Munduan pasieran

Aliziaren herrialde miresgarrian

“Alice: Curiouser and Curiouser” erakusketarekin zabaldu zituen ateak Londreseko Victoria & Albert museoak pandemiaren osteko etapa berriari ekiteko. Helburua belaunaldi berriak Aliziaren pausoak jarraitzera animatzea izan da; hau da, “herrialde miresgarrian” sartzea hainbat girotan banatutako murgiltze-esperientzien bidez..

Lewis Carrollek idatzitako eleberriaren bilakaera aztertzen du erakusketak, eta, dekoratu ikusgarriak erabiliz, gogora ekartzen ditu liburu ezagunaren zenbait eszena ahaztezin, besteak beste, tearen festa. Horrez gain, une batez bisitaria “txikitzea” lortzen du, Aliziaren oinetakoetan sartu dela sinistaraziz.

Zalantzarik gabe, Aliziak ezagutu izan zuen fantasiazko unibertso berean murgilduko da bisitaria, bereziki, publikoari lehen pertsonan esperimentatzeko aukera ematen dion errealitate birtualeko jarduera bati esker. Hiru dimentsioko ilustrazio batzuen bidez, kontakizuneko eszena gogoangarrienetakoak biziko ditu; adibidez, gordelekutik eroriko da eta cricketean arituko da Bihotzetako Erreginarekin.