‘National Geographic’ aldizkariak Urdaibai sartu du 2026ko Jomuga Jasangarri Onena izateko hautagaien artean
‘National Geographic’ aldizkariak Urdaibai sartu du 2026ko Bidaia Irakurleen Sarien laugarren edizioko Jomuga Jasangarri Onena kategoriako zazpi finalisten artean. Turismo arduratsuarekin, ingurunea errespetatzearekin eta jasangarritasun balioekin lerrokatuta egoteagatik nabarmentzen diren jomugak aintzatesten dituzte sariok.

Urremendi Landa Garapeneko Elkarteak jakinarazi duenez, hautagaitza «mugarri berri bat» da Urdaibairentzat, eta «turismo plangintzan, lurraldearen kudeaketa orekatuan eta bertako natura eta kultura-ondareari balioa ematean egiten ari den etengabeko lana» aitortzen du.
Urdaibaiko turismo kudeaketaren ardura duen Urremendi Landa Garapeneko Elkarteak «oso positibotzat» jo du izendapena. «Hautagaitza hau aspaldidanik egiten ari garen bidearen emaitza da: ingurua kontserbatu, tokiko biztanleen ongizatea zaindu eta bisitatzen gaituztenei kalitatezko esperientzia eskaintzeko egiten den lana aitortzen du, eredu turistiko orekatu baten aldeko apustua», adierazi du Aitziber Ansotegi Urremendiko gerenteak.
Nabarmendu duenez, aitorpen hau «ez da ekintza puntual baten emaitza, eskualdearen talde lanaren, erakundeen, tokiko eragileen eta turismo sektorearen arteko lankidetzaren eta jasangarritasuna Urdaibaiko turismo garapenaren erdigunean jartzen duen estrategia partekatu baten emaitza baizik».
Herri bozketa bidez
‘National Geographic Bidaiak’ aldizkariko irakurleen sariak herri bozketa bidez erabakitzen dira, eta irakurleek eta komunitate digitalak aukeratuko dituzte kategoria bakoitzeko jomuga irabazleak. Bozketen azken emaitzak apirilaren 21ean jakinaraziko dira, eta botoa emateko aukera otsailaren 22ra arte dago zabalik.
Urremendi elkartetik parte hartzeko deia luzatu dute: «Hautagaitza hau babestea Euskadin Urdaibai bezalako enklabe zoragarri bat izatearen harrotasuna erakusteko modu bat ere bada, turismo jasangarrian eta lurraldearen kudeaketa arduratsuan erreferente dena».