Floren Aoiz
www.elomendia.com
JO PUNTUA

Kasu, eskuina ofentsiban dago!

Zenbait sentimen baliatuz, haserrea desbideratu eta sistemarekiko arriskutsuak ez diren bideetatik eraman nahi dituzte

EAJko alkate batek astakeriak esan ditu etorkinen kontra. Astakeriak grabatu eta zabaldu dituzte, oihartzuna izan dutelarik. Eztabaida piztu da eta alkateak barkamena eskatu du. Ez du kargua utzi. Bere alderdiak ez du kanporatu. Zaleek txalotu egin dute, zale batzuek, bederen. Nonbait, beroaldi bat izan zen. Batzuendako, akabo istorioa! Beste askorendako, niretako, esaterako, istorio zabal eta luze baten katebegia da, tamalez.

Sestaon gertatu da, baina izan zitekeen Nantesen, Bristolen, Kieven edota beste leku askotan. Azkenean, eskuina leku guzietan dago. Oso barrutik ateratzen zaizkie halakoak, hala pentsatzen dutelako eta kanpotik etorritakoen kontrako sentimenez trafikatzea aspaldiko negozio politikoa dutelako. Krisi egoeretan, errudunak bilatzen ditu jende askok eta sistemak ahalegin handiak egiten ditu ardurari ihes egin eta faktura beste batzuen eskuetan uzteko. Etorkinak izaten dira bildutako gorroto eta haserreen helburuak, sarri, arrazoi ezberdinengatik, baina era berezian, errentagarria gertatzen zaiolako eskuinari gauzak horrela egitea.

Ederki maneiatzen dituzte pertsonengan errotuta dauden joerak. Adibidez, ezberdinen aurreko itxikeria. «Barbaro» hitzak ederki islatzen du gorroto sakon eta zahar hori. Bestela bada ere, gurean ere «erdara» hitza dugu, kanpokoen aurreko errezeloa adierazten duena. Jakina, handi menperatzailearen jarrera harroa eta bere burua nekez defendatzen duen txikiaren harresitxoa gauza ezberdinak dira, baina, sakonean, esan bezala, bestearekiko-besteekiko beldurra dago. Beldur hori, zapuzketa politiko eta desorientazio ideologikoaz batera, arriskutsua da, eta lehergailu beldurgarria bihur daiteke.

Batzuek esaten zuten egunotan hainbat sare sozialetan Sestaoko alkatearen auziak ez ziola inolako kalterik egingo EAJri hauteskunde esparruan. Finean, hala pentsatzen dutela askok eta, beraz, ongi hartzen dituztela bere hitzak. Ez dakit hala izanen ote den, baina sakonera jo beharra dagoelakoan nago. Kontua ez da alkate hori edota txalotzen dutenak satanizatzea -kasu, gogorki kritikatu behar dira, baina satanizatzea beste gauza bat da-, baizik eta azpian dagoena behar bezala aztertzea. Zergatik pentsa- tzen dute horrela? Zergatik onartzen du jende askok horrelako portaera? Psikologia indibidual-kolektiboan daude gako batzuk, baina ideologian eta politikan nahi dut nik jarri azpimarra. Besteekiko, kasu honetan etorkinekiko, sentimenak interes politiko eta ideologikoen arabera astintzen dituzte, eta honek azterketa politikoa eskatzen digu.

Nabarmena da aldaketa sozialari bidea ixteko asmoa. Zenbait sentimen baliatuz, haserrea desbideratu eta sistemarako arriskutsuak ez diren bideetatik eraman nahi dituzte. Gainera, sentimen horiek zabaldu eta normaltzat hartzen diren heinean, eskuinaren ikuspegi eta kokapen egiturak errotzen dira. Eskuin pentsamendua nagusitzen da, finean.

Kezkagarria da eskuinaren ofentsiba. Horregatik, gehiago zabaldu baino lehen aurre egin behar zaio jendearen haserrea arrazakeriaren bidez kudeatzeko asmo zitalari. Denon eskuetan dago ditugun tresnak ofentsiba geldiarazteko baliatzea.