bidaiari - bidaia aldizkaria

Azaroa, erakustaldien hilabetea La Encartada fabrika-museoan

Azaroan zehar, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoak ateak irekiko ditu azaroan, urtero bezala, ‘Azaroa: Erakustaldien hila’ ekimenari esker. Hilaren larunbatetan egingo da (8, 15, 22 eta 29), eta bisitariek aukera paregabea izango dute hamarkada askotan eskualdeko industriaren motorra izan zen ehungintzako makineriaren historia eta funtzionamendua ezagutzeko.

Fasbrikako makina bat. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Egitaraua azaroaren 8an abiaraziko da, konponketa eta doitze erakustaldi berezi batekin. Miguel Ángel Martínez Vítorrek erakutsiko du bi emanalditan –11:00etan eta 12:15ean– anezketarako trama harilkatzeko kanilari bat konpontzeko behar den guztia diseinatu eta egiteko prozesu zehatza. Makina txiki horri –duela gutxi jaso du museoak dohaintzan– higiduragatik egoera txarrean dituen piezak ordezkatu behar zaizkio. Vítoresek erakutsiko du nola egin lan horretako urrats guztietako bakoitza.

Astebete geroago, hilak 15, Ninet & Co etxeko ehungailu mekanikoa jarriko da martxan, hiru saio jarraitutan. Kataluniako jatorria duen makina automatiko hori 1905-1906 inguruan fabrikatu zen. Laurentino de Cabo Cordero arduratuko da ehungailuak nola funtzionatzen duen erakusteaz. Haren erabilera historikoa azalduko du, batez ere, tapakiak egiteko.

Trikotatzeko makinak

Hurrengo larunbatean, azaroak 22, María Pérezek, La Encartada fabrikako langile ohiak, trikotatzeko makinen funtzionamendu hutsetik harago doan erakustaldia eskainiko du, ondo ezagutzen duen makineria baita. Maríak bi hamarkadatan txapelak trikotatzeko sekzioan bizi izan zituen lan-berezitasunak eta -baldintzak azalduko dizkio publikoari. Jarduera bi emanalditan eskainiko da, 12:00etan eta 13:00etan.

Azken erakustaldia, hilaren 29an egingo dena, ehunen ertzak josteko makinari buruzkoa izango da. Fabrika zaharrarekin lotura estua duten bi pertsonak txapelen muturrak lotzen dituen makina delikatu horrek nola funtzionatzen duen erakutsiko dute. Horrez gainera, irakatsiko dute sokak txirikordatzeko eta jantzi hori definitzen duen erremate-errabitu bereizgarria aplikatzeko teknika. Saioa 11:30ean egngo da.

Erakustaldi horietara joateko, ezinbestekoa da aurretik erreserba egitea, 94 680 07 78 telefonora deituta edo laencartada@bizkaia.eus helbidera idatzita. Plaza-kopurua mugatua da; beraz, aldez aurretik erreserbatzea gomendatzen da.

Bizkaiko Foru Aldundiak industria-ondarearen kontserbazioa eta zabalkundea bultzatuko du ekimen honen bidez.