MIREN AMURIZA
IRITZIA

Gaiztoak eta gaizkileak

Imajinatu umetxo bat oherakoan, esku batean pelutxezko katutxoa eta bestean ipuin-liburu bat daramatzala. Oheratu da, zabaldu du liburua eta lehenengo esaldiaren azpian jarri du atzamarra: bazen behin baso sorgindu batean, urruneko erreinu batean edo itsasertzeko herrixka batean… Nahikoa izango dira hiruzpalau berba haurra bere gelatik kanpo koka dadin. Eta hantxe bizi zen orein saltari bat, neskatila alai bat, zaldun indartsu bat edo hartz txiki bat... Berehala egingo du topo istorioko heroiarekin, onarekin; zeina izan ohi den ausarta, ederra eta berezia.

Baina kontakizun orok behar du «eta bat-batean» bat, gatazka bat. Eta orduantxe agertzen dira otsoak, sorginak, erraldoiak… Ipuineko antagonista zatar, bakarti, maltzur eta beldurgarriak. Testuan ez eze, marrazkietan ere halakoxeak ikusiko ditu irakurletxoak eta ondorengo orrialde guztiak pasatuko ditu onak irabazi eta gaiztoak gal dezala desiratuz. Amaierara iristean ostera, gaiztoa beharko du heroia bainoago; gertaturiko gaitz guztien errua berari botatzeko eta ondoren zigortzeko. Ez du bakerik izango umeak otsoa ipurdia erreta ikusi arte, begibakar erraldoia itsasora erori edo sorgina bere sagar pozoitua janda hiltzen den arte. Orduantxe lokartuko da gaiztoak itzuliko ez direlakoan, eta batez ere, benetako gaizkilea hor zehar libre-libre dabilela ohartu ez delako.

Gaizkile benetakoa umeari zernahi sinetsaraziko dion ahots ikusezina da, dena kontrolatzen duen hori. Ez da ez protagonista, ez antagonista; ezpada kontalaria bera. Ipuin kontalari batek ez lituzke pertsonaiak epaitu behar, gertakariak deskribatu baizik. Ezin du aditzera eman sorgin batek haurtxo bi bahitu dituelako, sorgin guztiak bahitzaileak direnik; hartzaileen artean izango baitu sorginak maite dituenik edo beraiekin identifikatuta sentitzen denik ere. Eta batez ere, hizkuntza zaindu behar luke; gatazkak esaterako, ez baitira inoiz «eta bat-batean» lehertzen.

Orain imajina itzazue haurtxoaren gurasoak, egongelara bidean. Piztu dute telebista eta albistegia hasi bezain laster, Estatu Islamikoaren hilketa erakustaldi bat ikusi dute; basakeriaren erretratu esplizitua. Hurrengo albistean, hegazkin estatubatuarrak Siria bonbardatzen. Hurrengoan, agintari europarrak jihadistak ehizatuko dituztela anuntziatuz. Ipuineko onak sinesgarria izateko gaizto on bat behar baitu parean; zenbat eta krudelago erakutsi bata, are miresgarriago bestea. Telebista amatatu eta oheratu dira gurasoak ere, heroiak zeinen zintzoak eta arerioak zeinen zantarrak diren pentsatuz; oraindik konturatzeke gaizkilea euren egongelan bizi dela eta biharamunean ere hantxe egongo dela, erasorako prest.