Egin planak

Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdia

Getxophotoren hamabosgarren edizioa irailaren 2tik 26ra egingo da, jaialdiak pandemiaren eraginez inoizko unerik gogorrenak bizi ondoren.

Aurtengo egitarauari dagokionez, orain arteko ediziorik digitalena eta esperimentalena izango da, eta partekatzea izango du gai nagusi. Arrazoia ere argitu dute antolatzaileek: «Ondasunen metaketa indibidualaren eta pandemia globalaren testuinguruan, desberdinarekiko beldurra da nagusi mundu honetan. Horregatik, partekatzeko eskubideak, beharrak eta erantzukizunak berebiziko garrantzia hartzen du». Baina partekatzeko modu berriak bilatu behar dira, tradizionalak bazter batera utzita, eta «partekatzearen ideiak barneratzen dituen adiera berri horiek aztertzea proposatzen du jaialdiak instalazio ez-konbentzionalen bidez, bai jaialdiko espazio fisikoan bai digitalean». Horren erakusle, “Now You See Me Mori” Instagrameko egitasmoa aipa daiteke. Lesbos uharteko Moriako kanpamentuan bizi den Amir errefuxiatu afganiarrak eta Noemi Herbehereetan bizi den argazkilari eta editoreak iaz sortutako kolektiboa da. Euren lanek kanpamentuen bizitza islatzen dute.