Testua eta argazkiak: Ane Iparragirre
Egin planak

Photomuseum, argazki & zinemaren historiaren topaleku

Argazkigintzaren historia azaltzen du hiru gidalerrotan oinarrituz: lehena, argazkigintzaren garapen teknikoa; bigarrena, irudi fotografikoek komunikatzeko tresnatzat duten balioa eta, azkenik, argazkigintza arte alorrean. Argazki & zinemaren topaleku bilakatu da Zarauzko Photomuseum.

Ramon Serras eta Leopoldo Zugaza izan ziren, zalantzarik gabe, Zarauzko Photomuseum-eko sorreraren protagonista nagusiak, aparailu eta irudi fotografikoez osatutako euren bildumak izan baitzituen oinarri egitasmoak. Harrezkero, izugarri handitu eta aberastu da hastapenetako bilduma hura. Argazki & Zinema Museoa du izena eta 1993ko irailean zabaldu zituen lehen aldiz ateak Villa Manuela eraikinean: urte batzuk geroago eraberritu zen eraikina eta oso-osorik Photomuseum-aren egoitza bihurtu zen. Helburua argi zuten, hasiera-hasieratik: arte eta teknika fotografikoaren zein zinemagintzaren hastapenak ikertzea eta, batez ere, hedatzea eta jendarteari erakustea. Eta horixe izan dute xede harrezkero.

Erakusketa iraunkorra

Beraz, Beraz, Photomuseum-ean sartzen denak argazkigintza eta zinemagintzaren historian egingo du bidaia; batez ere, museoak eskaintzen duen erakusketa iraunkorrari esker. Museoko arduradunen aholkuari jarraituz, bisitaren abiapuntu gisa laugarren solairua aukeratzen duena “Aurreargazkigintza eta irudia mugimenduan” barrena sartuko da: ekialdeko eta mendebaldeko itzalak, itzal ezkutuak, itzalen antzokiak, miniaturazko kaxa optikoak, polioramak, irudi anamorfikoak, kaleidoskopioak, litofaniak, jostailu optikoak, taumatropoak, zootropoak, linterna magikoak...

Hirugarren solairuan, berriz, honako etapa hau ezagutu ahal izango du bisitariak: “Argazkigintzaren teknika, dagerrotipotik argazkigintza digitalera”. Beraz, argazkigintzaren teknikaren bilakaeraren berri izango du, kamera eta tresna fotografikoei esker, dagerrotipoetatik hasi eta argazki digitaletaraino (kamera iluna, grabatu kalkografikoak, litografiak, dagerrotipoak, anbrotipoak, albumininak, gelatino bromuroa, bromoleoak, fotogramak, argazkigintza estenopeikoa, argazki-handitzea, bat bateko argazkiak eta kolorea..). Tresnak ikusteaz gain, zenbait teknika eta arte-mugimendu gertutik ezagutzeko aukera ere izango du, zenbait argazkilari aparten lanen bidez.

Generoak, estiloak, teknikak...

Jarraian, bigarren solairuak argazki-generoak jorratzen ditu. Hau da, argazkigintzaren gaiak eta estiloak: erretratua, biluzia, paisaia, bodegoia, argazkigintza antropologikoa, argazkigintza eta arte plastikoaren arteko paralelismoa (land-art, surrealismoa, arte kontzeptuala, abstrakzioa) eta argazkigintza artistikoak (collage eta fotomuntaiak).

Dena dela, aldi baterako erakusketa-programa zabala eta kultur eta hezkuntza jarduera ugari antolatzen ditu museoak urte osoan: proiekzioak, hitzaldiak, ikastaroak, liburu-aurkezpenak... Besteak beste, urteroko Argazki Bilera. Horrez gain, liburutegia eta hemeroteka espezializatua, liburu-denda eta pedagogia-zerbitzua ere baditu Photomuseum-ek.

Izan ere, erakusketa horien bidez argazkigintzaren inguruko hamaika genero, teknika eta joera artistiko jorratu ditu museoak; hamaika ikuspuntu, egile ezagun zein hasiberrien eskutik.

Zalantzarik gabe, argazkigintza gustuko dutenek asko gozatuko dute Villa Manuelako korridore artean eta aukera paregabea izango dute, batetik, iraganeko hamaika aparailu, argazki eta teknikak gertutik ezagutzeko eta, bestetik, argazkigintzaren etorkizuna irudikatzeko.