Egin planak

Oiongo topaketa enogastronomikoa

Uztailak 22-23

Oionek lekukoa hartu dio Bastidari, V. Topaketa Enogastronomiko Jasangarria antolatzeko. “En torno a la mesa” izena daraman festak, Arabako Errioxako ardotegiak janari eta edari onen inguruan batuko ditu. Topaketa hiru zatitan banatuta egongo da. Mahai Experience proposamenak (uztailak 22 eta 23) inguruko ardoak plater fin eta musikarekin uztartuko ditu; kalitatezko produktuekin egindako pintxoak izango dira, Raul Romo Laser Sax saxofonistak jotzen duen bitartean. Uztailaren 23an, gainera, Valdemar upategian, iluntzerako afari berezia prestatu dute, non Eduardo Moreno Quartetek jazz kontzertua eskainiko duen.

Azoka enogastronomikoan (uztailaren 23an, goizez) doako ardo eta janari dastaketa izango da. Bertako produktu ekologikoak erosteko aukera ere egongo da: txorizoa, frutak eta barazkiak, marmeladak eta pateak, oliba olio birjina, Idiazabal gazta, gildak eta Ibarrako piparrak, euskal pastela, etxean egindako erroskillak, ogia, gazta mota desberdinak eta txokolatea.

Azkenik, egun berean, Guardia eta Oion elkartzen dituen eta mahastien artean igarotzen den GR-38 ibilbidea oinez egin ahal izango da (4 ordu - 17,5 km). Hasieran Arabako Errioxako jaki eta edariak dastatu ahal izango dira, eta bide erdian ere geldialdi bat egingo da Gomez de Segura upategian. Ibilaldia Guardian hasiko denez, hara joateko Oionetik autobusa jarriko dute 17.45ean, eta oinez 18.15ean hasiko dira.