Gazteria eta antzerkia, uztartuta Donostiako hainbat auzotan
Gazteria eta antzerkia berriz ere eskutik helduta izango dira Donostiako zenbait auzotan, Gazteen Antzerki Topaketei esker. Maiatzaren 14tik ekainaren 13ra arte, 19 antzezlan izango dira ikusgai hiriburuko zenbait eszenatokitan.

Donostia Kulturarekin elkarlanean Donostia Gazteriak antolatuta, 36. Gazteen Antzerki Topaketa izango da maiatzaren 14tik ekainaren 13ra. Guztira, 19 antzezlan izango dira ikusgai hiriburuko zenbait eszenatokitan: Victoria Eugenia antzokiko Club aretoa, Antzoki Zaharrra, Gazteszena (Egiako Kultur Etxea), Lugaritz Kultur Etxea (Antigua), Intxaurrondo Kultur Etxea eta Kontadores gazte zentroa (Bidebieta).
Antolatzaileek topaketaren aurkezpenean adierazi dutenez, helburu nagusia da gazteria eta antzerkiaren arteko harremana sustatzea, antzezle edo publiko izateko aukera baitute emanaldietan. Era berean, gazteen artean kultura ekitaldietara joateko ohitura bultzatu nahi da, baita haien sortzaile gaitasuna ere.
Kultur ekoizpena
Horrez gain, Donostiako Gazteen Antzerki Topaketaren bitartez, parte hartzaileen kultur ekoizpenaren berri eskaintzen da, antolatzaileen zabalkunde kanalei eta espresuki topaketarako sortutako materialei esker.
Urtero bezala, topaketan zehar ekoizpen propioak nahiz klasikoak ikusi ahal izango dira. Kimetz Etxabe, Irati Muñoz eta Eider Villalba antzezleak arduratuko dira antzezlanak baloratzeaz. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 14an izango da, Victoria Eugeniako Club aretoan.
Emanaldi bakoitzerako sarreraren prezioa 3 euro izango da espazio guztietan, eta Victoria Eugenia, Antzoki Zaharra, Gazteszena, Intxaurrondo eta Lugaritzekoak asteartetik aurrera erosi ahalko dira, Donostia Kulturako webgunean eta leihatiletan. Kontadores gazte zentroko emanaldietarako sarrerak antzezpen egunean bertan erosi ahal izango dira, bertako leihatilan.