Amsterdameko bizilagunek ekintza legalekin mehatxatu dute Udala turismo masiboagatik
Amsterdamgo herritar talde batek Udala auzitegietara eramatearekin mehatxatu du, turismo masiboaren aurkako arau propioak urratzeagatik. Bi aste eman dizkio eskaerari erantzuteko eta beharrezko neurriak berehala hartzeko.

2021ean ordenantza turistiko bat lortu zuen herri-ekimenaren bultzatzaileek Justiziaren aurrera eramango dute orain Udala. «Pazientzia amaigabea izan dugu, baina hogei milioiko muga urtez urte gainditzen da. Lege-ekintzak bakarrik geldizten zaizkigu», esan zuen ‘Amsterdam heeft een Keuze’ fundazioaren sortzaile Jasper van Dijkek.
Udal kontzejuak ia aho batez onartu zuen 2021ean 30.000 sinadura baino gehiago bildu zituen herritarren proposamena, eta erabaki zuen ostatu-gauak hogei milioi baino gehiago badira, Udalak neurriak hartu behar dituela. 2023an 22,1 milioi ostatu-gau izan ziren, 2024an 23 milioi baino gehiago, eta datozen urteetan 25 milioi ere izan daitezke.
«Udalak berak 20 milioiko muga ezarri zuen. Betetzen ez bada, alda dezatela edo errespetaraz dezatela. Baina oraintxe bertan ez dute bi gauzetako bat ere egiten», adierazi zuen Van Dijkek. Demanda judiziala hasi baino lehen, kolektiboak jakinarazpen formal bat bidali dio Udalari turismo masiboaren ondorioak azalduz.
Ohartarazi dute bertako saltokien ordez «oroigarri-dendak» jartzen ari direla. «Hotelak eta B & Bs nonahi sortzen ari dira». Eta, haien esanetan, egoera horrekin «Amsterdam esentzia galtzen ari da».
Neurri batzuk
Udalak turismoa mugatzeko neurri batzuk hartu ditu, hala nola Auzo Gorrian marihuana erretzeko debekua, taberna eta jatetxeetako ordutegien murrizketa, ibai-gurutzaldietarako arau zorrotzagoak eta turismo-zergaren igoera, baina, fundazioaren iritziz, ekintza horiek ez dira nahikoak gaualdiak hitzartutako mugatik behera mantentzeko.
Funtziona lezaketela uste duten proposamenen artean, Udalaren azterketa bat aipatzen da, zeinak erakusten duen zerga turistikoa nabarmen handitzeak eragina izango lukeela. Halaber, eskatzen dute «egoiliarren irizpidea» aplikatzea, turistei coffeeshopsetan sartzea galarazten diena. Jakina da establezimendu horietan kontsumo pertsonalerako kanabisaren salmenta onartzen dela.
Fundazioak bere ekimenarekin bat egiteko deia egin die Amsterdameko biztanleei eta gogorarazi du: «Ez gara lau bizilagun haserre. Aldaketa nahi duten milaka pertsona ordezkatzen ditugu».