amagoia mujika
IRITZIA

Harrizko ahotsa

Gustatzen zait irratia. Hainbeste gauza kontatzen ditu ahotsak. Hitzak soinuz janzten ditu, baina baita sentsazioz ere. Poza, haserrea, axolagabekeria, interesa, urduritasuna, larritasuna, harridura, asperdura, negargura, barregura, hitz egiteko gogoa edo isiltzekoa. Gustatzen zait ahotsak jantzitako hitzen atzean emozioak sumatzen ditudanean. Baina beti ez dira gustagarriak diren emozioak igartzen.

Euskadi Irratian entzun nuen Gervasio Gabirondo, Ertzaintzaren zuzendaria, Iñigo Cavacas gaztearen heriotza eragin zuen polizia-kargaz hizketan. Ez nion aurpegirik ikusten, baina iruditu zitzaidan harrizkoa zuela. Gogorra eta, batez ere, hotza.

Espero omen du azkenean jakitea nor izan zen pilotakada latz hura jaurti zuen ertzaina. Baina ez omen da erraza. Pistola bat erabiltzen denean arma bakoitzak marka jakinak uzten omen ditu jaurtitako balan. Denok ikusi omen dugu hori nola egiten den filmetan eta telesailetan. Baina gomazko piloten kasuan, ez omen da markarik geratzen, eta zailagoa omen da pilota zehatz zein eskopetatik jaurtia izan den jakitea. Gabirondo jauna, askoz nahiago genuke zuen film hau ikusi izan ez bagenu.

Eta horrela segitu zuen, distantzia ikaragarritik, Iñigo Cavacasen izena aipatu ere egin gabe.

Orain esaten du gauzak ez zirela ondo egin. Baina ertzain jakin bati egotzi nahi dio errua. Hain gogorra ez balitz, barre egingo genuke.

Pentsa obretan dagoen eraikin bat goitik behera erortzen dela eta sekulako triskantza eragiten duela. Ardura norena da? Azken solairuko azken adreilua oker jarri duen langilearena? Eraikuntzaren arduradunak ez al dauka erruaren parterik?

Ez gaude oso lasai ibiltzeko moduan. Poliziak armak ditu eskura, eta indarra. Eta esaten digute gerta daitekeela artaldean ardi beltzen bat egotea, bere kasara aritzen dena eta behar ez denean tiro egiten duena. Eta artzainak ezin duela ezer egin horren aurrean. Ederra panorama.

Bereziki mingarriak egin zitzaizkidan Gabirondoren hitzak. Ez bakarrik hitzek berez daukaten esanahiagatik, baita erabilitako tonuagatik ere. Hoztasunetik eta distantziatik hitz egin zuen, Ertzaintzaren izen onaren alde egiteko «lehenbailehen itxi beharreko asuntuaz».

Arazoa da Iñigoren etxekoen eta lagunen artean zauria ez delako inoiz itxiko, horrekin bizitzen ikasi beharko dutela. Eta hurrengorako, Gabirondo jauna: Iñigo Cavacas izena zuen.