Greziak 20 eurora arteko tasak kobratuko dizkie gurutzaldietako bidaiariei
Uztailaren 1etik aurrera Greziako portuetan lehorreratzen diren itsas bidaiariek 5 eta 20 euro arteko tasa ordaindu beharko dute. Masifikazio turistikoaren ondorioak etetea eta tokiko azpiegitura indartzea helburu dituen neurria da.

Tarifarik altuena, 20 eurokoa, Santorini eta Mikonos uharteetan lehorreratzen diren gurutzaldietako bidaiariei aplikatuko zaie. Ziklade artxipielagoko bi irla hauek 40.000 biztanle baino ez dituzte eta zazpi milioi turista inguru jaso zituzten 2023an.
Greziako gainerako uharteetan eta portuetan, tasa turistikoa pertsona bakoitzeko bost eurokoa izango da goi-denboraldian.
Greziako Gobernuaren arabera, neurriak 50 eta 100 milioi euro arteko diru-sarrerak ekarriko ditu urtero diru-kutxa publikoentzat.
Neurriak itsas bidaiez betetako helmugak (Santorini eta Mikonos) arintzea bilatzen duen arren, honako helburu hauek ere baditu: turismo-helmugetako azpiegiturak finantzatzea, portuak edo ur-hornidurako sarea modernizatzea eta, oro har, turismo jasangarria sustatzea.
Milaka biztanle gutxi batzuk baino ez dituzten Greziako hainbat uhartek milioika turista jasotzen dituzte udan, eta horrek tentsioan jartzen ditu portuak edo uraren edo elektrizitatearen hornidura-sistemak.
Gurutzaldietako dozenaka mila turista lehorreratzen dira egunero Santorinin udan, eta horrek jendetza handia eta bertako herri ezagunenen itxura aldatzea eragiten du.
Gurutzaldien kopurua arautza
Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroak joan den irailean adierazi zuenez, bere Gobernuak zenbait uhartetara egunero irits daitezkeen gurutzaldien kopurua arautzeko asmoa zuen, jendetza handiak saihesteko.
Tarifa berria urtaroaren arabera aldatuko da; beraz, urrian, apirilean eta maiatzean 12 eurokoa izango da Mikonos eta Santorinirentzat eta hiru eurokoa, berriz, gainerako portuentzat. Azarotik martxoa amaitu arte, berriz, lau eurora jaitsiko da bi uharte horientzat, eta euro batera gainerakoentzat.