Sastraka: ezinezko bidai baten kontakizuna

Jon URBE
Jon URBE

Azaroa eta urtarrila

“Sastraka/Maleza” izenburua duen proiektua arlo ezberdinetan arituak diren lau lagunen emaitza da. Erakusketa bat da, bai, baina hori baino gehiago ere: liburu-objektu elebidun bat -Erein etxeak argitara eramana-, musika emanaldi bat eta gogoeta aunitz. Pello Lizarralde idazle zumarragarrak José Ignacio Agorreta margolariari igorritako 24 testutan du oinarria “Sastraka”k, eta handik tiraka sortu zituen, ondoren, Agorretak berak 27 margo. Bilduman dira, halaber, Imanol Ubedaren 12 kanta eta Imanol Rayo zinemagilearen 36 argazki.

Ezinezko bidaia bat da. Heriotzaren kontzientzia apur bat bada ere, izan orduko, gero eta maizago harrapatzen gaitu iraganera itzultzeko bidea hartzeak. Eta itzuli egin behar, jakiteko bidearen buruan itzalak eta dezepzioa besterik ez daudela eta irtenbideren bat bilatzera behartuta zaudela.

Erakusketa Iruñetik eta Gasteiztik igaro ostean, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean (Anoetan) izango da azaroaren 18ra arte. Urtarrilean Bilbon ikusiko dute.

Estreinaldietan, Imanol Ubedak musika emanaldiak eskainiko ditu. Azaroaren 14an, arratsaldeko 19.00etan, Pello Lizarralde solasean arituko da Beñat Sarasolarekin Literaktum jaialdiaren egitarauaren barnean.