Bidaiari

Gasteizko Prado kaleko kioskoa, hiriko kultur eskaintzaren informazio-gune

Gasteizko Udaleko Hirigintza Elkartea den 21 Zabalguneak Prado kaleko prentsa salmentako kiosko historikoa jarri du berriro martxan, hiriko kultur jardueraren eskaintza zabaltzeko informazio-gune bihurtuz.

Prado kaleko prentsa salmentako kiosko historikoa.
Prado kaleko prentsa salmentako kiosko historikoa. (Gasteizko Udala.)

Kioskoa Prado eta Becerro de Bengoa kaleek bat egiten duten tokian dago, gune estrategikoan, Zabalgunera eta hirigunera oinez iristeko bide nagusietako batean. Pariseko inspiraziokoa eta 1920ko hamarkadan eraikia, ondare balio handiko eraikinez inguratuta dago, hala nola Katedral Berria, Batzar Nagusiak eta Eusko Legebiltzarra, eta modu harmonikoan integratzen da aberastasun arkitektoniko handiko eta oinezkoen joan-etorri handiko ingurune horretan.

Espazioak jatorrizko diseinuaren estiloa mantendu du, eta alboetako batean Mitxo Cemillan artista gasteiztarraren ilustrazio bat erantsi zaio. «Bere eginkizun nagusia informazio kultural interesgarria ematea izango da, erakusketak, kontzertuak, antzezlanak, jaialdiak, familia jarduerak eta beste proposamen nabarmen batzuk barne», esan du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak.

Gune bizi, irisgarri eta estrategikoa

Ekimen honen bidez, kioskoa tokiko kultura zabaltzeko gune bizi, irisgarri eta estrategiko gisa sendotuko da, herritarren eta lurraldeko kultur eskaintza zabalaren arteko topaketa bultzatuz.

Proiektua Hiri Eredua, Sustapen Ekonomikoa eta Kultura udal sailek bultzatu dute, 21 Zabalgunea sozietatearekin batera, eta Eko-Barruti Ekintzailea proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu horren helburua da hiriaren erdialdeko barrutia sozioekonomiko eta urbanistikoki biziberritzea, ekodiseinuarekin eta ekoberrikuntzarekin lotutako jarduerak bultzatuz. Ekimenak Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren Ministerioaren finantzaketa jaso du.