Bisita gidatua eta ikastaroa Iruña Veleia aztarnategiaren inguruan
Historia, arkeologia eta teknologia uztartuko ditu Iruña Veleia aztarnategi arkeologikoari buruz BIBAT eta UNEDek antolatutako diziplinarteko ikastaroak. Bisita gidatua ere egingo dute apirilaren 8an.

BIBAT Arabako Arkeologia Museoak eta UNED urrutiko unibertsitatearen Gasteizko zentro elkartuak Iruña Veleia aztarnategi arkeologikoari buruzko diziplinarteko ikastaroa antolatu dute. Zortzi prestakuntza saioak izango dira, astearteetan, otsailaren 18tik apirilaren 8ra, eta BIBATen bertan zein sarean egin daitezke, zuzenean edo geroratuta.
Arabako Foru Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez, historia, arkeologia eta teknologia uztartuko dituen programa prestatu da, eta diziplinarteko hurbilketa bat eskainiko du, alderdi historikoak, arkeologikoak, geologikoak eta kontserbaziokoak barne hartzen dituena.
Bisita gidatua
Iter 34 errepidea Veleiatik igarotzea, harresiaren ikerketan egindako azken aurrerapenak, macellumaren indusketak, arkeologiako teledetekzioa, objektu arkeologikoak zaharberritzea eta hondakin arkitektonikoak finkatzea dira landuko diren gaietako batzuk. Amaitzeko, bisita gidatua egingo da Iruña Veleiara apirilaren 8an.
Ikastaroan ospe handiko profesionalek parte hartuko dute, hala nola Rafael Varon Hernandez, Blanca Renedo Villaroya, Paloma Lopez Sebastian, Jose Manuel Martinez Torrecilla, Luis Miguel Martinez-Torres, Javier Ordoño, Oscar Reinares Fernandez eta Bibat Arabako Arkeologia Museoko teknikariek.
Artearen Historian doktore eta Gasteizko UNEDeko irakasle-tutore Gorka Lopez de Munain Iturrospek zuzenduko du ikastaroa, eta 20 irakastordu eta ECTS kreditu bat eskainiko ditu (izapidetzen). Aurrez aurre zein sarean (zuzenekoa edo geroratua) egiteko irekita dago, eta doako izen-ematea irekita dago.