Bidaiari

Refugee Food Festival, mundu osoko sukaldari errefuxiatuekin partekatzeko jaialdia

2016tik, «sukaldaritzaren bidez errefuxiatuei buruzko begirada aldatzea» helburu duen jaialdi hau Estatu frantses eta Suitzako ehun bat establezimendu elkartutan egingo da aurten.

Jaialdiaren antolatzailea den Refugee Food elkarteak beste ekintza batzuk ere egiten ditu errefuxiatuen gizarteratzea eta integrazioa sustatzeko.
Jaialdiaren antolatzailea den Refugee Food elkarteak beste ekintza batzuk ere egiten ditu errefuxiatuen gizarteratzea eta integrazioa sustatzeko. (REFUGEE FOOD)

Refugee Food Festival jaialdiak bere zortzigarren edizioa ospatuko du ekainaren 13tik 26ra, Estatu frantses eta Suitzako 13 hiritan, gourmet jatetxeetatik hasi eta auzoko postuetaraino doazen establezimenduekin lankidetzan. Bertako chef-ek errezetak partekatuko dituzte errefuxiauekin.

2016tik, «sukaldaritzaren bidez errefuxiatuei buruzko begirada aldatzea» helburu duen jaialdi hau ehun bat establezimendu elkartutan egingo da aurten, hala nola Lillen, Parisen, Toursen, Bordelen, Nantesen, Rennesen, Dijonen, Lyonen, Estrasburgon, Montpellierren, Nizan, Marseillan eta Genevan.

Estatu franteseseko hiriburuan, ‘Sudango ogiaren inguruko lankidetza’ Léonie Parisko okindegian (ekainaren 13tik 18ra) egingo da, afari franko-georgiarra Saint James Parisen (ekainaren 20an) Magda Gegenova eta Michelin Julien Dumas izar duen sukaldariaren eskutik, edo afari franko-siriarra Doha El Khaldy eta Marie Victorine Manoa 2019ko TopChef-erako hautagaiaren eskutik.

Refugee Food elkartea

Jaialdiaren antolatzailea den Refugee Food elkarteak beste ekintza batzuk ere egiten ditu errefuxiatuen gizarteratzea eta integrazioa sustatzeko, hala nola jatetxe-arloko tekniketan trebatzea, Ground Control jatetxean (Parisko 12. barrutia) integratzeko jatetxe bat kudeatzea eta La Cantine des Arbustes jatetxe soziala (14. barrutia) eta enpresentzako sukaldaritza.

Zortzi urtetan, 600 errefuxiatuk baino gehiagok jaso dute Refugee Fooden laguntza: prestakuntza praktikoa, frantseseko ikastaroak, praktikak eta gizarte-laguntza, besteak beste.

«Familia baten modukoak gara, asko ikasten dugu eta gure bizitzetan aurrera egiten laguntzen digute», adierazi zion AFP agentziari Ground Control jatetxean Tibet, Afganistan, Niger eta Senegalgo beste errefuxiatu batzuekin lan egiten duen sukaldari aljeriarrar Assia Zelbahk, jaialdiari buruzko prentsaurreko batean.

Elkarteak elikadura-laguntzarako programa bat ere kudeatzen du, Covid-19aren pandemian abiarazia, «orain Parisen egunean 600 otordu doan banatzen dituena», azaldu zion Refugee Fooden sortzaileetako bat den Marine Mandrilak AFPri. Gainera,  ikastetxeetan sentsibilizatzeko programa bat ere martxan jarri zuen Mandrilak.

«Frantziako jatetxe guztietan daude beren sukaldaritza-kultura adierazteko aukera inoiz ematen ez zaien atzerritarrak: zerbait eman behar dugula erakusteko garaia da», nabarmendu zuen Harouna Sowek, duela hamar urtetik Estatu frantsesean bizi den eta orain «lau establezimenduren buru» dagoen mauritaniarrak. Horien artean Parisko Waalo jatetxea dago.

2024an Senegalen kooperatiba bat irekitzea espero du, ibai baten ondoan, eta bertan «landatu, ikasi eta jango dugu».