Eli TXAPARTEGI (Argazkiak: Michele SPATARI/AFP)
Kruger Shalati

Zubitik zintzilikatutako tren-hotela

Kruger Shalati hotela berezia da oso. Batetik, zubi batean zintzilikatuta dagoelako eta, bestetik, luxuzko gela bihurtutako trenbide-bagoietan egiten dutelako lo bezeroek. Hegoafrikako ipar-ekialdean, Kruger parkera begira lokartzen dira eta sekula ikusi ez dituzten animalia basatiak sentitzen dituzte inguruan, hurbil. Sentitu eta ikusi ere bai.

Hotel bereziaren irudia.
Hotel bereziaren irudia. (Michele SPATARI | AFP)

Kruger Parke Nazionalean, Hegoafrikako basabizitza-erreserbarik handienean, luxuzko tren bat dago zubi batean esekita, 15 metrora. Bidaiariak hartzen ditu, baina ez da mugitzen. Kruger Shalati boutique-hotela da, “Zubiko Trena” izenez ezaguna. Bertan ostatu hartzeko aukera dutenek urrezko begiratokia dute, ohetik bertatik egunez zein gauez natura basatiaz gozatu ahal izateko.

Zubiari erantsitako plataforma txiki batean igerileku biribil txikia dago. Bertan, zenbait bezerok solasaldia eta tragoak partekatzen dituzte, uda amaierako brisa atseginak laztanduta.

Bat-batean, garrasi ozen batek txorien kantak geldiarazi ditu. «Hipopotamo bat da», dio berehala zerbitzari batek, gonbidatuak barandara hurbildu eta makurtzen diren bitartean, adi-adi eta jakin-minez, Sabie ibai lohitsuan animalia ikusteko itxaropena galdu gabe. Harritu egiten dira ur azalean sumatzen dituzten bi belarri biribil ikustean. «Benetan maitagarria!», xuxurlatu du Karen Lanek. Johannesburgokoa da eta senarrarekin dago hotelean, ezkonduta 30 urte daramatzatela ospatzeko.

«Esperientzia ahaztezina da», gehitu du Chichi Mudau merkatariak. Arrantzale-kapela du buruan, baina ez edonolakoa, Gucci baizik. «Ez lekuak, ez zerbitzuek, ez dute akatsik. Egia bihurtutako ametsa da. Egia esan, dena dut gustuko».

Handik gutxira, horietako batzuk kamioietan sartu eta safari antolatu batean hartuko dute parte. Ziurrenik, beren habitat naturalean inoiz ikusi ez dituzten animaliengana hurbilduko dira: jirafak, elefanteak, zebrak, lehoiak, errinozeroak, lehoinabarrak, bufaloak... Handik pare bat ordura, denak gustura itzuli dira, txangoan ikusitakoa ahalik eta ongien deskribatu nahian.

Paisaia basatian esekitako zubia, Selati zaharra, abandonatuta egon zen hainbat hamarkadatan. Tramite luzeak egin ondoren, 2016an, jabeek trena ostatu dotore bihurtzeko baimena lortu zuten, baina, jakina, ez edonori zuzenduta, dirudunei baizik. Kokapena ere ondo pentsatu zuten; ez zen edonolako lekua, txoko sinbolikoa baizik, duela urte batzuk oso erreferentziala izan zena.

Hain zuzen ere, joan den mendeko 20ko hamarkadan, parkean sartzeko eta safari batean parte hartzeko trenbidetik igaro behar zen derrigorrez, bide bakarra baitzen bertaratzeko. Azken tren-makina 1979an gelditu zen behin betiko, parkera iristeko konexio-bide berriak ezarri zirenean. Ordura arte, trena zubian gelditzen zen, eta batzuetan, gainera, bidaiariek bagoietan igarotzen zuten gaua. Horrexegatik, tren zaharraren omenaldi gisa, gaur egungo konboia 1920ko hamarkadan lehen aldiz martxan jarri zenaren antzekoa da.

Tren-hilerrian, bila

«Tren-hilerri batera joan ginen bagoiak aurkitu eta erosi nahian», gogoratu du hoteleko kudeatzaile exekutibo Gavin Ferreirak. «Nahiko hondatuta zeuden. Batzuk, arpilatuta. Alabaina, 1950eko hamarkadako hegoafrikar bagoi haiek zaharberritu eta luxuzko gela bihurtu genituen eta, egun, «denboran bidaiatzera» gonbidatzen dituzte bidaiariak. Azalpenak ematen dituen bitartean, aurrera doa Ferreira, bagoien korridorean barrena. Zenbakituta daude, 25era arte. Baina, bitxia bada ere, ez dira 25 gela, Kruger Shalatik ere 13 zenbakia saihestu egin nahi izan duelako, herritarren antzinako sineskeria kontuan hartuz.

Bagoi bat, gela bat da. Kutsu afrikarra nabaria da. Oheak handiak dira eta burkoak, bigunak. Giroa magikoa da itxuraz. Eguzkiaren argia leunki iragazten da leihoetatik eta bainuontzia laztantzen du. Zetazko txabusina gertu dago, zintzilik. Balkoiak kanpora ateratzera gonbidatzen du, baina langileetako batek ohartarazi du: «Ez ahaztu atea ixtea. Tximinoak hemen nahiko oldarkor bihur daitezke eta bezeroei eraso egin diezaiekete. Primate gris txikiak zubira igotzen direnean, kristaletatik ohean dauden gonbidatuei so gelditzen dira, jakin-minez. Politak dira, baina adi egon!»

Hasieran, Kruger Shalatik mendebaldeko bezeroak bakarrik hartzea aurreikusi zuen. Aitzitik, 2020ko abenduan inauguratu zenean, pandemiaren eraginen ondorioz, hegoafrikarrek egin zituzten lehen erreserbak. Onartu ere onartu zituzten. «Lehen hilabeteetan, hotela beteta egon zen», azaldu du erreserba arduradun Ella Westek, zeinak aitortu duenez, «nazioarteko bezeroak ere behar ditugu, horrelako leku batek behar bezala funtziona dezan». Hala ere, nabaritu du pixkanaka-pixkanaka egoera hobetuz doala. Gainera, orain trenak estatubatuar gehiago erakartzen ditu, lau kilometrora dagoen lurreratze pista berri batek bidaia erraztu dielako.

Iritsi da gaua eta trena kulunkatzen ari da. Bezeroak ere bai. Hala ere, ez dago alarma pizteko inolako arrazoirik. «Mugimendu naturala da», azaldu du Ferreirak. «Zubiaren zabaltze eta uzkurtzearen ondorioa da». Eguneko beroak metalaren dilatazioa eragiten du, eta gaueko freskotasunak, berriz, uzkurtzea. Eta, dirudienez, gonbidatuek eskertu egiten dute kulunka sotila. «Gure bezeroek -aitortu du, harro, Ferreirak- zoriondu egiten gaituzte, mugitzen ari den tren bat gogorarazten dielako». Sentsazioa atsegina omen da.