Ordaindu beharreko albiste batean sartu zara eta zure kontu pertsonaleko klik bat kontsumitu duzu.
Eli Txapartegi
Istanbulgo Bazar Handia: jatorrizko esentzia, arriskuan
Sultanen arotik, mendeetan iraun dute zabalik bere ate monumentalek, baina egun, atalasea zeharkatzean, errealitatea oso bestelakoa da: Istanbulgo Bazar Handiko bobeda margotuen azpian, antzinako artisautza hiltzen ari da, faltsifikazioek itota. Hori diote, behintzat, azokak azken urteotan izan duen bilakaeraren lekuko zuzen izan diren saltzaileek.
Azoka beti jendez gainezka dago. (Nmemmedzade | Getty Images)
Korridore baten puntan, nerabe batek Dior lurrin faltsuak saltzen ditu 10 euroan, faltsututako Moncler beroki batzuen aurrean. Handik oso hurbil, turista batek 40 dolar ordaindu dizkio saltzaile bati Michael Kors poltsaren truke, hau ere imitaziozkoa. «Europa osoa etortzen da hona! Baita futbolarien emazteak ere», esan du irribarrez Kemalek. 36 urte ditu eta 20 daramatza Bazar Handian, munduko merkatu estali handienetakoan, urtero milioika turistak bisitatzen duten horretan.
Berak saltzen dituen Celine larruzko poltsa faltsuak eta Saint Laurent sinadura daramaten barrubigunak «jatorrizkoen kalitate berekoak dira, baina bost eta hamar aldiz merkeagoak», esan du merkatariak, ezker-eskuin begiratuz eta ahotsa gehiegi altxatu gabe, badaezpada ere.
Ehunka espezie aurki daitezke azokan. Txoko berezia dute Bazar Handian. (Getty Images)
Tamaina eta kolore askotako fruitu lehorren dendak deigarriak dira oso. (Tgordievskaya | Getty Images)
«GAMA ALTUKO» BEZERORIK GABE
Korridoreak artisauz gainezka zeuden garaiak ongi gogoratzen dituzten bazarreko beteranoak etsipenez egiaztatzen ari dira zein leku hartzen ari diren poliki-poliki imitazioak azokan eta, ondorioz, zenbat kalte eragiten ari diren, bai saltzaileei, bai eroslei. Bazarreko merkatarien elkarteko lehendakariorde eta Administrazio Kontseiluko kide Hasim Gureliaren alfonbra-denda dotorea inguratuta omen dago.
«Garai batean, imitazioak urriak ziren. Batzuk poltsa faltsuak saltzen hasi zirenean, ezkutuan aritzen ziren, Estatuaren beldur», kontatu du 55 urteko gizonak. «Bazarrak jatorrizko izaera, esentzia, galdu du: inportatutako edo faltsututako produktuak baino ez daude, eta hori urtetik urtera okerrera doa», kexu da Gazi Uludag, bi korridore urrunago te jokoak saltzen dituena.
Eskuz egindako alfonbren postuan, goibel hitz egiten du Florence Heilbronn-Ogutgenek. Lagun larrukigile batek pertsiana jaitsi behar izan du lanbideak ez ziolako bizitzeko adina ematen. «Orain, dendarik politenak imitaziozkoak dira! Haiek bakarrik ordain ditzakete korridore nagusiko alokairuak, hileko 10.000 eta 15.000 dolar artekoak. Dena bereganatzen ari dira», salatu du 1998tik azokan diharduen saltzaileak. «Eskulangileek ezin dute jarraitu. 600 urteko bazarra jatorrizko arima galtzen ari da», esan du, kezkatuta, «bezero jakin batzuk, gama altukoak, ez direlako etortzen faltsifikazioak baino ez dituztelako aurkitzen».
Lanpara bereziak daude sailgai Istanbuleko azokan. (Getty Images)
Alfonbra eskaintza oso zabala da. (Tim GRAHAM | Getty Images)
«MOZKIN IZUGARRIAK»
Turkia, Txinaren eta Hong Kongen atzetik, faltsifikazioen ekoizpen- eta igarotze-herrialde nagusietako bat da, eta faltsua dena, neurri batean, Estatuaren kutxetan amaitzen den diru-iturria da, batez ere zerga moduan. Gainerakoak txikizkako zein handizkako saltzaileen ekonomia elikatzen du, eta horiek ere Europar Batasunera esportatzen dute.
«Irabaziak izugarriak dira. Poltsa batzuk milaka dolarren truke saltzen dira Bazar Handian», esan du Batheko Unibertsitateko Kriminologia irakasle Dilara Buralek. «Ezin dugu esan Turkiaren faltsifikazio guztiak krimen antolatuarekin lotuta daudenik. Hori ez da egia», adierazi du.
Haren arabera, jarduera hori «tolerantzia kultural handi batek» errazten du, eta «kasu batzuetan, ustez legeak aplikarazi behar dituztenenganaino, polizia eta epaileenganaino zabaltzen da». Luxuzko enpresa handiek Turkiako abokatu-bulegoetara jotzen dute negozio horri muga jartzen saiatzeko, baina Bazar Handia puzzle bat bezalakoa da. «Arazoa da indarrez sartzeko aginduak banan-banan lortu behar direla eta, bazarrean milaka denda daudenez, milaka agindu egin behar dira», azaldu du Moroglu Arseven bulegoko Sena Yasaroglu abokatuak.
Guztira, hogei lagun ari dira lanean bulego horretan nazioarteko jabetzaren inguruko kasuetan.
Bazar Handiko Administrazio Kontseiluko bozeramaile batek dio, hala ere, Istanbulgo poliziak maiz egiten dituela ikuskapenak.
Pasiloak labirintikoak dira. (Getty Images)
Adin guztietako jendea ikus daiteke azokan. (Frédéric SOLTAN | Getty Images)
KONTROLAK BETI BURUAN
Izan ere, Muratek «egunero» pentsatzen du kontroletan. Lanera joaten den bakoitzean gai hori du bueltaka buruan. Horixe aitortu du, behintzat, bere dendaren atarian. 2,5 metro koadro baino ez ditu, baina hilean 1.000 dolar ordaindu behar izaten ditu. 27 urte ditu eta beldur da. 2018an, Poliziak 800 poltsa faltsu konfiskatu zituen denda miatu ondoren. Azkenean, poltsa horiek 40.000 euro kostatu zitzaizkien berari eta anaiari, isuna eta abokatuen ordainsaria pagatu behar izan zutelako.