Bidaiari

Tratu Truke azoka, herritarren proposamena ‘Gasteiz Hobetuz' ekimenaren baitan

Gasteizko Antso Jakituna kaleko pergoletan azoka berezi bat izango da otsailaren 8an: Hiriko Tratu Truke azoka. ‘Gasteiz Hobetuz’ ekimenaren baitan antolatutako hitzorduaren helburua da erabiltzen ez diren objektuei bigarren bizitza  ematea.

Truke Azokari buruzko esku-orria.
Truke Azokari buruzko esku-orria. (Gasteizko Udala.)

Gasteizko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, azoka ‘Gasteiz Hobetuz’ programaren laugarren edizioaren baitan antolatu da, herritarren proposamenak biltzen dituena ondoren errealitate bihurtzeko.

Azoka 11:30etik 14:00etara egingo da, baina bilketa urtarrilaren azken egunean hasi zen Landazuriko kiroldegian. Astean zehar egongo da zabalik jasotzeko zerbitzua, astelehenetik ostiralera, otsailaren 2tik 6ra, 18:00etatik 20:00etara.

Trukerako onartuko dira jostailuak (gerrakoak izan ezik), liburuak, arropa, bisuteria eta miszelanea (musika, objektu apaingarriak, teknologikoak). Ez dira onartuko etxetresna elektrikoak, smart objektuak, objektu iraingarriak, entziklopediak eta altzariak. Pertsona bakoitzak, gehienez, hamar objektu entregatu ahal izango ditu.

Koloretako txartelak

Biltzen diren artikuluek egoera onean beharko dute, funtzionatzeko moduan eta garbi, pieza guztiak eduki beharko dituzte, eta ez dira hautsita egongo. Objektu bakoitzaren balorazioa hiru irizpideren araberakoa izango da: egoera, sortzen duen interesa eta merkatuan duen balioa. Kupoi moreak irizpide bat betetzen duela esan nahiko du; laranjak, bi; eta berdeak, hiru; kupoiak metatu ahal izango dira, eta balio bereko edo txikiagoko objektuak hartzeko aukera emango dute.

Truke azokan parte hartzeko prozedura erraza da. Urtarrilaren 31tik otsailaren 6ra bitartean, erabiltzen ez diren objektuak entregatu eta dagozkien txartelak lortu ahal izango dira. Otsailaren 8an, txartel edo kupoi horiek eskuratu nahi diren produktuengatik aldatu ahal izango dira. Horrez gain, 13:00etatik 14:00etara, txartelik eman gabe artikuluak lortzeko aukera emango da happy hour izenekoan. Parte hartu nahi duten adingabeek gurasoen baimena beharko dute.