Eli TXAPARTEGI

Itsasmuseum, Bizkaiko itsas tradizioan nabigatzeko aukera

Irudimena erabiliz lehorrean itsasoratzeko aukera paregabea eskaintzen du Itsasmuseumek, aingura, itsasontzi, kate, mapa, upel eta garabi artean zeharkaldi historiko eta interesgarriaz gozatzeko parada berezia. Helmuga erakargarria da oso: Bizkaiaren eta itsasoaren arteko lotura estu eta emankorraren jatorria eta bilakaera gertutik ezagutzea. Eta, horretarako, nekez aurkituko zuten leku aproposagorik: Euskalduna ontziolak.

B ilboko itsasadarretik Bizkaiko golkoraino hedatzen den itsas historia eta kultura. Horixe da 27.000 metro koadroko eremuan Itsasmuseumek harroki gordetzen eta ezagutzera ematen duena. Eta, gainera, modu erraz, ludiko eta entretenigarrian, kokaleku estrategiko eta sinboliko batetik: Euskal- dunako ontziola zaharrak. Ezaguna da Bizkaiak, hiriburuak eta bizkaitarrek itsasoarekin izan duten harreman estua; baita lotura horrek historian zehar sortu dituen nortasun, ohitura eta tradizio bereziak ere. Eta, zalantzarik gabe, Itsasmuseum abiapuntu aparta da iraganera nabigatzen hasteko, hondoratzeko inolako arriskurik gabe.

Carola garabia

Itsas abentura museoaren eraikinean sartu aurretik hasten da, kanpoaldeko zabalguneko kaietan zenbait harribitxi baitaude. Hantxe dago, adibidez, Carola garabia, gorri-gorria, 60 metroko garaiera txundigarriarekin, industria-iraganaren sinbolo eta museo-gunearen itsasargia, harro-harro bere izenaren inguruko istorio bitxiaz: nonbait, Carola izeneko Deustuko emakume batek itsasadarra zeharkatzen zuen egunero, lanerako bidean, eta garabitik igarotzen zen bakoitzean ontziolako langileek lana eteten omen zuten, bat-batean, une batez hari begira gelditzeko.

Garabitik gertu, aingura, soka, kate astun eta zabalgunean estrategikoki sakabanatutako balio historiko eta artistikoko beste elementu batzuen artean, Bonba Etxea eta Euskaldunako antzinako dikeak daude, duela 150 urte baino gehiago eraikitakoak. Bertan ikus daitezke Itsasmuseumeko bildumako ontzi batzuk; besteak beste, “Portu” eta “Auntz” -XX. mende hasieran Euskaldunan eraikiak- eta “Antxustegi”, Euskal Herrian kontserbatu den bere tipologiako arrantza-ontzi tradizionalik zaharrena. Dikearen balioa paregabekoa da; arkitektura-pieza aberatsa da, egungo dike zibil zaharrenetakoa baita.

Museoaren kanpoko elementu horiek guztiak bisitaren parte dira, Erain proiektuarekin batera. Bizkaiko zurezko ontzigintzari lotutako ezagutzak zein tradizioak biltzea eta XX. mendeko Bizkaiko itsas zurgintza lanbidea berreskuratzea ditu helburu Erain-ek; hau da, garai hartako prozesu teknikoak zorroztasun zientifikoz transmititzea, ondoren dike lehorretan ontzien zaharberritze prozesuan egoki aplikatu ahal izateko.

Proiektuak zuzeneko tailer bat eta Bizkaiko ontziolen historia aztertzen duen erakusketa biltzen ditu, joan den mendeko tresnak, jarduerarekin lotutako lanbideak eta arrantza-ontziak garai berrietara egokitzeko izan duen bilakaera erakutsiz.

«Atyla» itsasontzia

Kaian dago, halaber, Itsasmuseumeko pieza erakargarrienetakoa: “Atyla”, 1980 eta 1984. urte bitartean Lekeition eraikitako ontzi ikusgarria. Irailetik ekainera bitartean dago ikusgai, uda partean Europan zehar nabigatzen ibiltzen baita, abentura zein formazio bidaiak eginez, batez ere.

“Belaontzi Handiak”

Dena dela, “Atyla”-z gain, museoko “Belaontzi Handiak” egitasmoari esker, munduko beste belaontzi ikusgarriak ere izaten dira kaian urtean zehar. Ontzi historikoak dira, eta, gehienetan, bisita gidatuak eta askotariko ekitaldi eta jarduerak eskaintzen dituzte museoko arduradunek.

Behin kanpoaldean gozatu ondoren, barrualdeko harribitxiak ikusi ahal izango ditu bisitariak, sarrerako ate ondoko munduko bola handiaren ondotik igaro ostean. Bizkaiko itsas historia harilkatzen duten guneak zeharkatuz itsasontzi batean balego bezala nabigatuko du irudimenarekin.

Zeharkaldian aurkituko dituen altxorren artean, honako hauekin harrituko da gehien, seguru asko: Hendrick Doncker-ek egin omen zuen Bizkaiko golkoko XVII. mendeko mapa nautikoa, zenbait maketa -besteak beste, galeoi batena, “Alu Mendi” itsasontziarena eta Zubi Esekiarena- eta Bilboko Kontsuletxeko Falua, itsasadarrean zehar mugitzeko eta euren boterea erakusteko kontsuletxeko arduradunek erabiltzen zuten ontzia. Akaso, izango da itsas salbamenduaren jatorriari propio eskainitako txokoan ere bereziki gozatuko duenik.

Surfa, azken nobedadea

Surfari ere eskaintzen dio museoak txoko berezi bat, zehazki, Euskal Herriko surfaren historia eta bilakaerari.

Lau azalpen-taula ez ezik, surfarekin zerikusia duten zenbait pieza adierazgarri daude ikusgai; besteak beste, itsas jarduerak Euskal Herrian izan duen garapenaren hiru une garrantzitsu sinbolizatzen duten beste hainbeste surf-taula, O’Neillen surf-jantzi bat eta “The Surf Riders of Hawaii” historiako lehen surf-liburuaren ale bat, Ignacio Aranak -1911tik 1914ra Hawaiiko kontsul izandakoa- Euskal Herrira ekarritakoa.