Mertxe Mugika eta Asier Amondo
AEKren koordinatzaile nagusia eta Korrika arduraduna
KOLABORAZIOA

Ez gara menpeko perpaus izango

Sei hilabete igaro dira AEK-k 19. Korrika martxan jarri zuenetik. Oso egun berezia izan zen 2014ko azaroaren 6a, egun horretan aurkeztu baikenuen jendartearen aurrean 19. Korrika ardaztuko zuen leloa: “Euskahaldun!”. Izan ere, AEK-k oso argi du herri hau euskaraz eta euskaratik sortzeko ahalmena dugula herritarrok. Argi dugu sinesten dugulako norbanakoen eta jendartearen indarrean Euskal Herria euskalduntzeko, sinesten dugulako indar hori erabiltzeko gai garela.

Aipatutako egun hartatik aurrera, hurrengo sei hilabeteetan zehar, elkarlanean eta auzolanean aritu gara; Korrika Kulturala antolatu da hainbat herritan, 200 Korrika batzordetik gora jarri dira martxan, kolore eta jatorri desberdinetako ehunka eragilerekin biltzeko aukera izan dugu. Halaber, esan dezakegu jaso duguna –handik eta hemendik– poza, ilusioa eta emozioa izan direla nagusiki.

Bestalde, nola ahaztu Urepeleko hasiera? Milaka euskahaldunon uholdea! Xalbadorrek nekez pentsa zezakeen bere sorterrian hainbeste jende bilduko zenik. Ezbairik gabe, hasiera indartsua; eta karrerako gainontzeko egunetan berdintsua izan da. Maiz entzun da aurtengo karrera epikoa izan dela; euriari, hotzari zein elurrari aurre egin eta milaka euskahaldun atera da euskararen alde egitera. Milaka zoro zoragarri ibili dira, egunez eta gauez, euskararen lurralde osoan, nekatu gabe. Une zoragarriak bizitzeko aukera izan dugu: gazteak, adinekoak, jatorri eta pentsaera zein ideologia desberdinak elkartzeko gai izan gara. Korrikak iraun duen bitartean, batzen gaituena azpimarratu eta zabaldu da “Euskahaldun!” lelopean, eta bertan biltzen den mezuak (norbanakoen ahalegina, lege babesa eta hizkuntza politika egokien beharra, elkarlana...) aldekotasun zabala eta orokorra jaso du. Alabaina, batasun hori zalantzatan jartzen zuten uneak ere izan dira eta, gure uste apalean, aldarrikapen eta eskaera horiek une egokiagoak dituzte Korrikaren 11 egunak baino.

Korrika aurrekoak, hasierakoak eta karrera egunak aipatu ditugu aurreko lerroetan; baina, guztion oroimenean geratuko den bukaera itzela izan du Korrika honek. Batetik, bukaerarik jendetsuena izan delako; eta, bestetik, Lorea Agirrek idatzitako mezuak utzitako arrastoa izugarria izan delako. «Bagara nor!». Bi hitz hauekin laburbil daitekeen altxorra utzi digu aurtengo mezu egileak; baina, mezua esaldiz esaldi aletu behar da, hausnartu eta ondorioak atera; eta aurrera begira, Korrikan bildu garenok, euskahaldunok, abiatu beharreko estrategiak definitzera eta adostera eraman behar gaitu. Eta esan behar dugu bide horretan ez dutela batere laguntzen azkenaldian, hauteskundeen harira, entzun ditugun hainbat adierazpenek. Horregatik, euskara sustatzearen aldeko politikak jomugan jartzen dituztenen aurrean, badugu erantzuna: menpeko izateari utzi eta ahalduntze bidea hartu.

Korrikaren uholdea pasatu da. Orain aurrera begira jarri behar dugu Korrikak busti dituen espazioak berriro lehor ez daitezen. AEKren ustez, milaka aukera daude urratsak egiten segitzeko eta eragiteko. Euskararen geroa aurrean dugu, plazan eta euskaraz; horretarako, baina, beharrezkoa da behingoz lehiak alde batera uztea eta euskarari behar duen zentralitatea aitortzea eta ematea.

Areatzako plazan entzun genuen, Lorearen Agirreren ahotik, euskararen eta euskalduntzearen erronka kolektiboa dela. Guk, AEK-k, eskuak guztiz zabalik ditugu elkarlanerako. Are gehiago, gonbit zehatza luzatzen dugu herri honen administrazio guztiak euskahalduntzeko eta, hizkuntza politika ekintzaile eta egokien bidez, herritarren ahalduntzea eta euskaraz bizitzeko nahia lehenbailehen bideratzeko. Hemendik aurrera, Korrikaren indar metaketak, bizipozak eta aldarriek urrats berriak eta eraginkorrak egiten ahaldunduko gaituzte, beti ere, herri euskaldun bat sortzeko.

Aurreko hilabeteetan izan den indar metaketa zinez aintzat hartzekoa da. Urepeletik Bilbora bizi izandakoa baliatu behar dugu, eta 20. Korrikaren atarian gaudenerako, neurriak eta urratsak eginda izatea da AEKren nahia. Eta horretan jarriko dugu indarra: ikasleak erakartzen, ikasleak euskalduntzen, erabilera areagotzen eta horretarako guztirako ezinbestekoak diren diru-laguntza egokiak bideratzen. Eta hori guztia, gustatzen zaigun moduan, elkarrekin eta auzolanean, egin gura dugu. Izan ere, kontua egitea da, sortzea, ematea eta hartzea. Horrela bakarrik lortuko dugu menpeko perpaus ez izatea, menpeko izateari utziko diogu eta ahaldunduz euskahaldunko gara.

Korrikan izan gara nor, eta Korrika igaro ostean ere nor izaten jarraituko dugu: “Euskahaldun! bagara, bagara nor”.