Bidaiari

Choquequirao aztarnategi inkara sartzeko teleferikoaren proiektua esleituko du Peruk

Peru hegoaldeko Choquequiraoko aztarnategi arkeologikora iristeko teleferiko bat eraikitzeko proiektua 2025eko urria eta abendua bitartean esleituko da, Inbertsio Pribatua Sustatzeko Agentziak (Proinversión) jakitera eman duenez.

Egun bakar batean egin ahalko da igoera gune arkeologikora.
Egun bakar batean egin ahalko da igoera gune arkeologikora. (Wiley WILKINS | Getty Images)

Choquequirao Monumentu Arkeologikoa (“urrezko sehaska” esan nahi du kitxua hizkuntzan) Machu Picchuren «ahizpa sakratua» deituraz ezagutzen da, egitura eta paisaia antzekoak dituelako. Alabaina, sarrera mugatua du eta oinez baino ezin da iritsi zenbait eguneko bidea egin ondoren.

Komunikatu baten bidez, Proinversión erakundeak zehaztu du aurtengo otsaila eta apirila bitartean teleferikoaren bi tarte eraikitzeko lehiaketaren deialdia egingo duela eta, era berean, aurreikusi du proiektuak urtean 400 milioi sol (102 milioi euro inguru) eragingo dituela.

Halaber, adierazi du eragin positiboa izango duela ostatuen, elikaduraren, garraio turistikoen, tokiko merkataritzan, gidaritzan eta artisautza sektoreetan, «eskualdeko ekonomia indartuz eta tokiko komunitateentzat aukera berriak sortuz».

Egitasmoa egituratze-fasean dago gaur egun, eta Elkarte Publiko-Pribatu kofinantzatuaren modalitatean garatuko da, 261 milioi dolarreko inbertsio estimatuarekin.

Helburua da Cuzco eta Apurímacetik monumentura sartzeko azpiegitura hobetzea, turismoa bultzatzeko, tokiko garapen ekonomikoa sustatzeko eta kontzeptuari lotutako enplegu-aukera berriak sortzeko. Kalkuluen arabera, bisitarien fluxua 8.000 turistatik milioi batera igaroko da urtean.

Gaineratu du operadore pribatu bat arduratuko dela kable eta bus bidezko garraio-sistema baten diseinuaz, eraikuntzaz, finantzaketaz, eragiketaz eta mantentze-lanez. Bisitarien sarbidea eta erosotasuna erraztu nahi omen dute.

Egun bakarrean

«Horrela, nabarmen murriztuko da bidaia-denbora lau egunetik egun bakarrera; izan ere, turistek (gehienak 20-35 urte bitarteko gazteak) oinez egiten dute ibilbidea hainbat egunez, eta, gainera, teleferikoaren bidez bide bera egiteko aukera gehituko litzateke», adierazi du enpresak.

Zerbitzuari dagokionez, teleferikoa Cuzcoko herri batetik (Yanama) zein Apurímac eskualdeko beste herri batetik (biak Andeetako herrialdearen hegoaldean) abiatuko da.

Lehenengoak bi zati izango ditu: lehena, 2,7 kilometrokoa, San Juan irteera-geltokitik abiatuko da Maizal tarteko geltokiraino, eta bigarrena, 3,7 kilometrokoa, monumentura iristeko geltokiarekin lotuko du Maizal.

Bestalde, Apurímac-etik abiatutako teleferikoak 4,2 kilometroko luzera izango du, eta Apurímac ibaiaren arroila zeharkatuko du helmugako estazioraino.