Amagoia Mujika

Beti da garaiz

Itxaroten jakitea, pazientzia eta patxada edukitzea ez omen da berezkoa, landu eta ikasi egiten da. Eta, gainera, bizitzako lezio garrantzitsuenetarikoa da

Atzera eta aurrera dabil ospitaleko langilea. Pasatzen den aldiro barkamena eskatzen dio, «segituan nator zuregana», larrituta. Bizkor dabil, estresatuta dirudi. Eta, berriro, «segituan, segituan». Gurpil aulkian eserita, emakumeak  irribarre batekin erantzuten dio. «Lasai, ez daukat inorako presarik». Nahiago luke etxean egon, sukaldeko aulkian eserita irratia entzuten. Tirriki-tarraka etxeko lanak egiten eta noizbehinka eltzearen tapa altxatzen.

Azkenean etorri da beregana, eta arnasestuka bultzatu du gurpil aulkia igogailuraino. Paretaren kontra deskantsua hartuta barkamena eskatu dio berriz langileak. Eta adineko emakumeak lasai egoteko, goiza aiseago joango zaiola horrela, ospitalean orduak oso luzeak direla bestela. Arnasa pixka bat berreskuratu duenean, «eskertzen da zu bezalako jendea. Hemen jendea beti presaka dabil, umore txarreko eta petral». Eta harrituta geratu da gurpil aulkian eserita dagoena. «Presaka? Hemen ez dago inorako presarik. Noiz ahaztu ote zitzaizuen zuei, gazteei, itxaroten?». Ba noizbait bai. Duela denbora gehiegi.

Itxaroten jakitea, patxada eta pazientzia edukitzea ez omen da berezkoa, landu eta ikasi egiten dela irakurri dut. Eta, gainera, bizitzako lezio garrantzitsua dela. 60ko hamarkadan esperimentu bat egin zuten Columbiako unibertsitatean horren harira. Pentsa, ja ordurako konturatuak ziren gure jendartearen gaitz larrienetakoa izango zela pazientziarik eza. Lau urteko haur talde batekin egin zuten esperimentua: Gela batean sartu eta eskura jarri zieten gozoki bat. Bakarrik utzi zituzten eta esan zieten gozokia ez bazuten jaten, bueltakoan beste bat emango zietela. Kontrolaren eta berehalako gozamenaren artean aukeratu behar zuten. Batzuek segituan jan zuten gozokia. Baina desioari eustea lortu zutenek denetariko teknikak erabili zituzten; abestu, beste aldera begiratu, begiak itxi...

Nerabezaroan berriz neurtu zuten haur talde horren itxaroteko gaitasuna eta datu esanguratsuak topatu zituzten. Itxaroteko gaitasun handiagoa zutenek porrota hobe jasaten zuten, gaitasun sozial hobeak zituzten, arduratsuagoak ziren eta sari bat lortzeko itxaroteko gai izaten segitzen zuten. Gainera, ikasteko eta arrazoitzeko jarrera eta gaitasun hobeak zituzten, kontzentratzeko gaitasun handiagoa eta beren helburuak lortzeko bideari tinkoago eusten zioten. Besteek, lau urte zituztela gozokia di-da jan zutenek, autoestima arazo gehiago zituzten, frustrazioa okerrago zeramaten, zalantzatiagoak ziren, errazago hasten ziren eztabaidan eta zerbait lortzeko itxaroteko gaitasunik izan gabe segitzen zuten.
Pazientzia izatea ez da pasiboa izatea, patxadaren jabe izatea baizik. Miresten ditut patxada dutenak. Inoiz ez da berandu, beti da garaiz...