MADDALEN IRIARTE

Panorama

Podemosen aurka barreiatzen ari diren argudio barregarriak baztertu eta ze asmo duten argi esatea eraginkorragoa litzateke batzuen eta besteen sinesgarritasunerako

Espainiako azken hauteskunde inkesten arabera, Podemosen gorakada gero eta nabarmenagoa eta egonkorragoa da. Berrikuntzak ere ikusten ari gara, adibidez Ciudadanos indarrez agertzen hasi dela panorama politiko berrirako aukera bezala, eta alderdien rankinga aldatzen ari dela. Gauza da urteetan Espainiako agintea trukatu duten bi alderdiak beldurtuta daudela. Bipartidismoa, alderdi-bitasuna, arriskutan dago inoiz baino era tinkoagoan eta urduritasuna oso nabaria da. Ezin daitezke beste era batera ulertu alderdi horietan eta haietatik gertuko komunikabide batzuetan Podemos baztertzeko entzuten direnak, ematen diren argudioak, eta darabiltzaten mota guztietako bideak, sarri erridikuluak eta hainbatetan lotsagarriak baitira. Oso arduratuta daude PP eta PSOE. Batek agindu ez duenean besteak agindu du, eta kasu batzuetan itxarotea baino ez da behar izan berriz ere agintera itzultzeko; pendulua noiz itzuliko zen zain egotea besterik ez dute behar izan. Eta orain, ez bata eta ez bestea! Gainera, herritarrek beste aukera politikoei boza emateko zergatien artean nabarmentzen dutenetako bat alderdi bien arteko hegemonia partekatu eternala amaitzea da, ez daude arduratuta halakorik gertatuko balitz izan omen daitezkeen ondorio maltzurren erretolikarekin. Momentuz, inkestak, paperak ongi eusten ditu eta herritarrek hori diote.

Baina PPk eta PSOEk egoera ez dute era berean ikusten eta orain baino lehen hasiak dira «koalizio handiaz» hitz egiten. Eurek irabaziko dutela esatea nahikoa saihesbide erraza eta urratua bihurtu da hauteskunde kanpaina hasteko oraindik puska handi xamar bat geratzen den honetan, eta kostako zaie fundamentuzko ezer esan gabe helmugara iristea, nahiz eta lortuko duten seguruenik. Herritarrok, ordea, jakin nahi izaten dugu zer gertatuko den gure botoarekin bati edo besteari emanez gero. Euskal Herrian PSEren barruan ere badira ahots zenbait, momentuz esaten dutenak koalizio handi hori gertatuz gero eurek alderdiko karneta itzuli egingo luketela. Ez dakit nola utziko zituen alderdiko kide horiek Pedro Sanchez idazkari nagusiak joan den astean Kursaalen esandakoak, baina ezer argirik esan zuenik ezingo dute esan. Adibidea langabeak erabiliz jarri zuen, gainera: ea langabe bati eztabaida hori zer axola zaion galdetu zuen, eztabaida hori alde batera utzi behar dela eta ez dela galdetu behar norekin, baizik eta zertarako. Etsigarria da egoera honetan gehien pairatzen ari diren kolektiboak erabiltzea ustezko argudioak emateko, baina hori alde batera utzita, langabe horiek izatearen ardura berak hainbeste aldiz errudun egiten duen PP bada, harekin koalizio bat egiteaz eman beharreko erantzunak askoz ere argiagoa izan beharko luke inor konbentzitzeko. Podemosen aurka barreiatzen ari diren argudio barregarriak baztertu eta ze asmo duten argi esatea eraginkorragoa litzateke batzuen eta besteen sinesgarritasunerako.

Boterea lortzeko... hori beste kontu bat delakoan nago.