Bizikleten mantentze ikastaroak, mugikortasun jasangarria eta segurua sustatzeko
Ekainaren 11, 18 eta 25ean bizikleten oinarrizko mantentze lanei buruzko doako hiru ikastaro egingo dira Gasteizen. Azken helburua da «mugikortasun jasangarria eta segurua sustatzea».

Gasteizko Aldabe eta Landatxo gizarte etxeek eta Landazuri kiroldegiak bizikleten oinarrizko mantentze lanei buruzko doako hiru ikastaro antolatu dituzte ekainaren 11, 18 eta 25erako. Bi orduko lantegien helburuak dira konponketa errazak egiten irakastea eta hiri osoan dauden konponketa estazioak ezagutaraztea.
Miren Fernandez de Landa Gasteizko Udaleko Gobernu Irekiko eta Gizarte Etxeetako zinegotziak gogorarazi du joan den maiatzaren 19an 15 konponketa estazio finko jarri zirela martxan ‘Gasteiz Hobetuz’ programari esker.
Mugikortasun jasangarria eta segurua
Gizarte etxeen sareak eta zenbait kirol instalaziok doako gune horiek eskaintzen dituzte hiri osoan zehar, nahi duenak bizikleta mantentzeko edo konpontzeko lan txikiak egin ditzan. Orain beste urrats bat emango dute eta oinarrizko nozioak behar dituztenentzako ikastaroak eskainiko dituzte. Azken helburua da «mugikortasun jasangarria eta segurua sustatzea», zehaztu du.
Lehen tailerra ekainaren 11n izango da Landatxon; hurrengoa, ekainaren 18an Landazurin, eta azkena, 25ean Aldaben. Lehenengo bi kasuetan 18:00etatik 20:00etara izango da lantegia, eta azkena 11:00etatik 13:00etara. Doakoak izango dira, baina aldez aurretik izena eman behar da edozein gizarte etxetan edo kirol instalaziotan.
Ikastaroak elebidunak izango dira eta 12 urtetik gorakoek parte har dezakete. Ikastaroak instalazioen kanpoaldean dauden bizikletak konpontzeko tokietan egingo dira.