LOMBARD STREET

100 urte bete ditu zortzi bihurguneko San Frantziskoko kaleak

San Frantzisko hiriko Russian Hill muinoan dagoen Lombard Street ezagun bihurtu dute zinemak eta telebistak, baita bere ezaugarriak puztu ere: ez da, toki hagitzetan irakurtzen ahal den moduan, munduko bihurgune gehien duen kalea; espazio txiki honetan sigi-saga egiten duten bere zortzi kurbek AEBetako marka hausten duten arren. Bada, 2022an 100 urte bete ditu Carl Henry arkitektoak diseinaturiko kale sonatu eta bitxi honek. 400 metrotan %27ko desnibela gainditzeko sortu zen galtzada gorriko “suge” hau eta, autoentzat, bihurgune eta estutasunarengatik norabide batekoa, beheranzkoa, bakarrik da. Gainera, gehienez 8 kilometro orduko abiaduraz gidatu behar da han eta, 2020tik aurrera, gehiegizko trafikoa ekiditeko, bidesaria ere ordaindu behar da autoz sartzeko. Oinezkoek, halaber, alboetan eskailerak dituzte gora-behera nahi beste ibiltzeko.

Bihurguneen edo loreen kalea deituraz ezaguna den hau askotan izan da Hollywoodeko filmen eszenatokia. Horien artean famatuena Hitchcock-en ˝Vertigo˝ da, James Stewart eta Kim Novak protagonista dituena. Argazkirik ikusgarrienak Hydeko bidegurutzetik lortzen ahal dira. Gomendagarria da udaberri eta uda partean, kolore biziak eta distira berezia hartzen baitituzte aldamenetan diren lore sortek. Autobusez edo cable car tranbiaz hara hurbiltzea erraza da oso, San Frantziskoko erdigunean baitago, Columbus Avenuetik hurbil. San Frantziskoko Alcatraz Presondegi zinematografikoa, Coit Tower, zeinetatik badiaren eta zubiaren sekulako ikuspegiak lortzen ahal diren, North Beach eta Emabarcadero auzo ezagunak lotzen ditu gainera. Halako ezaugarriekin, ez da harritzekoa, hortaz, Lombard Street-en parte ikusgarri honek urtean bi miloi bisitari jasotzea. Gersh Daniel Gerstenhaber