Ariane KAMIO
DONOSTIA

«Euskal kultura» kontzeptu gisa; eztabaida betikotuari formulazio berria

«Posible da euskal kulturarik erdaraz eta frantsesez edo euskaraz bakarrik ote?». Ibai Iztuetaren tesiaren abiapuntuko galdera da eta «Cultura vasca VS euskal kultura» liburuan kaleratu berri du. Euskararen normalizazioa, asimilazio egoera, erresistentzia, identitatea. Hamaika begi jarri ditu aferaren gainean. Irtenbide gisa, galderaren planteamendua aldatzea, aterabiderik gabeko eztabaida betikotuari argigarritasun apur bat emate aldera.

Ramon Zallo eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. «Zallok Eusko Jaurlaritzaren babespean egindako lanetan beti adierazi izan du euskal kultura dela Euskal Herrian ematen den edozein espresio edo integrazioaren emaitza. Eta horren barruan euskarak eta erdarak bakoitzak bere lekua daukala. Eta Txillardegik, berriz, galdetzen zitzaionean zer den euskal kultura, erantzuten du definitzaile kritikoa hizkuntza dela eta euskaraz den hura euskalduna izango dela eta bestea ez». Bi autore horien diskurtsoak baliatu ditu Ibai Iztuetak (Zegama, 1977) “Cultura vasca VS euskal kultura” (Utriusque Vasconiae) alean, bere tesiaren argitalpenean. “Posible da euskal kulturarik erdaraz eta frantsesez, edo euskaraz bakarrik ote”, horixe bere abiapuntuko planteamendu nagusia, askabidean jarri duen eztabaidagai betikotua.

Galderaren zergatiari begiratuta, erantzunak ideologikoa behar du izan, bere ustez; «konturatzen zara asimilazio prozesu bat eta asimilazio horren aurkako erresistentzia indibidual zein kolektiboa bizi duen hizkuntza gutxituko herri subordinatu batean planteatzen den galdera tipikoetako bat dela». Eta ideologikoki erantzun behar denez, norberak hartzen duen posizioa aztertu behar: «Nik hartzen dudana da euskararen normalizazioaren aldekoa».

Hitzetik hortzera dabilen espresioa izanik ere, bi modutan ulertzen du berak. Batetik, euskal herritarren artean ezagutzak bermaturik egon behar lukeela –euskaraz zein gazteleraz hitz egiteko eragozpenik eza– eta, bestetik, euskal herritarren erabileraren aldeko hautuak ere normalizatua behar lukeela izan.

Bi diskurtso horien arteko kinka garrantzitsutzat jotzen du autoreak: «Gutxieneko baldintza batzuk ez badaude, bistan da erabilerak behera egingo duela. Baina kontuan izan behar da ere hautua egiteko orduan bi faktore nagusi direla oinarri-oinarrian: inguru soziodemografikoa eta identitatea, hizkuntza identitatearekiko nola bizi duzun edo alderantziz, identitatea hizkuntzarekiko nola bizi duzun».

Beste oinarri batzuk

Testuinguruari espresuki begiratu dio Ibai Iztuetak bere lanean, batez ere lehenengo zatian. Ondorioetarako edo irtenbideetarako aldia bigarren atalean zabaldu du. «Erantzunak baino gehiago esango nuke badagoela ahalegin bat ohikoak ez bezalako beste erantzun batzuk emango lituzkeen eztabaida baterako oinarriak jartzeko». Planteamendu aldaketa proposatzen du abiapuntuko itaunean. «Zallok eta Txillardegik euskal kultura zer den galdetzerakoan planteatzen dute ea euskarak zein toki betetzen duen euskal kultura edo identitatearekiko. Eta hor ikusten duzuna da formulazio horrekin hasieratik bertatik subordinatzen duzula hizkuntzaren posizioa kulturarekiko edo haren sinonimo den identitatearekiko. Eratorriko den erantzuna izango da beti herrena gurea bezalako egoera dagoen herri batentzat», aipatu du.

Harreman horren noranzkoa aldatzea du berak giltzarri, galdera beste modu batera egitea. «Zergatik ez dugu galdetzen ‘hizkuntzaren edo euskararen normalizazioa lor dadin zer izan beharko lukeen euskal kulturaren definizioak?’ edo ‘nola hitz egin beharko genuke euskal kulturari buruz?’, ‘nolakoak izan beharko lukete euskal kulturaren gaineko diskurtsoek?’».

Barricada euskal taldetzat jo behar da? Toti Martinez de Lezea euskal idazletzat? Eztabaidarako gai izan dira usu azken denboran komunitate desberdinetan. Iztuetak hala dio: «Tira, identitate kontuetan norbera zer den esatea, azkeneko hitza, norberari dagokio, ez besteri. Besteri azkeneko hitz hori errespetatzea eta onartzea tokatzen zaio. Printzipio hori ez da sekula ahaztu behar. Beraz, galdera horren erantzuna Barricadako nafarrek eta Toti Martinez de Lezea arabarrak daukate».

Eztabaida «emankorragoa» izate aldera, gako batzuk gaineratu ditu elkarrizketatuak, eta itaun desberdinak jarri ditu mahai gainean: «‘euskal talde’ eta ‘grupo vasco’ sinonimoak dira? ‘Euskal kultura’ eta ‘cultura vasca’ gauza bera dira? Joxe Migel Barandiaran euskal antropologoa da? Azken hau galdetzen dut Joxe Migel Barandiaranek, Toti Martinez de Lezea bezala, euskal hiztuna izan arren, argitaratu zuen gehiena, Toti Martinez de Lezeak bezala, espainolez argitaratu zuelako. Inportantea da nondik gatozen, non gauden eta nora goazen aintzakotzat hartzea, bai herri gisa bai ibilbide pertsonalei dagokienez, epai zorrotzegiak burutzeaz libra gaitezke-eta».

Ondorioetara helduta, «euskal kultura integrazioaren emaitza dela» adierazi du Iztuetak bere lanean; aldiz, «cultura vasca, culture basque frantsesa bezala, ongi erregistratuta dagoen asimilazio prozesu batean». «Auzi aski delikatua eta minbera da hau –jarraitu du–, halere, besteak beste sentimendu eta emozio sakonak ukitzen dituelako eta hizkuntza desberdinen arteko komunikazio zailtasunek sortzen dituzten gaizki-ulertu tamalgarriek gurutzatzen dutelako. Kontu hauei halako hurbilpen bat eskaintzen zaie liburuaren azken atalean».