MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Rodham andrea

Iragarritako zerbait zen eta, bere garaian lerro hauetan bertan idatzi nuen bezala, ezusteko handiagoa hartuko genukeen ez zela aurkeztuko esan izan balu, Ameriketako Estatu Batuetako presidente izateko lehian parte hartuko duela esanda baino.

Bidea ez da erraza izan eta, seguruenik, izena aldarazi zion gizonarekin egindako urteak eta pasatako umiliazioak ere etapa berri batean sartu den bere karrera politikoaren parte izan dira. Hala diote ikuskari batzuek: Hillary Rodham andreak Clinton senarra AEBetako presidente zela Monica Lewinski kasuarekin pasa zituen estutasunak eta haien aurrean izandako jarrerak zerikusia izan zuela honek zuen anbizio politikoarekin. Agian bai, agian hotz mantendu zuen burua etorkizuna prestatzeko asmoz... Ziur aski, beste emakume batek senarra haizea hartzera bidaliko zuen, mundu osoa lekuko izan zuen aferarekin, baina munduko emakume askok ezin izango zuten halako erabakirik hartu, diruagatik, umeengatik... Kontua da afera erabat amaitu, Clinton presidenteak orduak iraun zituen deklarazioa amaitu, eta emazte zintzoa, senarra eta alabarekin, mezatara joan zela gertatutakoari amaiera sakratua jarriz. Geroztik ez dio uko egin Clintonekin ezkondu aurretik abokatu honek izandako nahiari. Ongi ezagutzen du kanpaina batek nola funtzionatzen duen, senarra iritsi zen tokira iristeko buru-belarri aritu izan zelako lanean; Etxe Zurian bizi izan delako; 2000. urtean senatari aukeratua izan zelako eta, batez ere, Obamaren aurka lehiatu zelako 2008. urtean eta ondoren haren Estatu idazkaria izan zelako.

Munduko politikaririk garrantzitsuenetarikoa izan da Hillary Rodham. Uztailean Estatu idazkari gisara egindako lanaz bere memoriak argitaratu zituen “Hard Choices” (Erabaki zailak) izenburupean. Egia esan, ez zuen gauza handirik kontatu orri horietan, baina promozio kanpaina erraldoi bat martxan jartzeko balio izan zion, “The Hillary Bus” eta guzti, AEBetako bazter askotara hurbilduz. Denbora asko falta da Obamaren lekukoa nork hartuko duen erabakitzeko, 2016ko azaroko lehen astelehenaren biharamunera artekoa, baina lehia abian da.

Berak garbi hitz egin izan du emakumeek hautsi beharreko kristalezko sabaiez eta andre bat AEBetako presidente izatera iristeak izango lukeen garrantziaz. Orain, Rodham andrea bera da helburu hori lortzeko egoera onenean dagoena. Ez Alderdi Demokratan, ez Alderdi Errepublikanoan, ez dirudi beste emakumeren bat ausartuko denik Etxe Zuria konkistatzeko bidean. Ez legoke gaizki AEBetan ere emakume bat presidente izatera iristea. Honetan beste herrialde batzuek hartua diote aurrea, baina herrialde hark lortzen duen erreferentzialtasunak eragin nabarmena izango luke berak aipatutako kristalezko sabaiak apurtzeko; baina hori ez litzateke asko izango, behin presidente izanik munduko emakumeen benetako berdintasuna gauzatzen joateko neurri eraginkorrak hartuko ez balitu, bere herrialdetik hasita. Bere larruan banengo, motxilak kentzeak izan ditzakeen arrisku guztiekin, nik nirea ez den abizena kendu egingo nuke, Clinton senarrari beretzat utziz: nahikoa da Hillary Diane Rodham Howell.