2015/04/13

Josu Iraeta
Idazlea
Kukua Aberri Egunean

Bere historiari begiratzenbadiogu, ezin uka EAJk badakiela egungo Estatutuari ukitu ikusgarri batzuk eginez eta Madrilekin duen «irmotasun lagunkoia» mantenduz babesle posibilista gisa berrestea lortzen duela

Espainiaren historian, erregimen edo sistema politiko bakoitzak izan duen esanguraz eta iraupenaz gaindi, oraindik ere irauten duena eta gailentzen dena Espainiaren etengabeko zentralismoaren porrot nabarmena da. Historian zehar, Espainiak bidegabekeria latzak egin ditu penintsulako aspaldiko nazionalitate entzutetsuak, kulturak, hizkuntzak eta ohitura politiko zein juridikoak desagerrarazteko asmoz. Baita bertako geografia diferentzialak, berezko ekonomia eta izaera bereziak ere.

Espainiaren dekadentzia, herri sustrairik gabeko estatu gisa, Errege-Erregina Katolikoekin hasi zen. «Galizia zigorraren gogortasunaren bidez menderatu nahia» izan zuten akats. Denbora batetik hona batzuek kanonizatu nahi duten kriminal bikote horrek Pardo de Cela mariskalari Mondoñedon burua mozteko agindua eman zuen (1483an), suntsitu egin zituen galiziar lurrak, kanporatu hango administrazioko buruzagiak eta gogor saiatu zen bertako hizkuntza eta kultura desagerrarazten.

Galiziako herriak 500 urtez pairatu dituen zigor gogorrak begi-bistakoak dira gaur ere. Espainiak, Estatu zentralista gisa, ezagutzen diren gobernabide guztiak probatu ditu, eta denetan huts egin du. Austriar erregeen monarkia zesaristak, borboitarren monarkia absolutista, Karlos III.aren despotismo ilustratua, baita monarkia sasi demokratiko-konstituzionala ere. Kuartelazoak barne, jakina. Diktadura zibil edo militar adierazpide guztiak jarri ditu praktikan, konde-dukearekin hasi eta Franco artekoan, Narvaezena eta Primo de Riverarena tartean zirela, eta beti porrot egin du.

Historia ikaragarri eta beltz hori nekez da bateragarria benetako demokrazia batekin, eta horren ondorio –baina ez bakarra– Galizia, Katalunia eta Euskal Herriaren egungo egoera. Espainiari ondo etorriko litzaioke bere historia berrikustea, begirada bere «Inperiora» itzultzea eta haren dekadentziaren zergatiak aztertzea.

Espainiar Estatua delakoa eusten duten benetako oinarriak azaldu ondotik, eta ustezko «beste» trantsizio politiko berri batera hurbiltzen ari garela dirudien honetan, espainiar Estatuarekiko harremanen esparru berri bat egiazki nahi dugunok ikusten duguna da ia 40 urte eta gero, orduko berberak agertoki bat ari direla prestatzen, eta, aldi hartan bezala, nazionalismo espainolak (PP-PSOE) Madrildik baimentzen duen kudeaketa mantendu eta interpretatzea lehenesten dutela bere egiazko pisu espezifikoa esparru libre eta subirano batean garatzea baino.

Urkullu jaunaren EAJk duela mende erdi baino gehiago Jose Antonio Agirrek eta Indalecio Prieto sozialistak protagonizatu zuten egoera bera berreditatu nahi du. EAJk badaki –beste askok dakigun bezala– datozen hauteskunde orokorretatik ateratzen den gobernua ez dela «hornituta» egongo, aurrekoak ez zeuden bezala, askatasunez eta demokratikoki adierazitako Euskal Herriaren borondatea onartu eta errespetatzeko. Argiago esanda, estatu ereduaren iraungitzeari aurre egiteko behar adina gaitasunik ez duela izango. Nolanahi ere, ez dirudi EAEn hurrengo hauteskundeak egin arte akordio esanguratsuak lortuko direnik. Egungo egoera politikoan, Lakuako hurrengo gobernuko lagunkide izango direnentzat ez dira oso komenigarriak, alderdien helburu partidistak kaltetuko lituzketen apetak –ez dezagun ahaztu– laino trinkoz estalita baitaude.

EAJri dagokionez, onartu beharra dago ezin hobeto ezagutzen duela bidea. Ez zaio interesatzen ezer aldatzerik, izan ere, Madrilen norbait ezker abertzaleari «kosk» egiteko prest dagoen bitartean, haren lana asko errazten da. Estatutuaren erreforma bultzatzean, bere proposamena «soilik» partzialki babesten dutenen artean kontra- esanak pizteko asmoz, Moncloan «nolabaiteko tentsioa» sorrarazten, ezker abertzalearekiko liskarra da bilatzen dutena.

Nire ustez, horregatik, sinestun berriaren karraz baliatzen ari da Urkullu jauna ahari-buru gisa, Lakuatik ezker abertzalearekiko distantziak markatu nahian, bere gaitasun politiko eta demokratikoa zalantzan jarriz. Bere historiari begiratzen badiogu, ezin uka EAJk badakiela egungo Estatutuari ukitu ikusgarri batzuk eginez eta Madrilekin duen «irmotasun lagunkoia» mantenduz babesle posibilista gisa berrestea lortzen duela. Eta «musika» horrek –gaur arte– dantzari asko izan ditu.

Ezker abertzalean pentsatzen dugu heldu dela jada ordua EAJk Ramon Sota erregionalistaren eta bere jarraitzaileen pentsamenduaren eragina gainditzeko; erabat baztertu behar du Euskal Herria eraikitzeko prozesuaren aurrean daraman jokabide bitarikoa. Euskal Herriak ezin duelako bere etorkizuna Moncloako alternantzia atzerakoi edo ez hain atzerakoi batean oinarritu.

Uste dut egiaren unea iritsi dela: helburu erreal eta beharrezkoak ekintza politikoaren garapenarekin bateratzeko unea. Proiektu baten sustraiak sendotzeko aukera emango duten formulak ikertu behar dira, proiektu horrekin euskal gizartearen gehiengo zabal bat ordezkatuz esertzeko aukera emango duena.

Dena dela, nik urrun ikusten dut, ez baitut aldaketarik sumatzen. Aberri Egunean betiko EAJ ikusi genuen. Ortuzarrek independentziari ateak itxi zizkion, eta Urkulluk, aldiz, ezker abertzalearen mezua oinarri, euskal nazioaren estatus berri bat aldarrikatu zuen. Beraz, betiko EAJ eta Urkullu jauna ere beti bezala, kukuaren pare, arrautzak besteen habian jarri eta gehiago kasurik ez.

Bide kaskarra, Iñigo.