Andoni ARABAOLAZA
PERTSONAIA

Dean Potter, argiaren eta airearen poeta hil egin da

Maitzaren16an hil zen 43 urteko eskalatzaile eta BASE jauzilaria, hegal-trajearekin egiten ari zen jarduera batean istripua izan ostean.Yosemiten dagoen Taft Point muinotik jauzi egin zuen Graham Hunt-ekin batera, eta dirudienez, paraxutak ez ziren zabaldu.

Bigarren astez jarraian, Dean Potter protagonista dugu. Pasa den astelehenean aipatu genizuen ultra climbing izeneko “kirolean” buru-belarri zebilela, eta Half Domen errekorra ezarri zuela. Igo eta jaitsi, betiere, korrika eta eskalatzen, 2 ordu eta 17 minutuan egin zuen.

Berri hori esan bezala, pasa den astelehenean jorratu genuen. Bada, bi egun lehenago, 43 urteko goi mailako eskalatzaile eta BASE jauzian espezialista handia zena istripu batean hil zen. Eta ez eskalatzen, baizik eta hegal-trajearekin eginiko jauzi batean.

Graham Hunt kidearekin batera, Yosemiteko Taft Point izeneko muinotik jauzi egin zuen. Gailur hori 2.300 metroko garaieran dago, eta antza denez, bi kirolari horien asmoa hegaldi edo jauzi arriskutsu bat egitea zen; hain zuzen ere, V forma duen estugune batetik igaro nahi zuten.

Baina, azkenean, jauzi hori oso emaitza ilunarekin bukatu zen. Antza denez, paraxutak ez ziren ireki. Gogora dezagun, BASE jauzia Yosemiten erabat debekatutako jarduera dela, baina Potterrek eta espezialista askok denbora luzez ranger-ei izkin egiten jardun zuten.

Potterri heriotza 43 urterekin iritsi zaio, eta BASE jauzia zein free BASE delakoan hasi zenetik, behin baino gehiagotan argitu zuen kirol horiek zuten arriskua: «Egiten ditudan jarduera hauek guztiak oso arriskutsuak dira, eta horregatik heriotzaren inguruan asko hausnartzen dut; hots, haren inguruan asko pentsatzen dut. Ez naiz gizabanako iluna, baina jakin badakit heriotza hor dagoela. Hori bai heriotza hain gertu dudanez, ohartu naiz egun ahal dudan hobekien bizitzen saiatzen naizela. Eite arriskutsu horrek indar positiboa gehitzen dit».

Ibilbide berezia

Esan dugun bezala, Potter joan zaigu, baina estatubatuarrak utzi duen ondarea handia da oso. Berez, bere ibilbidearen hasieratik eskaladaren munduan erabat harrapatuta ikusi genuen.

16 urterekin hasi zen eskalatzen; hain zuzen ere, bere kabuz eta bere etxearen ondoan zegoen granitozko pareta batzuetan. Horma horietan bakarkako eskaladak egin zituen, eta, modu batera edo bestera, eskarmentu hari esker estilo horretan espezialista egin zen. Aipatzekoa da Fitz Royko “Supercanaleta” bidea bakarka igo zuela.

Oso gaztetik, Yosemitera bizitzera joan zen, eta urteen poderioz Stone Monkeys izeneko taldearen “buru” egin zen. Eta Kapitainen batez ere makina bat jarduera egin zituen. Ondoren, Eigerren “Deep blue sea” bidean eginiko free solo-arekin ahoa bete hortz utzi gintuen.

Hori guztia gutxi ez eta, outdoor-eko beste diziplina batzuetan mugitu zen: slackline, highline, slackbase... Eta, jakina, heriotza aurkitu duen BASE jauzia.