Eli Txapartegi

Pagoeta: natur eta kultur ondare artean pasieran

Parkeko bidexketan barrena galdu, antzinako burdinolek eta errotek nola funtzionatzen zuten ikasi, munduko landarerik eta animalia espezierik arraroenen artean paseatu, sagardo dolarearen aztarnak ikusi, XVIII. mendeko baserriak bisitatu... Pagoetak aukera zabala eskaintzen du.

Agorregi, Pagoetan.
Agorregi, Pagoetan.

Aiako udalerrian, Zarautzetik oso gertu, Pagoetak natur eta kultur ondare aberatsa gordetzen du. Iturraran baserria -Bisitarien Gunea- da abiapunturik egokiena parkea ezagutzen hasteko, bertan ibiltariak aukera izango baitu informazioa jasotzeko eta norberaren interes eta lehentasunen araberako ibilaldia egoki prestatzeko. Kultur zein natur ondareen eta giza jardueren arteko orekaren berri izango du bisita hasi aurretik.

Iturraran Parketxea, gainera, baserri berezia da, VIII. mendeko jatorrizko zurezko egitura mantentzen duelako. Garai hartako bitxikeriak ikus daitezke oraindik: zurezko armazoian grabatutako zenbaki erromatarrak -muntatze- eta eraikitze-ordena zehazten zituztenak-, zutabe barruan itsulapiko sekretuak, sagardo dolarearen aztarnak...

Halaber, Pagoetako ingurune fisiko eta etnografikoari buruzko erakusketa iraunkorra eskaintzen du, baita zenbait euskarri elkarreragile eta tailer didaktiko ere.

Antzinako lanbideen aztarnak

Behin baserriko ezaugarri deigarriei erreparatu ondoren, industriaurreko ondare bikaina topatuko du bisitariak, parkean sakabanatuta. Gainera, elementu horietako batzuek lehen bezala funtzionatzen dute, birgaitu egin dituztelako. Duela urte asko galdutako lanbide eta jardueren berri izango du. Adibidez, ikusi ahal izango du burdina nola lantzen zuten, nola gordetzen zuten elurra neguan, ikatza nondik eta nola lortzen zuten, errotek nola egiten zuten lan, karea nola egiten zen...

Esan daiteke ibilbideko geldialdirik interesgarrienetakoa Agorregiko burdinola dela. Bailara sakon baten hondoan kokatuta, ibaietako indar hidraulikoa baliatzen zuen hauspo handiak zein gabia mugiarazteko. Inguruko errotek ere berdin funtzionatzen zuten ehotze-turbinak birarazteko.

Agorregiko burdinolaren sekretuak

Egungo Agorregiko burdinola Laurgain jauregiko jaunak eraiki zuen 1754an, beste baten hondakinen gainean. Proiektuaz Francisco Ibero arkitektoa arduratu zen. Hariztiez eta pagadiez inguratuta egoteak badu arrazoi berezirik; izan ere, zuhaitz horietatik lortzen zuten ikatz begetala burdina urtu ahal izateko.

Sistema hidrauliko landua erabiliz, ahalik eta etekin gehien ateratzen zuen ibai-arroaren baliabide hidrauliko urrietatik. Gainera, bi kilometroko luzerako ur biltegi bikoitza erantsi zitzaion kanal-sistemari, urak burdinolara bideratzeko. Ura iritsi ondoren, zenbait ur biltegitan banatu eta makineria hidraulikoa -hauspoak, mazoa eta goiko eta beheko erroten harriak- martxan jartzen ziren.

Agorregiko burdinola, Gipuzkoako beste asko bezala, itxi egin behar izan zen, Labe Garaien lehia gogorraren ondorioz.

Elur-zuloak eta munduko animaliak

Bestalde, industriaurreko garaiko elur-zuloak ikusteko parada ere izango du bisitariak. Batik bat, neguko elurra gordetzeko erabiltzen ziren, garai beroetan merkaturatzeko. Horietako bat dago, zehazki, Sagastizabal baserritik gertu; hau da, Pagoetara bisitan doazen ikasle taldeek Natur Gela gisa erabiltzen duten baserriaren ondoan. Hala ere, beste bi ikus daitezke Lizartxoetako lepoaren inguruetan: Nebera Txikia eta Nebera Haundia.

