Egin planak

“Surfing Euskadi”, olatu gaineko historia

Maiatzak 11-Urriak 30

Bilboko Itsasmuseumek surfaren inguruko erakusketa izango du zabalik urriaren bukaera arte. “Surfing Euskadi” titulupean, 60ko hamarkadaz geroztik Euskal Herriko kostaldean surfak izandako bilakaera eta historia azaltzen ditu.

Propio prestatutako zirkuituan bederatzi atal bereiz daitezke: historia, surfari lotutako pertsona ospetsuak, olatu nabarmenenak, tokiko industriaren garapena, surf inklusiboa, artea, hedabide espezializatuak, zerbitzuak eta puntako teknologia.

Zirkuituaren hasieran ikusleak argazkiak izango ditu aurrez aurre, tartean euskal kostaldeko olaturik ikusgarrienenak. Ondoan, 60ko hamarkadan surfean emandako lehen pausuen berri izango du, ordena kronologikoan. Jarraian, EAEko surf munduan esanguratsuak diren kirolari, langile, eragile eta bestelakoen erretratuak jarri dituzte, baita Euskal Herriko kostaldeko mapa margotu bat ere, zeinean surfean egiteko hondartzarik egokienak adierazten diren. Hainbat aldizkari, kartel eta iragarki ere topatuko ditu bisitariak, 80ko hamarkadan argitaratutako binilo baten ondoan. Industriaren txokoan, bestalde, EAEko neopreno eta ohol fabrikatzaile nagusien berri izango du.

Erakusketa 23 surf oholek osatzen dute; horietako asko, aitzindariak EAEko surfaren historian. Bertako taula zaharrena 1970ean Patxi Olidenek Orion fabrikatutako egurrezko ohola da.