Ane IPARRAGIRRE | FADEL SENNA (AFP)
INZERTIKO ERLAUNTZA BURRUNBARIK GABE

Inzerkiko erlauntzeanburrunbarik ez

Munduko erlauntza kolektibo tradizionalik zaharrena eta handiena denez, Marokoko Inzerki herriko biztanleak beti egon dira harro. Alabaina, egun oso kezkatuta daude, udaberrian ez dutelako burrunbarik entzun, ez behintzat aurreko urteetan bezainbeste. Koloniak sikatzen ari omen dira lehortearen ondorioz. Eta erleak, hiltzen.

Inzerkiko erlauntzaren egoera larriak biztanle gehienak kezkatzen ditu, baina horietako batzuk kaltetuago sentitzen dira. Brahim Chatoui erlezaina da horietako bat. Kexu da bi hilabete eskasean erlekumeen herenak galdu dituelako. «Urte sasoi honetan, eremu hori erlez beteta egon beharko litzateke; gaur egun, ordea, isiltasunak ordezkatu du burrunba», esan du eguzki kiskalgarriaren pean izerditan blaitutako erlauntzak ikuskatzen dituen bitartean. «Gaur erritmo beldurgarrian ari dira hiltzen».

Afrika iparraldean polinizatzaile kritikoen heriotza masiboek era kezkagarrian gora egin dute; «Kolonien kolapsoaren desordena» du izena fenomenoak. Mundu osoan gertatzen ari da. Adituek diotenez, erleen bat-bateko heriotzak naturaren suntsipenarekin eta pestiziden erabilera neurrigabearekin lotuta daude askotan.

Alta, Marokoko agintarien arabera, horren arrazoia beste bat da: 40 urtean herrialdea astindu duen lehorterik larriena, erleek elikatzeko behar dituzten landareak nabarmen murriztu dituena.

Arganeraie Biosfera Erreserban

Inzerkiko erlauntza kolektiboa Arganeraie Biosfera Erreserbaren bihotzean dago, mendi-magal eguzkitsu batean, Unescok babestutako 2,5 milioi hektareako eskualdean, Rabat hiriburutik 415 kilometro hego-mendebaldera. 1850. urtean eraiki zuten herritarrek.

Erlauntza ikusgarria da, harrigarria, benetan: bost pisuko egitura du, zurezko eskora eta lokatz lehorrez egina, mendi-mazelan behera. Konpartimentu bakoitzak zumezko erlauntza zilindriko bat du, lurrez eta behi simaurrez egindako nahasketa batekin estalia.

Antonin Adam erleen gaian adituak ere uste du mundu mailan gertatzen ari den lehortea dela egungo egoeraren arrazoi nagusia, baina ustezko beste zioak ere gehitzen ditu: erleek gaixotasunen aurrean duten kalteberatasuna, artzaintza nomadaren praktika kaltegarriak, nekazaritza intentsiboa eta herrialdeak ezti-ekoizpena handitzeko duen grina.

Edonola ere, Inzerkikoa ez da arazoak dituen erlategi bakarra. UAM Marokoko erlezainen sindikatuko kide Mohamed Choudanik argi utzi nahi du krisiak eragin zuzena izan duela herrialde osoko erleen populazioan. Iazko udan, adibidez, Marokoko 36.000 erlezainek 910.000 erlauntz ingururekin egiten zuten lan, 2009an baino %60 gehiagorekin, datu ofizialen arabera. Baina, Choudaniren esanetan, abuztutik Beni Mellal-Khenifra eskualdean bakarrik 100.000 kolonia galdu dira.

Ezinbesteko polinizatzaileak

Erleak zein beste polinizatzaile batzuk ezinbestekoak dira loredun landare eta elikadura-labore gehienen ugalketa-prozesuan. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak behin eta berriz azpimarratu izan du erleek «funtsezko zeregina» dutela «pertsonak eta planeta osasuntsu mantentzeko». NBEk, berriz, beharrezkoak direla dio «goraka ari diren ingurumen-arriskuen zaindari gisa».

Inzerkiko biztanleen iritziz, erlauntzen arazoak, hondamendi ekologikoa eta ekonomikoa ez ezik, herentziaren krisia ere badakar. Ildo horretan, Chatouik gogorarazi du biztanle askok ezin dietela aurre egin galerei. «Familia batzuek erlezaintzari uko egitea erabaki dute, besterik gabe», aitortu du.

Gainera, Inzerkiko erlauntzen egiturak arazoak ditu. Zati batzuk, ondare nazional gisa katalogatu berri izan direnak, hondoratuta daude. Hassan Benalayat geografoaren iritziz, klima-aldaketaz gain, hainbat faktorek eragin dute utzikeria; besteak beste, nekazaritza modernoak eta mendi-eremuetako exodoak. Herrian 80 familia inguruk erleak hazi dituzte noizbait. Gaur egun, aldiz, 20ra ez dira iristen. «Premiazkoa da ondare aberats hori bizirik mantentzea», ohartarazi du.

Egoera larriaren aurrean, Chatouik eta beste bizilagun batzuek elkarte bat sortu berri dute egitura berrezartzeko. Horrez gain, usain-belarrak landatu dituzte lurraren idortasunari eusteko eta, ondorioz, erleek hobe onar ditzaten baldintza bero eta idorrak. «Egoera kritikoa da, baina ez dugu horregatik amore emango», ohartarazi du Chatouik. Orain erlategia birgaitzen saiatzen ari dira. «Helburua ez da eztia ekoiztea, baizik eta erlauntzak babestea eta erleen biziraupena ziurtatzea urte hobeak iritsi bitartean».