Arte urbanoa, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako hiri paisaia koloreztatzeko
DendART arte urbanoko egitasmoaren bigarren edizioa jarri du martxan Bilboko Udalak, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalan itxita eta jarduerarik gabe dauden saltokien pertsianak eta paretak gune erakargarri bihurtzeko. Proiektuaren bidez, merkataritzaren eta negozio berrien sektorea biziberritu eta aktibatu nahi da auzoan. Eta, bide batez, kaleak koloreztatu.

Bilboko Udalak sustatuta eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuta, BilbaoHistoriko eta Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako merkatarien elkartearekin lankidetzan egiten da DendART. Hiri paisaia eraldatuz eta edertuz merkataritza eta gizartea biziberritzeko udal ekintzako plan oso baten barruan kokatzen da egitasmoa, sustatzaileen esanetan.
DendART ekimenaren bigarren edizioan pertsianak apainduko dituzten guneak Hernani, La Laguna, Aretxaga, Mariaren Bihotza plaza, Cortes eta San Frantzisko kaleak dira. Helburua da bisitarientzako merkataritza eremua handitzea eta inguruan lokalen alokairuak eta erosketak sustatzea.
Bisita gidatuak
Aurtengo hamar horma irudi artistikoak ospe handiko bost artistak sortu dituzte: Bea Aparicio, Maria Altuna, Camilo Garcia eta Elisabeth Perez dira, Kiko Alcazar komisarioarekin batera. Hamar lanek Bilboko kulturari eta historiari egindako keinuak irudikatzen dituzte, elementu eta pertsonaia ikonikoekin, besteak beste, Maria Diaz Harokoa, Pedro Telesforo Errazkin, Kika barkillo saltzailea, Maria Maeztu edo saregileak. «Hala, proiektua ekimen komertziala bihurtuko da, baina baita kulturala ere», adierazi dute.
DendART ekimenaren bigarren edizioan doako bisita gidatuak egingo dira herritarrentzat; otsailaren 7an eta 14an, 12:00etatik aurrera. Jardueretan aurretik izena emateko posta elektronikoa bidali beharko da bhk@bilbaohistoriko.org edo asociacion@sanfranbilbizabala.eus helbideetara, edo 685 031 110 edota 609 693 679 telefonoetara deitu.