Animaliak gustuko dituztenek bereziki gozatuko dute parkean, espezie ugari hartzen dituelako. Ingurugiro ugari dituenez, aske bizi diren animalia-espezie ugari daude; horien artean, Euskal Herrian galbidean dauden zenbait: adibidez, sai zuria, muxar grisa, belatz handia, erlastar europarra, suge europarra, betizu behiak edo pottoka zaldiak. Gainera, horietako hainbat ibilbidean zehar ikus daitezke.

Halaber, aipagarria da Atlantikoko mendixketako fauna komunitate bitxiko beste espezie ugarik Pagoetan aurkitu dutela babesleku; besteak beste, orkatzek, basurdeek eta erbiek. Baita urtero Afrikatik hegaz etorri eta udaberrian habia Pagoetan jartzen duen sai zuri bikote bat ere.

Zuhaitzak eta Lorategi Botanikoa

Zuhaitzak ere deigarriak dira oso. Haritzak, pagoak, urkiak, arteak, haltzak eta gorostiak ez ezik, kanpoko espezieak ere hartzen ditu; tartean, laritz japoniarra, Douglaseko izeia, Lawson altzifrea, Beorbarrutiko eta Arkumelarreko haginak eta Elutsaundiko pagadia.

Zalantzarik gabe, geldialdi luzea merezi du Iturraran Parketxea inguratzen duen Lorategi Botanikoak, 5.500 espezietik gora biltzen baititu. Mundu osoko -eskualde berokoak zein hotzetakoak- zuhaitzak eta zuhaixkak daude ikusgai: Mediterraneokoak, koniferoak, hariztiko oihanpea, bertako belaze eta zuhaitzak. Horrez gain, Euskal Herrian galbidean dauden landareak ere hartzen ditu.

Ibilaldia errazte aldera, zuhaitz guztiek identifikazio-etiketak dituzte, izenarekin eta jatorrizko eskualdeekin, eta bidexkak ongi bereizita daude. Gainera, eskertzekoa da lorategia zazpi eremutan banatuta egotea; hau da Haritzak, Astigarrak, Mimosak, Mediterraneoko Landareak, Zumarrak eta Intxaurrondoak, Mitreak, Gereziondoak eta Palmondoak, Txilarrak eta Koniferoak bildumatan zatituta egotea.

Lorategiko landatzeak 1986ko neguan hasi ziren eta bildumak espezie berriak jasotzen ditu urtetik urtera. Ezaguna da 2003tik aurrera, urtero, apirileko azken asteburuan, Iturraran baserriaren inguruan egiten den Landare Berezien Azoka. Izan ere, ekimenak aukera paregabea eskaintzen du landare bitxi eta arraroak ikusteko eta eskuratzeko.

Loreekin gozatu ondoren, akaso, une egokia izan liteke baserritik gertu dagoen erlategira hurbiltzeko, zeinean erleen jarduera zuzenean ikus daitekeen. Bertaratzen denak erleen munduaz zenbait bitxikeria entzuteko aukera izango du. Honako hauek, besteak beste: parkean Euskal Herriko erle beltza dutela; ekoizpen erregularra duela; arreta gutxi eskatzen dituela; funtsezkoa dela ekosistemaren kontserbaziorako; gure ekosistemetako polinizatzaile nagusia dela eta, ondorioz, ezinbestekoa dela haren kontserbazio eta hedapenerako.

Arrasto megalitikoak

Ibilaldia luzatuz gero, aztarna megalitikoak ere azalduko dira bidean. Adibidez, Pagoetako tontorretan, Olartetako trikuharria, Murugilgo bi tumuluak, eta beheraxeago Urruztumeko lau tumuluak ikus daitezke. Sarobeberriko haitz txikiaren goialdean, berriz, beste tumulu bat dago eta, Aiako herrigunetik gertu, Arretakoa.

Gainera, lurraldean sakabanatuta dauden baserri askok ezaugarri arkitektoniko interesgarriak dituzte. Horietako batzuk parkean bertan daude: Iturraran, Agorregi, Almizuriberri (Amezketa-Lardi), Bekola, Sagastizabal eta, batez ere, Palazio. Azken hau estilo gotikoko jauregia da, XIV. mendeaz geroztik eraikia, Laurgain auzoaren errepidearen ondoan kokatua.