Bidaiari

Mendi Tour ziklo ibiltaria, Iruñean

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia nazioarteko jaialdiaren Mendi Tour ziklo ibiltariak 2025eko denboraldia hasi berri du. Otsailaren 3tik 6ra Iruñeko Golem Baiona zinema aretoetan izango da.

Karttela.
Karttela. (BBK Mendi Film)

Mendi Tour ziklo ibiltariak antolatutako emanaldietara bertaratzen direnek «mendiko zinemarik onenarekin eta berrienarekin gozatuko dute berriro ere», antolatzaileek ziurtatu dutenez.

Alpinismoa, eskalada, muturreko eskia, mendi lasterketak, high-line, dantza bertikala eta abentura bidaiak gaitzat dituzten 11 film proiektatuko dira, 2024ko abenduko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaian sarituak eta hautatuak izan zirenak. Jaialdiko irabazle zerrendako bost sari daude ordezkatuta Golem Baionako egitarauan.

Bi saio

Egunean bi saio eskainiko dira, 17:30ean eta 20:15ean, bietan programazio berarekin. Sarrerak golem eta mendifilmfestival webguneetan eta leihatilan eros daitezke. Lau jardunaldietako bonuak 20 euro balio du, eta banakako sarrerek, berriz, 6 euro.

Ondoren, honako lekuetan izango dira Mendi Tour zikloaren hurrengo geldialdiak: Vigo, Irurtzun, Donostia, Eskoriatza, Otxandio, Leioa, Canet d'en Berenguer, Vielha e Mijaran, Tolosa, Valladolid, Eibar, Igorre, Gasteiz, Bilbo, Agurain, Zaldibar eta Hondarribia.

2025eko denboraldia Gijonen hasi zen, urtarrilaren 15ean, AMA Torrecerredo klubak antolatutako 45. Nazioarteko Mendi Astearen baitan. 300 ikusle inguruk gozatu zuten ‘Andrea. An unpaved route’ eta ‘The red face zone’ filmak ikusiz, Jabier Baraiazarra Mendi Film jaialdiko zuzendariak aurkeztutako saioan.

Euskal Herritik abiatu eta Espainiako Estatuko areto eta zinema aretoetan modu ibiltarian proiektatuko diren filmen katalogo berria aurkezteko ere baliatu zen hitzordua. Horrela, 2024ko edizioan saritutako zazpu film daude katalogoan, baita zinemaldiaren hasiera ekitaldirako aukeratutako ‘Nuptse-L'Inaccessible absolu’ eta Mendi Film Bizkaia Ternua bekaren laguntzarekin egindako ‘Peligro. No asomarse’ ere.

Filmak jatorrizko bertsioan proiektatzen dira beti, Mendi Film jaialdiak berariaz sortutako azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz jartzeko aukerarekin.