Bidaiari

Arabako foru museoek eta aztarnategiek 118.100 bisitari izan dituzte 2024an

Guztira, 118.098 pertsona igaro dira 2024. urtean Arabako Museoen Foru Sareko BIBAT, Arte Eder, Arma eta Natura Zientzien museoetatik eta Iruña Veleia eta La Hoyako aztarnategietatik. Datua sarearen historiako laugarren altuena da, baina iazkoa baino txikiagoa.

Bibat museoa.
Bibat museoa. (Eli Txapartegi)

Arabako Diputazioak jakinarazi dutenez, herrialdeko foru museoek eta aztarnategiek 2024an izandako bisitarien kopurua (118.098) aurreko urtean izandakoa baino zertxobait txikiagoa da, 4.147 gutxiagorekin (-%3,5), baina kontuan izan behar da 2023 urte «bikaina» izan zela eta markatik «oso hurbil» geratu zela. 2022rekin alderatuta, 11.039 bisita gehiago zenbatetsi dira 2024an (%9,3 gehiago). Bisitarien marka 2019an ezarri zen, 125.191ekin.

Abuztua izan da hilabeterik onena, 15.642 bisitarekin, eta martxoa, uztaila, azaroa eta maiatza ere nabarmendu dira (12.339, 12.073, 11.424 eta 10.377, hurrenez hurren), aurreko urteko datuak hobetuta. Irailak ere, 10.000 bisitariak gainditu ez dituen arren (9.117), 2023ko datuak hobetu ditu.

Museoen arabera, BIBAT izan da 2023ko datuak hobetu dituen bakarra da, 54.620 bisita izatetik 58.137 izatera igaroz, eta horrela, bada, bisita guztien %49,2 bildu du. Aztarnategiei dagokienez, Iruña Veleiak 724 bisita gehiago izan ditu urte batetik bestera, 3.395 bisita izatetik 4.119 izatera igarota.

Europako Jardunaldiak

Bestalde, 2025rako aurreikusitako jarduerek «ohiko ildoari» jarraituko diotela zehaztu du, «aldi baterako erakusketetan ekoizpen propioak lehenetsiz». Horrela, ikastetxeentzako bisita eta tailer programak izango dira berriro, doako bisita kolektibo eta tematikoak eskainiko dira eta jarduera osagarriekin jarraituko da museoetan (solasaldiak, hitzaldiak, proiekzioak...).

Gainera, urrian berriro egingo dira Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak. Udazkeneko kultura erreferente gisa finkatuko dira, beste entitate eta erakunde publiko eta pribatu batzuen lankidetzara irekita.