Bidaiari

Lisboako A Brasileira kafetegia, Pessoaren garaiko esentzia berreskuratu nahian

Fernando Pessoa eta beste artistaren topaleku izateagatik ezaguna den kafetegi mitikoa dago Lisboan: A Brasileira. Jada, galdu egin du hasierako esentzia (bizitza kulturala aktibo mantentzea) eta horixe berreskuratu nahian dabiltza egungo jabeak. Horretarako, zenbait ekimen jarri dituzte abian.

Pessoaren brontzezko estatua dago kafetegiaren aurrean.
Pessoaren brontzezko estatua dago kafetegiaren aurrean. (Felipe RODRIGUEZ | Getty Images)

A Brasileira, XX. mendean Fernando Pessoa eta beste artistaren topaleku izateagatik ezaguna den Lisboako kafetegi mitikoa, derrigorrezko geraleku bihurtu da Portugaleko hiriburura joaten diren turistentzat, eta, ondorioz, munduko hamaika tokitan gertatu bezala, jatorrizko esentzia galdu du, orain jabeek pintura lehiaketa baten bidez berreskuratu nahi dutena.

Hamar pieza aukeratu dituzte eta bederatzi hilabetez zintzilik egongo dira kafetegiko hormetan, duela mende bat toki berean ikusgai jarri ziren lehen artelanen omenez. Margolari modernistei enkargatu zizkieten lan haiek.

Helburua da hasierako bizitza kulturala aktibo mantentzea, hura baitzen Adriano Soares Telles (1859-1932) A Brasileiraren sortzailearen asmoa.

A Brasileira XIX. mendearen amaieran sortu zen, etorkin portugaldarra bere jaioterrira itzuli zenean, Brasilen kafea ekoizten urte batzuk eman ondoren. Ordura arte Portugalen ezezaguna zen edaria.

‘A Brasileira do Chiado’

Bere potentzialaz konbentzituta, Soares Tellesek negozioa Lisboara eramatea erabaki zuen eta ‘A Brasileira do Chiado’ sortu zuen 1905ean hiriburuaren erdigunean, baina konturatu zen bezeroei ez zitzaiela gustatzen bere zapore garratza.

Bezeroen erantzuna ikusita, kafe katiluak doan zerbitzatzen hasi zen Brasildik inportatutako beste produktu batzuk erosten zizkion orori. Hiru urtez. Eta, azkenean, kafearen usainak portugaldarrak liluratu zituen. Gaur egun batzuk ezin dira bizi eguneroko ‘bica”rik gabe.

Enpresaria artearen eta prentsaren zale amorratua ere bazen eta hamabostero ‘A Brazileira’ izeneko argitalpena kaleratzen hasi zen Brasilgo kafea ezagutarazteko eta sustatzeko. Eta, horrez gain, margolan batzuk enkargatu zizkien geroago Portugalgo margolari modernista garrantzitsu bihurtu zirenei, hala nola José de Almada Negreiros (1893-1970) eta Stuart Carvalhais (1887-1961).

Hormen dekorazioaz haratago, Soares Tellesek belaunaldi horretako beste artista garrantzitsu batzuei eskatu zien bere kafetegiaren fatxada eta estaldurak diseinatzeko, establezimendua bera artelan bat izateraino.

Horren guztiaren ondorioz, A Brasileirako mahaiak solasaldien eszenatoki izan ziren, eta abokatuak, medikuak, idazleak eta gainerako sortzaileak egunero joaten ziren unean uneko gaiei buruz hitz egitera. Bezero ohikoenetako bat Fernando Pessoa (1888-1935) izan zen, Portugalgo XX. mendeko literatura-figurarik garrantzitsuenetakoa.