Bidaiari

‘Bilbao izan’ itzuliko da maiatzean hiriko auzoetako ondarea eta historia hurbiltzeko

Bilboko Udalak ‘Bilbao izan’ programaren edizio berri bat jarriko du martxan maiatzean hiriko auzoetako ondarearen eta historiaren zabalkundea sustatzeko, eta, urtea amaitu arte, herritarrek doako hainbat jarduera izango dituzte, irekiak eta publiko guztientzat.

Aurtengo kartela.
Aurtengo kartela. (bilbaokultura.eus)

Trenbidea ardatz duten bisita gidatuak, Bilboko zenbait auzoren historiari buruzko ikus-entzunezko materialen proiekzioa, ‘Txio ta Txio’ hiriko eskolei eta iraganeko hezkuntzari buruzko bideoen argitalpena eta aurten San Adrianen oinarrituko den ‘Argazkineta’ proiektua dira ‘Bilbao izan’ osatzen duten ekimenak.

‘Bilbao izan’ batez ere bertako biztanleei zuzenduta dago, baina hiria bisitatzen duten pertsonei eta arrazoi desberdinengatik hiribilduaren ezagutzan sakondu nahi duten guztiei ere dago irekita.

‘Trenbidea Bilbotik jarraituz’

Maiatzean, ekainean eta uztailean bisita gidatuak egingo dira ‘Trenbidea Bilbotik jarraituz’ izenburupean. Ametzola, San Adrian eta Abusu auzoetan barrena izango dira, haien historia ezagutarazteko, trenbidea hari gidari bezala hartuz.

Bisita gidatuak aire zabalean izango dira, oinez eta doan, ordu eta erdi inguruko iraupena izango dute, ibilbide atsegin eta irisgarriarekin, eta parte hartzaileek eduki historikoak modu atsegin eta argigarrian planteatuko dituen gida bat izango dute. Maiatzaren 7tik ekainaren 1era Ametzolan egingo dira bisitak, ekainaren 4tik 29ra San Adrianen eta uztailean Abusun.

Euskarazko eta gaztelaniazko taldeak antolatuko dira eta auzo bakoitzeko bisita talde batek zeinu hizkuntzareren interpretea izango du. Erradiogida bana emango zaio parte hartzaileei eta, hori dela eta, izena eman duten pertsonei eskatu zaie elkargunera hasiera baino hamar minutu lehenago joateko.

Ekimenean parte hartu ahal izateko aldez aurretik plaza erreserbatu beharko da bilbaoizan webgunean. Izena eman eta bertaratu aurretik kontuan hartu beharreko informazio guztia web orri horretan bertan egongo da.

Lehenengo bi asteetako Ametzolako bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 5etik aurrera eman ahal izango dute izena; bigarren hamabostaldirako izen-ematea maiatzaren 19an hasiko da.

Bestalde, ‘Ezagutu dezagun gure auzoen historia irudietan’ ekimena Deustu, Deustuko Erribera, Arangoiti, Ibarrekolanda, Sarriko, San Inazio eta Elorrietan oinarrituko da.

Ekimenaren bidez, telebista pantaila bat jarriko da San Inazio-Ibarrekolanda udaltegian, eta toki horien historian sakontzeko argazkiak eta ikus-entzunezko lanak erakutsiko ditu maiatzaren 5etik ekainaren 28ra, astelehenetik larunbatera, goizez eta arratsaldez, sarrera librearekin.

‘Txio Ta Txio’ bideoen edizio berria

Era berean, ‘Txio Ta Txio’ bideoen edizio berria irailean hasiko da, eta aurten Bilboko eskolen eta iraganeko hezkuntzaren ingurukoak izango dira. Udaleko sare sozialek gai horri buruzko pasadizo txikiak, datu ezezagunak, pertsonaia aipagarriak eta istorio bitxiak ezagutzera emango dituzte, formatu erraz eta atseginean, erraz ikusi eta partekatzeko moduan.

Gainera, aurreko urteetako ‘Txio Ta Txio’ bildumak berriro ikusi nahi dituzten guztiek Bilbao Kultura udal erakundearen Youtubeko kanalaren bidez eskuratu ahal izango dituzte.

Orobat, udazkenean hasiko da ‘Argazkineta’ proiektuaren zazpigarren edizioa, eta San Adrian auzoan oinarrituko da. Bilboko auzoetan ekoitzitako oroigarrien eta material dokumentalaren bilketa selektiboa egingo da berriro.

Azkenik, ‘Argazkineta’ garatzen den hilabeteetan bildutako dokumentu, argazki zahar eta lekukotzen bideoak erakutsiko dira parte hartzaileei eta herritar orori irekitako ekitaldi parte hartzaile, publiko eta ireki batean.