elkartzeko, arnasak sinkronizatzeko, usainak berritzeko. Eta maitemin min horretan, maitaleetako bat beti dago zain, besteak noiz kasu egingo. Mezu baten eta beste baten tartean pasatzen dena ez da bizigarria. Modu automatikoan egon ohi da; errutinak agintzen dituen joan-etorriak eginez, bestelako pozik gabe, bestelako asaldurarik gabe. Gorputza hemen, burua han, iritsi behar duen mezu horretan. Seko gozagarria izango omen den une horren zain eta zain, baina bitartean sufritzen.

Gaurko umeei esaten diegu ez dakitela zain egoten, dena hemen eta orain behar dutela. Egia da seguruena. Baina helduok ba al dakigu zain egoten? Topatzen al diogu plazerik zain egoteari? Itxaronaldi batzuk gozoagoak izanda ere, zain egoteak ia beti sortzen du urdailean halako dardara urduri bat. Eta ez dakit noizbait ikasten dugun dardara hori gerarazten, mendean hartzen. Tira, hor ere denetarik izango da, koloreak adina pertsona klase daudelako.

Zain nagoelako egin dit eskapo gogoeta honek. Ona litzateke zain gauden tarteek bizitza bizigarri baten ahalik eta antz handiena izan dezaten saiatzea. Segur aski hori izango da zain egoten ikastea.